Batasunaren aburuz, Segiren aurkako epaiak gatazka betikotzea du xede
Auzitegi Goren espainolak Segi gazte erakundearen aurka emandako epaiak Euskal Herriak bizi duen gatazka eta «egungo giro asaldatua» betikotzeko xedea duela deritzo Batasunak. Errepresioa «erabat antzua» dela adierazi zuen eta bide hori alboratu eta gatazkaren erroetara jotzeko gonbita luzatu zion Gobernu espainolari.
DONOSTIA
Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzeko aukera egun ere indarrean dagoela berretsi ostean, Estatu espainolak aukera horri errepresioaz erantzuten jarraitzen duela gogor kritikatu zuen Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikideak atzo egindako agerraldian. Errepresio dinamika horren xedea «bizi dugun giro asaldatua betikotzea» dela deritzo Batasunak eta horren adibide argiena joan den ostiralean Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen aurka Auzitegi Gorenak ezagutarazi zuen epaia dela adierazi zuen. Erabaki hori euskal gazteria independentistaren aurkako «erasoa» dela gehitu zuen.Batasunak azken asteetan behin baino gehiagotan esan duen moduan, prozesuaren egoerak azterketa zintzo bat behar duela errepikatu zuen atzo ere Arnaldo Otegik. Zailtasunak non dauden atzeman eta horiei aurre egiteko bideak aurkitzeko xedea izan behar luke azterketa horrek Arnaldo Otegiren aburuz. Ezker abertzaleak prozesuarekiko harturiko konpromisoak behin eta berriz berretsi dituela nabarmendu eta beste eragileei prozesuan aurrera egiteko deia egin ziela ekarri zuen gogora. ETA erakundeak martxoan abian jarritako su-eten iraunkorra indarrean mantentzen duen bitartean, Estatu espainolak «errepresioaz erantzuten jarraitzen» duela gogor gaitzetsi zuen Batasuneko eledunak. Aner Petralanda mahaikidearekin batera egindako agerraldian, Auzitegi Gorenaren epaiarekin zein mezu helarazi nahi duten eta errepresioarekin zer lortu nahi duten itaundu zuen.
Ez da bidea
«Errepresioak ez du gure ildo politikoa aldatuko; ez eta gure proiektu politikoa ahulduko ere». Horrelaxe erantzun zion buruzagi independentistak Segi gazte erakundearen aurkako epaiari, eta oro har, Estatu espainolak indarrean duen errepresio dinamikari.«Ezker abertzalearen determinazio politikoa, Euskal Herriarekiko leialtasuna edota indepentziaren eta sozialismoa- ren proiektuarekiko fideltasuna» errepresioaren bidez kolokan jarri nahi dutenei «oker» dabiltzala adierazi zien, eta errepresioaren bidea «erabat antzua» dela adierazi zuen Arnaldo Otegik. Euskal Herriak bizi duen gatazkan konpobide judizial eta polizialik ez dagoela esan eta gatazka gainditzeko eta prozesua eraikitzeko errepresioaren hautua ezinbestean alboratu behar dela azaldu zuen. Batasunaren aburuz, estatu espainolak eta frantsesak Euskal Herriarekin dute gatazka. «Ez sigla edota sektore batekin», gehitu zuen. «Euskal herritarrok, nazio bezala, hitzaren eta erabakiaren jabe izan nahi dugu eta hori da gatazka», adierazi zuen Otegik. Halaber, gatazka horri errepresioaren bidez erantzutea ezinezkoa dela eta konponbide demokratikoa beharrezkoa dela adierazi zuen. Eduki politikoz betetako prozesu demokratikoa da Batasunaren arabera gakoa; elkarrizketan, negoziazioan eta alde guztien errespetuan oinarritutako prozesua izan behar dela ere gaineratu zuen. Konponbide demokratikoa ekarriko duen prozesuak alternatibarik ez duela nabarmendu, eta gatazka behingoz konpondu nahi izanez gero, gatazkaren erroetara jotzeko gonbita egin zuen. Prozesuaren alde indarrak lerrokatzearekin batera, Segiren aurkako epaiaren eta antzeko gertakarien aurrean desadostasuna agertzeko dei egin zien euskal herritarrei.
Kritikagarria
Bestetik, Gasteizko Gobernuko bozeramaile Miren Azkaratek Auzitegi Goren espainolak «Jarrai-Haika-Segi auzia»n hartutako erabakia «kritikagarritzat» jo bazuen ere, «mehatxuak eta indarkeria justifikaezinak» direla esan zuen atzo. «Kale borroka egin eta antolatzen dutenek bakeari zer eskaintzen dioten» galdetu zuen Azkaratek, eta indarkeria «era-bat alferrekoa» dela ere nabarmendu zuen.
Biharko mobilizazio egunak atxikimenduak eskuratzen jarraitzen du
GARA
DONOSTIA Segi gazte erakundeak, «euskal gazteria eta Euskal Herria suntsitzen duten bitartean geldirik ez» dela egongo ohartuta, egun hauetan euskal gazteriak emandako erantzuna txalotu zuen atzo. Gazte erakundearen aburuz, «euskal gazteriak inoiz baino indar eta tinkotasun handiagoarekin erantzun dio eraso neurrigabe honi». Segik jasotako epaiaren erantzule bakarra PSOE dela baderitzo ere, EAJk jokatzen duen papera ere gogor kritikatu zuen gazte erakundeak. Josu Jon Imaz buru duen alderdia zertan dabilen itaundu eta «bi aurpegiko jokoa amaitu» zaiela ohartarazi zuen. Euskal Herriak bizi duen une politiko honetan «hitz politak baino konpromiso ausartak» behar direla adierazi eta orain arte erakutsitako jarrerak Gobernu espainolarekin bat egin duela adierazi zuen. Datozen egunetan ere, orain egin bezala, mobi-lizatzeko gonbita egin zion Segik euskal gaz- teriari eta, oro har, herritar guztiei. LAB sindikatuak ere «Jarrai-Haika-Segi auzia»ren inguruan emandako epaia kritikatu du eta amnistiaren aldeko mugimenduak biharko deitu duen mobilizazio egunarekin bat egin du. Sindikatu abertzaleak mobilizazioetara deitu du hiriburuetan. Hitzordua 11.30ean izango da, Donostian Askatasunaren etorbidean, Iruñean epaitegien aurrean, Bilbon plaza Eliptikoan eta Gasteizen Andra Mari Zuriaren enparantzan. EAE-ANV alderdiak ere bat egin du biharko mobilizazio egunarekin. Bestetik, GARAri lekukoek azaldutakoaren arabera, Laudion, Gartzen Garaio auzipetuaren sorterrian, joan den ostiraletik hona Guardia Zibilaren presentzia oso na- barmena da. Presentzia polizial horri erantzutearren, Laudioko errepi- de nagusietan edukiontziak gurutzatu zituzten astelehenean. Azpeitian, berriz, Zubiola enpresan, Garikoitz Etxeberria auzipetuaren lantokian, elkarretaratzea egin zuten haren lankideari elkartasuna helarazteko asmoz. Segiri zilegitasuna aitortzeko agiria abian da
Auzitegi Goren espainolak Segiren aurka emandako ebazpena kritikatzeko, «www.aurrera.gaztesarea.net» helbidean atxikimenduak biltzeko xedea duen manifestu bat jarri dute. Bertan, posible da zigortu dituzten gazteei eta gazte independentista orori babesa adieraztea. Segi gazte erakundeak erakutsitako izaeraren eta lan politikoaren aitortza ere egiten da, eta hemendik aurrera Segirekin orain arteko harreman politikoa bera mantentzearen konpromisoa baieztatzen da. Jarrai, Haika eta Segi 27 urtetan gazte belaunaldien borroka tresna izan direla adierazten du manifestuak. Auzitegi Gorenaren ebazpenarekin independentziaren aldeko aukera ixtea bilatzen dutela esan eta eskubideak urratzeaz gain, orain eskubideen alde aritzea terroristatzat jotzen dela kritikatzen du. -
|