«Presoen eskubideak edozein abagunetan errespetatu behar dira»
BILBO
Patxi Lopezek atzo egindako adierazpenen ostean, Askatasunak ez zuen erantzuteko aukera galdu. PSEko idazkari nagusiak goizean aipatu zuenez, ez zuen Gobernu espainolaren eta ETAren arteko bileren edukiei buruz GARAk atzo argitaratu zuen informazioaren berri. «Gobernu batek ez dio inoiz erakunde terrorista bati mahai gainean prezio politikorik jarriko», ziurtatu zuen Lopezek.«Denok ulertu genuen bakerako bide hori aurrera eta ondo bazihoan, kartzela politikaren flexibilizazio batez hitz egin genezakeela, baina betiere bakerako bideak aurrera eginez gero», esan zuen PSEko buruzagiak. Horren harira, Lopezek honakoa gaineratu zuen: «Hori posible izan ez denez, kartzela politikak terrorismoaren kontrako edukiaren beste pieza bat izaten jarraitu beharko du». Baina urrunago ere joan zen: «ETA bera izan da bere preso eta kideei bizkarra eman diena, bake prozesuaren eta kartzela politika ezberdin baten itxaropenak zapuztu baititu». Gauzak horrela, adierazpen horien aurrean Askatasunak prentsa adierazpen bat kaleratu zuen. Errepresioaren kontrako erakundeak esan zuenez, «azken 10 hilabeteotan PSOEren Gobernuak kartzela politika aldatu du». Izan ere, Askatasunaren ustez, aldaketa hori Juan Fernando Lopez Aguilarrek esandako esaldi batetan sostengatzen da, Justizia ministro espainolak adierazi bezala, «Ińaki De Juanarekin egin bezala, jende gehiago» inputatuko baitute «presoak kartzelatik irten ez daitezen». Amnistiaren aldeko erakundeak salatu zuenez, «politika horren helburua Euskal Herriari xantaia egitea da, presoen eskubideak trukerako txanponak balira bezala erabiltzea». Askatasunaren aburuz, «presoen kolektiboaren eskubideak edozein abagunetan errespetatu behar dira». Halaber, «prozesu batean presoen eskubideak» ezin direla «negoziazio elementuak izan» adierazi zuen. Bere ustez, Ińaki De Juana preso donostiarra «torturapean erailtzea eta gaixotasun larriak dituzten presoak edo ezarritako zigorra bete dutenak kartzelan mantentzea Gobernu espainolak mendekuan eta xantaian oinarrituta egiten duen kartzela politika hiltzailearen adibide dira».
«Izaera politikoa onartzea»
Politika horiek, Askatasunaren iritziz, «Gobernu espainola porrotera soilik eraman dezakete». Beraz, errepresio- aren kontrako erakundearen ustez, «gatazkaren izaera politikoa onartzea konponbidearen gakoa da».Are gehiago, bere iritzian, «PSOEk urratsak egin behar ditu herri hau aitortzeko eta baldintza demokratikoen bitartez Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat prozesu bat abian jartzeko».
|