Mepamsako langileak «babesik gabe» daude gaur erantzuna jaso bitartean
Mepamsa enpresak 2007. urtean Noaingo ekoizpena Zaragozara eta Bartzelonara eramango duela jakinarazi du, eta bertako 190 bat langile «larrituta» eta «etsita» daude. Epe motzera duten itxaropen bakarra gaur lantokiko jabe Franke multinazionalak emango dien erantzuna da. Ekoizpena eramatearen erabakia berriz ere aztertzeko eta industria plana egiteko eskatu dute, eta orain enpresaren erantzunaren zain daude langileak.
NOAIN
Mepamsa lantokiko jabe Franke Suitzako taldeak gaur bertan bilera du enpresa batzordeko kideekin 15.00etan, eta hor emango dien erantzunaren zain daude Noaingo enpresako langileak. Joan den ostiralean Noaingo enpresa batzordeko ordezkariak Bartzelonan izan ziren Franke Españaren zuzendaritzarekin hitz egiten, eta bertan, ekoizpena Zaragozara eramateko erabakia berriz aztertzeko, industri plan bat aurkezteko eta «gama altuko produktuak egiteko inbertsioak» Noinen egin ditzatela eskatu zieten. Franke Españak, ordea, eskaerak Zuricheko zuzendaritzari helarazteko esan zien eta erantzuna gaurko izateko konpromisoa bakarrik hartu zuen.Alde horretatik, Nafarroako UGT sindikatuko Metalgintzako arduradun Lorenzo Riosek azaldu zuen langileak «larrituta» eta «nahiko etsita» daudela. «Enpresak orain arte ez du duela aste batzuk egindako itxiera iragarpena ezeztatu, ezta gutxiago ere, eta, ondorioz, babesik gabe daudela iruditzen zaie», adierazi zuen. Enpresako langileek hamar minutuko elkarretaratzea egin zuten Noainen atzo, lantoki parean, eta «Franke, Mepamsa ez da itxiko» leloa babestu zuten. Enpresa batzordeko lehendakari UGTko Luis Sotok esan zuen elkarretaratzeak ez duela ekarriko mobilizazio gehiago. Gaur Suitzako taldeak emango dien erantzunaren zain dauden bitartean, «langileen tentsioa mantentzeko ekintza» besterik ez dela adierazi zuen. Riosek, dena den, pazientzia izan behar dela esan zuen, bere ustez, gaurko erantzunaren aurretik ezin baitaiteke ezer esan: «Ezin diegu benetako gertaerei aurrea hartu. Egia da biharko (gaurko) erantzuna guretzat negatiboa bada, langileek erantzuteko neurriak jarri beharko dituztela martxan; elkarretaratzeak, grebak eta horrelakoak, baina hori bihar emango duten erantzunak baldintzatzen du». Azkenean enpresak zabaldutako berria beteko balitz eta ekoizpena Zaragozara eta Bartzelonara eramango balute, 190 bat langile kalean geratuko lirateke Nafarroan, «nahiz eta han ekoizpena ez den merkeagoa izango», Riosek argitu zuenez. «Mempasako langileen artean 100 bat pertsonak 52 urte baino gehiago dituzte. Horientzat oso zaila izango da beste enpresa batean lanean hastea», adierazi zuen Nafarroako UGT sindikatuko Metalgintzako arduradunak.
|