Ekai Txapartegi - Filosofoa
ETAren kontraesana eta «Espainiaren Arimaz»
ETArena kontraesan nabarmena izan da. Edo «su-eten iraunkorrak» beste esanahi bat du haien hiztegian edo, bestela, hizkuntza bera hitz egiten badugu, kontraesana da su-eten iraunkor batean horrelako atentatu bat egitea. Onar dezagun kontraesana izan dela. Orduan, zer? Intelektual organikoek dioten moduan, ETA erotu da? Hasteko, datu gisa, erakunde klandestino eta pertsegitu bati ezin diezaiokegu eskatu gainontzeko erakunde politikoei eskatzen diegun estandar erreflexibo bera. Hausnarketa, batzuek eta besteek, baldintza ezberdinetan egiten dutelako. Ez dakit zeintzuk diren baldintza horiek baina ziurra da ez direla hausnarketarako baldintza egokienak izango. Hortaz, kontraesanak barkagarriagoak dira ETAren kasuan, alderdi politikoen kasuan baino. Dena dela, eta inor diskulpatzen ez naizelako ari, ez dut uste kasu honetan kontraesanaren zergatia aurkitzen denik batzuen edo besteen gaitasun razionaletan edo haien ariketatze-baldintzetan.Alderantziz, garaian ikusten dut gertatzen ari denaren azalpen hoberena. Bizi dugun garai honek (erresoluzio fasea, edo dena delakoak) kontraesanak agerira ekartzen ditu, aktore politikoak kontraesanera eramaten dituelako. Eta hain zuzen horixe da ETAren kon- traesana behin eta berriz aipatzen dutenek askotan, nahita edo nahigabe, ahaztu egiten dutena; alegia, aktore politiko guztiek dituztela kontraesan nabariak. Zerrenda nahi adina luza daiteke, zaldieroak egunero tira bat zirriborratzeko adina. Alderdi sozialistak negoziatu nahi omen du, zer eta... aurkariaren errendizioa (!). Ibarretxek eta Imazek elkarrizketa nahi omen dute, nola etaŠ hau eta hura exijituz (!). Manifestazioa herritarrentzat omen zen, ez alderdientzat, eta haraŠ hobe alderdi hau etxean geratzen bada (!). Etab., etab. Horregatik, komeni da ETAren kontraesana ere testuinguru horretan sartzea, haren razionaltasunari buruzko epai interesatuekin hanka sartu gabe. Guztien artean, ordea, kontraesan kezkagarriena duena PP da. Haiek politikariak dira, baina inork politika ez egitea ziurtatzen duten politikariak. Horratx, ez-politikaren politikariak (!). Izan ere, PPk ukatu egiten du euskal gatazkaren izaera politikoa ere badela. Euskal Herrian nortasun nazionalen inguruko gatazka politikoa ere badela ukatu egiten du, eta ukatu egiten du, era berean, konpon- bideak ere politikoa izan behar duela, halabeharrez. Ondorioz, euskal auziari dagokionez politikari berezi hauek ez dute politika egiten eta, okerrago dena, ez diete uzten besteei politika egiten. Alderdi sozialista eta EAJ ezkutatzera behartzen ditu, politika egiteko modu bakarra geratzen zaielarik: politika egiten duten bitartean zin egitea ez direla politika egiten ari. Emaitza badakigu zein den, Barajas. Katastrofea. Izan ere, hartutako erabakiak politikoak direla ezin baduzu esan, nola hartuko dituzu bada neurri politikoak? Eta, alderantziz, nola sartuko zara negoziazio politiko batean inolako neurri politikorik hartu ezinda? Erresoluzio fasea deritzona, benetan erresoluziozkoa izan dadin, ezinbestekoa izango da PPk sartutako premisa faltsu hori gainditzea. Bestela auskalo garai honek nora eramango gaituen, erresoluziora ez behintzat. «Ez dago euskal gatazka politikorik» ideia faltsua gainditu nahi bada, hura nondik sortu den eta nondik elikatzen den arakatu beharko da lehenik. Eta halakoetan hoberena pentsamenduaren historialarien- gana jotzea izaten da. Zorionez alor horretan dihardu lanean Joxe Azurmendik. Zalantzarik gabe gure arteko pentsalari hoberena den honek argitaratu berri duen “Espainiaren Arimaz” liburu ezin bikainagoan Espainiaren nortasuna ulertzeko moduen eboluzioa aurkezten du. Eboluzio horrek azaltzen du, adibidez, nola espainiar izatea ezaugarri politiko bat ez denez, hala espainiar ez izateak ere ezin duen ezaugarri politiko bat izan. Gehiago dela nortasuna ulertzeko modu erlijioso bat, razionaltasunaren monopolioa duela ustekoa dena. Euskaldunak, hortaz, ebidentzia bat defendatzen ari gara, euskal gatazka politikoa da, baina ez PPren aurka, espainiarrek orobat euren burua ulertzeko izan duten tradizio ideologiko oso baten aurka baizik. Tradizio horren erradiografia aurkituko du irakurleak liburu horretan. Baita bizi dugun gatazka politikoarena ere, izan ere, espainiarrak ulertzea gure buruak ulertzea ere badelako, neurri handi batean. Gauza asko egin ditzakegu bake prozesua deritzona laguntzeko, haien artean gatazka politikoaren dimentsio ideologikoa hobeto ulertzea da bat. Horregatik, kontraesanen garai liskartsu hauetan “Espainiaren Arimaz” irakurtzeko gomendioa egin nahiko nuke. Gutxi bezala sakona delako, eta gutxi bezala balia- garria bake egonkorra eskuratu nahian gabiltzan jendeon artean. -
|