DONOSTIA
Herriko plazetan edota kiroldegietan izaten diren bertso saioak Internet bidez zuzenean ikusteko aukera da Bertsoa.com webguneak eskaintzen duen berritasun nagusia. Jexux Mari Irazu bertsolariak bultzatu du ekimena eta bertsogintzari bide berriak zabaltzea du xede nagusia. Horretarako, zuzeneko emanaldiez gain, beste «esperimentu» bat dute buruan: bertso eskola digitalarena, hau da, bertsotan etxeko ordenagailutik bertatik trebatu ahal izateko eskola, ingelesa edota unibertsitateko ikasketak sarearen bidez egiten diren moduan.
Doinuak eta ideiak zelan landu, puntuei erantzuteko moduak, ofizioka zelan moldatu... Erantzunak aurkitzen lagunduko dioten adibideak eskuratu ahalko ditu bertso ikasleak bideoetan.
Leku desberdinetan dauden bertsolariak sarearen bidez birtualki batu eta saio batean baleude bezala kantatzeko aukera bideokonferentzia baten antzera ere aztertzen ari dira.
Horretaz gain, bertso saioen agenda, bertsolarien fitxak, gogoeta foroak, argazkiak eta bertsoak idatzita eskainiko ditu atzo aurkeztutako webguneak. «Norbaiti Lizasoren bertsoak izugarri gustatzen zaizkiola, jo dezala, bada, ‘bertsoa.com’era. Klik egin eta berehala agertuko zaizkio», azaldu zuen Aitor Ubarretxenak, Info 3ko zuzendariak. Komunikazio enpresa hori Irazuren ekimenaren arlo teknikoaz arduratu da.
Webguneak ikus-entzunezko formatuak eskaintzen ditu gehienbat. Adibidez, Maialen Lujanbio eta Judith Montero bertsolariei eginiko elkarrizketa baten bideoa ikusteko aukera dago, edota Andoni Egañari Gipuzkoako Diputazioko Urrezko Domina eman ziotenekoa.
Bertsoa.com ekimena ez da berrietan berriena, Irazuk onartu zuenez. Aspalditik Bertsolari Elkarteak bertsogintzari buruzko informazio osatua eskaintzen du sarean. Zenbait hedabidetan ere zuzeneko saioak eta albisteak emititzen dituzte, eta bertso eskolek zein bertsolari batzuek ere webguneak dituzte.
Webgune berriaren ekarpen nagusia, hortaz, hori guztia toki berean bildu eta ahalik eta arinen eskaintzea da. Internetek, gainera, abantaila handiak ditu, Irazuren berbetan. «Bertsoa, azken finean, ikus-entzunezko produktua da», adierazi zuen. Sarean, gainera, ez dago espazio arazorik. «Hori abantaila handia da plazaz plazako bertsoak zabaltzeko», erantsi zuen.
«Jarri zure bertsoak»
Beste atal bat “Jarri zure bertsoak” izenekoa da. Plaza digitala plaza librea da eta nahi duenak bere lana zabaltzeko modua izango du.
Bestalde, bertsolariaren sormen lana gordetzeko euskarri bat izateko asmoa du Bertsoak.com webguneak. «Bertsolariok ez dugu liburu edo diskorik gure sormen lana eta ibilbidea jasotzeko», esan zuen Irazuk. «Horregatik pentsatu nuen nire bertso lana bildu, antolatu, zabaldu eta kudeatzeko gune bat behar nuela. Ez nirea bakarrik, baina nirea ere bai», argitu zuen. Bertsolariek, oro har, harrera ona egin diote ekimenari. Beren bertsoak zabaltzeko ez dutela trabarik ipini baietsi zuen Irazuk.
Zuzeneko emanaldiei dagokienez, aurten 50 inguru eskaintzeko asmoa du Irazuk, hilaren 27an Donostian izango den Bertso Eguna barne. Zuzenean ez, baina 300 bat ekitaldiren bertsoak eskura jarri nahi dituzte.
Hori kudeatzea eta egunero webgunean agertzen diren datuak eguneratzea lan itzela da. Horretaz Irazu arduratuko da, baina Bertsozale Elkartearekin elkarlanean arituko da, batez ere emanaldien grabazioak eskuratzeko.
Teknologiaren abantailak abantaila, plazan bertan bertsoak entzuteak ematen duen gozamena Interneten islatu ezin izan dutela aitortu zuen Irazuk.