GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-24
«Aho zabalik» uzteko moduko Bertso Eguna antolatu dute
1968an lehen aldiz egin zutenez geroztik, urtero-urtero, San Sebastian inguruan, Bertso Eguna egiten dute Donostian. Aurten ez da salbuespena izango, eta datorren larunbatean Kursaaleko auditoriuma bertsozalez beteko da. Saioa «Aho zabalik» izenarekin bataiatu dute Bertso Elkarteko antolatzaileek. «Izan ere ­adierazi zuen atzo Jon Maiak­ bertaratzen direnak aho zabalik uztea dugu helburu, eta ez gaur egun hain modan dauden parafernalia eta su ikusgarrien bidez, hitz biluziaren magiaren bidez baizik». Langintza horretan, Ander Lipusen laguntza izango dute.

DONOSTIA

«Bertsoa ­nabarmendu zuen Maiak atzoko aurkezpen prentsaurrekoan­ hitzekin malabarismoak egitea da, hitz-jokoak egitea; komunikatzea; bertsoa, neurri batean, behintzat, entzulearen emozioak eta usteak manipulatzea ere bada. Beraz, oroz gain, hitzaren ikuskizuna da; hitza da bertsolarion baliabide nagusi eta ia bakarra, eta ardatz horren inguruan egituratu dugu Bertso Eguna eta batik bat Bertso Eguneko ekitaldi nagusia, Kursaalekoa, alegia».

Alde horretatik, ohartarazi zuenez, ekitaldiko filosofia bertsolariek astero-astero egiten dituzten saioetako berbera da. Hala ere, Bertso Egunean ahalegin berezia egin beharra dago. «Alde batetik ­esan zuen Maiak­, bertsozaleontzat urteko hitzordurik seinalatuenetako bat delako, eta, bestetik, Kursaalen egin genuen lehen urtean bertan konturatu ginelako eraikinaren tamainako ikuskizuna sortu beharra zegoela. Ez da erraza. Gainera, jendea, zorionez, ohitu egin da Bertso Egunean ezohiko emanaldi bat ikustera. Beraz, exijentzia maila oso handia da».

Kursaalen tamainako ikuskizuna prestatzeko langintzan, aurten Ander Lipus antzerkilariaren laguntza izan dute. Lehen ere bertso-kontuetan ibilia da Lipus, eta bera izango da larunbateko ikuskizunaren gidari eta aurkezlea.

Bestalde, ekitaldian, bertso saioak ez ezik, besterik ere izango da, ohi bezala. Esaterako, “Gu ta gutarrak” ekimena aurkeztuko dute Igor Elortzak eta Unai Iturriagak. Elortzak berak GARAri adierazi dionez, ekimena orain dela urte batzuk hain harrera ona izan zuen “Zazpi eskale”ren arrastoan doa, baina hark baino gehiago izango du horrek bertsolaritzatik. «‘Zazpi Eskale’renak kantak ziren, eta hauek, berriz, bertso sortak, emanaldi batetik bestera alda daitezkeen bertso sortak, gainera», nabarmendu du. Musikatze lanak ere apalagoak izango dira, bertsoen protagonismoari itzala ez egiteko. Dena dela, musika aldetik ere ondo armatutako ekimena da, alor horretan Josu Zabala (soinu handi eta txikia), Aitor Rubio (gitarra) eta Xanpe (perkutsioa) arituko baitira. “Gu ta gutarrak”en estreinaldia larunbatean egingo baldin badute ere, herriz herriko ibilbideari Korrika Kulturalaren barruan ekingo diote Elortzak, Iturriagak eta gainerakoek.

Goizean, Parte Zaharrean

Aurten Bertso Eguna ez da arratsaldeko seietan hasiko, eguerdian baizik, Parte Zaharrean. Hainbat bertsolari gaztek sortu berri duten Hamaika Bertuteko kideak arituko dira Donostia Kantuz-en itzalean. «Donostia Kantuz ­gogoratu zuen atzo Maiak­ hilean behin euskal kantak kalez kale kantatzen dituzten berrehun bat lagunek osatzen dute».

Bertso Eguna gaueko afariak biribilduko du, ohi bezala. 21.00etatik aurrera izango da, Kursaaleko Martin Berasategi jatetxean.

Kursaaleko ekitaldiko sarrerak 15 euroan daude salgai. Ekitaldira eta afarira joateko txartelak, berriz, 40 euroan. Horietatik bakarren bat geratzen omen da oraindik. Interesa dutenek jo dezatela lehenbailehen 943-217798 edo 943-314031 telefonoetara.



Kalez kaleko saioetatik afalosteko festara
Bertso Eguna ez da arratsaldeko seietan hasiko, eguerdian baizik.

Kalez kale - Hamabietatik ordu biak arte Hamaika Bertute bertsolari gazteen ekimen sortu berriko kideek, bikoteka, Parte Zaharreko txoko desberdinetan kantatuko dute, Kantu Jirarekin batean. Kantu Jira azken urteotan berebiziko indarra hartu duen ekimena da. Berrehun lagun inguru hilean behin bildu eta Parte Zaharrean barrena ibiltzen dira kantari.

Ongietorria - 17.15etik 18.00ak aldera arte, Kursaaleko atarian bertan, Sustrai Colinak eta Anjel Mari Peñagarikanok ongietorria egingo diete auditoriumera bertaratzen direnei.

Aho zabalik - Kursaaleko ekitaldia seietan hasiko da. Osagarri desberdinak izango ditu. Bat-batean, Amaia Agirre, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Xabier Paya eta Xabier Silveira arituko dira. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak, berriz, bertso musikatuak kantatuko dituzte, Josu Zabala lagun. Txan magoak eta Aitor Agiriano musikariak ere tartetxo bat izango dute. Den-dena, Ander Lipusen gidaritzapean.

Afaria eta festa - Afaria Kursaaleko Martin Berasategi jatetxean izango da, 21.00etatik aurrera. Batez beste, 700 afaltiar espero dituzte. Ondoko festan, honako hauek hartuko dute parte: Jokin Sorozabal eta Xabier Amuriza; Emetik kabareta (Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra eta Oihane Perea); Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze; Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue; Eñaut Agirre (bertso jarriak), Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikagileekin; Iñaki Apalategi eta Aitor Sarriegi; Larrañaga eta Lizarraga trikitilariak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Parecía que los forales querían hacer una demostración de fuerza en ‘lo viejo’ de Iruñea»
Euskal Herria
La AN anuncia una decisión sobre De Juana hoy tras el informe médico que alerta del riesgo de muerte
Mundua
La UE subraya que Kosovo no debe sentar precedente para otros conflictos
Kultura
«Aho zabalik» uzteko moduko Bertso Eguna antolatu dute
Kultura
«Eramos pocos», de Borja Cobeaga, disputará el Oscar al mejor cortometraje
Kirolak
«Con todo lo malo, si ganamos el domingo estamos a tres puntos»
Jendartea
El primer temporal invernal viste de blanco gran parte del país
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss