Pozarren dago Irene Agirre bihar Donostiako udaletxeko balkoian bete behar duen karguarekin, bere aginduetara izango baitira danborrari gaztetxo guztiak. Urduri bai, baina bere eginbeharra behar den moduan egin eta ondo pasatzea du helburu. Familiak ere ez dio hutsik egingo eta bertan izango ditu guztiak adi-adi.
Zer dela-eta zu Danbor Nagusi? Nola egiten da aukeraketa?
Aurten eskolari tokatu zaio postu hori betetzea. Guztira bi pertsona baino ez ginen aurkeztu Danbor Nagusi izateko, mutil bat eta ni. Probak egin genituen; euskara proba eta danborrada gidatzekoak. Azkenean ni aukeratu ninduten.Noiz jakin zenuen berria eta zer sentitu
zenuen?
Abenduaren amaieran jakinarazi ziguten nor aukeratu zuten. Egia esan, sorpresa handia izan zen, mutila aukeratuko zutela uste bainuen. Poz handia sentitu nuen postu hori bete behar nuela jakitean, betidanik egin nahi izan dudan gauza izan baita.
Zure ametsetako bat zen, beraz.
Bai, aurretik ere eskolako danborradan irten izan naiz. Lehenik, kantinera gisa eta geroago bi urtez danborra jotzen. Baina Danbor Nagusi izatea beste kontu bat da. Nahi bai, baina ez dut nire burua inoiz balkoian imajinatu.
Zehazki, zer da bihar egin behar
duzuna?
Donostiako udaletxeko balkoian egongo naiz Jeneralarekin eta Easo Ederrarekin batera eta bertatik gidatuko ditut haur danborradako kide guztiak. Ondoren nire ikastetxeko lagunekin batera joko dut danborra.
Hori erantzukizun handia da gero!
Bai, baina aldi berean polita eta dibertigarria izango dela iruditzen zait.
Familiarentzat ere pozgarria izango da
noski.
Beraientzat ere oso pozgarria da ni Danbor Nagusi izatea, oso pozik daude guztiak eta gurasoak eta beste senide batzuk udaletxera joango dira bihar ni ikustera.
Zein gomendio eman dizkizute senide eta
lagunek?
Nire eginbeharra ahalik eta hobekien egiten saiatzeko eta, batez ere, ondo pasatzeko esan didate denek.
Nola prestatu duzu egin
beharrekoa?
Nire lagun batek danborrada bat zuzentzen du eta berak erakutsi dit apur bat nola egin. Eskolan danborradarako entseguak egiten ditugu eta bertan ere ikasi dut. Gainera, etxean ere aritu naiz entseatzen, musika jarri eta etxean daukadan makilarekin.
Gurasoak dituzu, orduan, irakasle eta
publiko?
Bai, eurek esaten didate ondo egin dudan edota zer hutsune ikusten duten.
Aste honetan erotu beharrean ibiliko zinen,
ezta?
Bai. Batetik azken entseguak izan ditut eta, bestetik, berriz, komunikabide ezberdinekin hitz egin behar izan dut, baina merezi du. -