GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-24
Telebistarako zinemaren aniztasuna ikusgai Biarritzen gaurtik aurrera
Arratsaldeko zortziak aldera abiatu zuten atzo Biarrizko telebistako ekoizpenen jaialdia. Nazioartean 2007 urterako egin dituzten nobedade guztiak ikusteko aukera emanen du jaialdiak bost egunez. Fikzioaren, dokumentalen, erreportajeen, serieen, musikaren eta ikusgarrien inguruko produkzioak edo film laburren sailean telebistarako egiten diren obren aniztasuna nabarmenduko da Biarritzen egun horietan. Atzo, berezitasun hori epaimahaiak aurkezpenean aipatu zuen.

BIARRITZ

Biarrizko ikus-entzunezko jaialdian bost egunean agertuko den kultur aniztasuna nabarmendu zuten atzo sei ataletako epaileek.

Errusiako, Libanoko, Georgiako, Estatu frantseseko, Italiako, Kanadako, Estatu espainoleko, hau da, nazioarteko herri gehienetako ordezkariak izan ziren atzo epaimahaia aurkeztu zutelarik.

Orotara, lehiaketan diren sei ataletan, hogeita hamar bat epaile biltzen ditu FIPAk, eta bost egun horietan sailez sail aurkeztuko dituzten obren artean onenak aukeratu beharko dituzte.

Epaile horien artean, Nino Kirtadze Georgiako zinemagilea dago, eta aurreko urteetan dokumental eta erreportaje lehiaketetan filmak aurkeztu zituen. 2005ean, “Nire lagunei esaiezu zendu naizela” dokumentalari esker, urrezko FIPA eskuratu zuen.

Erreportaje handien epaimahaiaren lehendakari izendatu dute aurtengo ediziorako, eta, film bat bukatzekotan zegoen arren, Biarrizko jaialdira bertaratu da Nino Kirtadze.

Fikzio eta dokumentalak

«Epailea izatea beste gauza bat da. Lasaiago nago. Aurten aurkeztu diren obrak ikusteko gogoz etorri naiz. Horrek gure lana beste era batez ikusteko aukera ematen digu», adierazi zuen epaimahaiko lehendakariakaurtengo egitekoaz.

Azalduak diren filmen kalitatetik at, epaimahaian horrenbeste nazionalitate ordezkatuta egoteak ikuspegi asko eskainiko duela nabarmendu zuen Kirtadzek.

«Herri batetik edo bestetik etorritako film batek teknikan eta estetikan sentimendu ezberdinak sortuko ditu. Jatorriko kulturak eragina du film bat jasotzerakoan. Alde horretatik, interesgarria iruditzen zait, zinemagile naizen aldetik, filmak nola hartzen diren aztertzea. Epailea izan edo ez izan, beti ikasten da zerbait esperientzia berrietan», bukatu zuen esaten epaimahaikideak.

Atzo, arratsaldeko zortziak aldera, Biarrizko Gare du Midi aretoko taularen gainean hogeita hamar bat epaile agertu ziren, eta horren bidez kultur aniztasuna indarrean atxiki nahi dutela aipatu zuten antolatzaileek. Aretoa ikuslez gainezka zegoen. Epaileak aurkeztu ondoren, jaialdia zabaltzeko aurten aukeratu duten fikzioa proiektatu zuten: Gabriel Range zinemagilearen “Death of a President”. George W. Bush Ameriketako Estatu Batuetako lehendakariaren heriotza kontatzen duen obra hori proiektatzeari uko egin diote zinema areto zenbaitetako arduradunek, baina FIPAk hori emanda zabaldu ditu ateak. Jaialdiak agertzen dituen obren berezitasunaren eta aniztasunaren adierazgarri izan zen, beraz, atzoko ate-irekitzeko fikzio hori.

Polemikatik at, bost egunez, nazioarteko film ugari ikusten ahalko da Biarrizko hainbat zinema aretotan. “Death of a President” lehiaketan dagoen lehendabiziko fikzio lana da, eta gaur ere, sail horretako beste hainbat obra ikusten ahalko dira: Israeldik “Ringo ve Taher” Jony Arbid-en filma etorri da; Egiptotik “Goozor” ekarri dute, Mohamed Salah zinemagileak bakartasunari buruz egindako fikzioa; eta Lord Longford Ingalaterrako lehen ministro ohiaren bizia kontatzen duen “Longford”, Tom Hooper zinemagilearen lana.

Dokumentalen sailean, besteren artean honako lan hauek proiektatuko dituzte bihar: “Bokura wa Gyokusai Shinakatta Shounen” Japoniako Saipan herrian bizi izandako gerla garaiko lekukotasunari buruzkoa; Itailako “Un mundo perfetto” Mexikoko Menoniten komunitateari buruzko obra; eta azkenik, Mexikori buruzko “Super amigos” obra.



«Munduko edozein bazterretan, beti izanen dira kalitatezko irudiak»
Pierre-Henry DELEAU | Jaialdiko zuzendari artistikoa

Pierre-Henry Deleauk, FIPA jaialdiko zuzendari artistikoak, filmak hautatzen ditu. Bere ustez, ezinbestekoa da jaialdiaren bidez nazioartean ekoizten diren obren ikuspegi orokorra izatea.

­Hogei urte betetzen ditu aurten FIPA jaialdiak. Etapa garrantzitsua da jaialdi baterako...

Oro har, FIPA jaialdia garapen ona ukaten ari dela erran daiteke. Urteen arabera, herri batean gauzak ongi doazela eta beste batean ekoizpenak moteltzen direla ikusten dugu. Herri bakoitzak bilakaera ezberdina du. Adibidez, aurten, Estatu espainolean produkzio gutxiago dago, diru gutxi eman zaiolako. Estatu frantsesean, berriz, aurten produkzio onak atzeman dira, alta, aurreko urteetan ekoizpenak gutxitzen ari ziren. Beraz, hala edo nola, irudiak beti izango ditugula esan daiteke. Eta, ongi bilatuz gero, nazioarteko edozein bazterretan kalitatezko lanak atzematen dira. Ni etorkizunari begira baikor nago.

­Alta, jaialdian ikusten direnak ez dira beti telebistan agertzen. Horrek ez al du geroan produkzioa pobretuko?

Espero dut gauzak aldatuko direla. Ezinbestekoa da telebistek filmak aukeratzerakoan eskaintza zabaltzea. Eta, horretarako, etengabe beste herrietan egiten dena azaldu behar zaie. Noizbait, Errusiako edo Japoniako telebistetarako produkzio bat Europako telebistetan ikusten ahalko dela espero dut. -

A.B.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Parecía que los forales querían hacer una demostración de fuerza en ‘lo viejo’ de Iruñea»
Euskal Herria
La AN anuncia una decisión sobre De Juana hoy tras el informe médico que alerta del riesgo de muerte
Mundua
La UE subraya que Kosovo no debe sentar precedente para otros conflictos
Kultura
«Aho zabalik» uzteko moduko Bertso Eguna antolatu dute
Kultura
«Eramos pocos», de Borja Cobeaga, disputará el Oscar al mejor cortometraje
Kirolak
«Con todo lo malo, si ganamos el domingo estamos a tres puntos»
Jendartea
El primer temporal invernal viste de blanco gran parte del país
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss