- European Challenge
Avironek ongi nahi du amaitu Europako lehia
BAIONA
Avironek itxuroso amaitu nahi du Europako lehiaketa, eta horretarako Newport Dragons taldea menderatu nahi du gaur iluntzean 20.30etik aurrera lehen faseko azken neurketan. Partida Jean Dauguer zelaian jokatuko dute.
Zuri-urdinek jadanik ez dute hurrengo fasea jokatzeko aukerarik, baina nahia azkeneko postutik ihes egitea izango da. Lehenengo asmoa, halere, partida on bat egin eta itxura ona ematea izango da.
Avironen benetako erronka Ligan dago, eta azkenaldian lortzen ari den emaitzak kontuan hartuta itxaropen handiagoa dute. Jendeak ere gaurko partida baino gehiago dauka buruan datorren ostiralean Montpellierren jokatuko duten neurketa.
Ohikoak diren jokalariak eta horren ohikoak ez direnak arituko dira gaurko partidan. Avironen entrenatzaileak proba batzuk egin nahi ditu, eta gaurko partida primeran etorriko zaio. Gaur irabazteak ere indarra emango lioke, azkenaldian jokatu dituen neurketa guztiak bereganatzen ari baita, eta Dragons mendean hartzeak ilusio handia sortuko luke.
Hamabostekoak ere erabakita daude, eta azken orduko aldaketarik ez bada, honako hau izango da Avironek aurkeztuko duen taldea: Fromont, Lhande, Dourthe, Iñigo, Thierry, Vermis, Rouet, Coetzee, Laurent, Tomuli, Linde, Rudzki, Davies, Massabeau eta Baget. Hegi, Iginitz, Tewhata, Bergez, Hegarti, Berberian eta N’Gog aulkian geratuko dira.
Dragonsen hamabostekoa, berriz, honako hau izango da: Morgan, Wyatt, Emerick, Smith, Brew, Sweemnes, Walker, Black, Daly, Harrison, Gough, Charteris, Charvis, Ringer eta Owen.
|