- Sokatira
Euskaldunak Herbehereetara joan dira
DONOSTIA
Euskal Herriko taldeek nazioartean lehiatzeko duten aukera bakarrenetakoa dute honakoa. Izan ere, gaurtik aurrera Herbehereetan arituko dira hango talde batek antolatu duen torneo batean, nahiz eta NazioartekoFederazioa euskaldunak kanpoan uzten ahalegindu den.
Berriozar, Sokarri, Abadiño eta Auzolan dira mutiletan joan diren taldeak, eta Girizia eta Gaztedi nesketan. Herrialde askotako taldeak dira bertan. Besteak beste, Herbehereak, Irlanda, Ingalaterra, Eskozia, Suitza, Gales eta Suediako partaideak izango dira. Lehiaketak gaur hasiko dira eta igandera arte luzatuko dira.
Euskaldunak azkeneko urte hauetan ez dira nazioarteko lehiaketa ofizialetan aritu. Horretarako, estatu espainolaren edo frantsesaren izenean bakarrik joan daitezke, horixe agintzen baitu Nazioarteko Federazioak. Euskal taldeek baldintza horietan joateari uko egin ziotenez, ez diete parte hartzen utzi.
Lehiaketa horretarako, ordea, Nazioarteko Federazioak gutun bat bidali die taldeei euskaldunak bertara baldin badoaz ez parte hartzeko eskatzeko. Presio horren inguruan, talde batzuek uko egin diote torneo horretara joateari, gerora izan daitezkeen ondorioak ekiditeko asmotan. Hala ere, antolatzaileek aurrera egin dute, eta lehiaketa pribatu bat denez, ez diote kasu handiegirik egin Nazioarteko Federazioak esandakoari, eta euskaldunei bertaratzeko deia luzatu diete. Hala, antolatzaileak bezalaxe, beste herrialdeetako beste hainbat talde ere han izango dira.
Han dira jadanik euskaldunak, eta gaurtik aurrera saiatuko dira lan on bat egiten. Abadiño Euskal Herrian jaun eta jabe izan da, eta duen taldea, gainera, eskarmentu handikoa denez gero, ez litzateke harritzekoa izango pisu batean baino gehiagotan goiko muturrean ikustea. Beste taldeak ere lan polita egiten saiatuko dira. Hala ere, guztiaren gainetik, eta ofizialki ez bada ere, nazioartean lehiatzeko aukera dute, eta garrantzitsuena, berriz, beste hainbat taldek erakutsi dieten babesa izan da.
|