Eskolak euskaldundu dezan dinamika berria abian
Eskolak euskal ikasleei euskaraz jakitea bermatzearren, makina bat ekimen egin du Eskolak Euskaldundu plataformak. Iaz, 107.768 sinadura eskuratu zituen, eta erakundeetara jo zuen. Horien jarrera kezkagarritzat eta gaur egungo unea «garrantzitsutzat» jo ditu, eta dinamika berri bati ekin dio plataformak.
ANDOAIN
Euskal Herriko ikasle orok euskaraz eskolaren bidez jakin dezaten, dinamika bat abiatu du Eskolak Euskaldundu plataformak. Eragile horren aburuz, iaz lortutako 107.768 sinadurek argi adierazten dute gizartearen gehiengoak eskubide hori bermatzeko exijitzen duela. Hortaz, aurtengo ikasturtean urrats bat harago joan nahi izan dute, eta mobilizaziorako eta konpromisorako deia egin diote euskal gizarteari.Kontseilua, Euskal Konfederazioa, IKA, AEK, Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Topagunea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Sortzen-Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak, LAB, Euskal Herriak Bere Eskola (EHEB) eta Hik Hasi eragileek egin dute bat orain artean dinamikarekin, eta haien izenean, Mikel Irastortzak eta Idoia Ormazabalek hartu zuten hitza atzoko ekitaldian. Eskuratutako sinadurak hainbat erakunderen esku jarri ostean, haiekin biltzen ahalegindu direla azaldu zuen Ormazabalek. Udalbiltzarekin, Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) eta Nafarroako Gobernuarekin izan dituzte bilerak; Lakuako Gobernuak, aldiz, behin baino gehiagotan haiekin biltzeari uko egin dio.
Jarrera kezkagarria
Bileretan lortutakoa «kezkagarria» izan da Eskolak Euskaldundu osatzen duten kideentzat, eta «herritarrek eskatzen dutena entzuteko borondate politikoa eta horiei zor zaien errespetua» eskatu zuten.Euskal Herrian gaur egungo unea garrantzitsua dela nabarmendu zuen Mikel Irastortzak. Haren aburuz, inoiz baino agerikoagoa da euskalduntzearen aferan egungo politikak ez direla baliagarriak izan. Zenbait administraziotan bilakaera gertatzen ari dela ere adierazi zuen Irastortzak, eta hainbat adibide eman zituen. Lehenik eta behin, iazko Nazio Eztabaidan, eskolak euskaldundu dezan elkarlanean oinarritutako estrategia zehazteko eta garatzeko erabakia hartu zutela gogorarazi zuen. Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagokienez EEPk onartutako Hizkuntza Politika Proiektuak praktikan ikasleen euskalduntzea baztertzen duela adierazi zuen Irastortzak. Nafarroa Garaian, berriz, ikasturtean izango diren hauteskundeek zeresana izango dutela adierazi zuen. Azkenik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Gasteizko Legebiltzarrean ereduen politikaren inguruan otsailean egingo duten eztabaida Irastortzak «aukera historikotzat» jo zuen. Baina arriskuz beteriko unea ere badela esan zuen. Horiek hala, eskolak euskaldundu dezan gizarteak egin dezakeen lana da giltza Eskolak Euskaldundu plataformaren iritziz. Hortaz, mobilizaziorako deia egin zuten.
Konpromiso eta mobilizaziorako eskaria
- Eskualde eta herri batzarrak egingo dituzte datozen asteetan, eta tokiko dinamika zehaztea izango dute xede.- Otsailetik aurrera, matrikulatze kanpainekin batera, mobilizazio eta sentsibilizazio dinamika egingo dute, tokiko ahalik eta eragile eta herritar gehiena inplikatzeko. - Martxoaren 10ean ekitaldia izango da Donostian, dinamika guztiari aterkia eskainiko dion ekimena.
|