Zigorra beteta, Puy aske utzi beharko lukete gaur
·Mugetara abiatuko dira atarrabiarrak, entregatua izateko arriskua dela-eta
ATARRABIA
Estatu frantsesean ezarri zioten zigorra bete ondoren, gaur kalera ateratzekoa da Txuma Puy Atarrabiako auzokidea, Uzercheko kartzelatik. Hala ere, entregatua izateko arriskua aurreikusten da eta horregatik, mugetara abiatuko dira hainbat lagun, gertatuko denaren jarraipena egiteko.
«Legearen aurka, Europan barrena aske ibiltzea eragotziko diote Txumari. Polizia eta Guardia Zibilaren eskuetan hiru edo bost egunez inkomunikatuko dute. Aske geratuko den egun berean eskuak lotu eta atxilotuko dute», esan zuten herriko eragile ugarik joan den astean egindako agerraldi batean.
Testinguru horretan, urtarrilaren 20an Paris aldera joan ziren Atarrabiako auzokideak, herriko presoei eta, bereziki, Txuma Puyri elkartasuna helarazteko asmoz. Arazo ugari izan zituzten, bai Nafarroan bai eta baita Parisen ere. Ondorioz, ezin izan zuten Uzercheraino iritsi.
Pasa den larunbatean, gainera, 400 lagun baino gehiagok manifestazioa egin zuten Atarrabian; alde batetik, Txuma Puy trabarik gabe aske utz dezaten exijitzeko, eta, bestetik, otsailetik aurrera 8/97 izeneko sumarioa dela-eta epaitu behar dituzten Atarrabiako gazteei elkartasuna helarazteko. 401 urteko kartzela eskaera dago jokoan epaiketa horretan.
|