Donostiako Udalak azpijokoa erabiliz errauste planta Artzabaletan jartzea onartu du
Modu traketsean eta ohikoa ez den prozedura baliatuta onartu zuen atzo Donostiako Udalbatzak errauste planta Zubietako Artzabaleta gunean jartzea, PSEren, EAJren eta EAren aldeko bozekin. Erraustearen aurkako plataformak eta Zubietako Herri Batzarrak erabakia bera eta baliatutako prozedura salatu zituzten eta auzibidea baliatu eta mobilizazioa indartzeko asmoa erakutsi zuten. «Gisa honetan hartuz herritarrei barre egiten diete», adierazi zuen Herri Batzarreko lehendakari Imanol Azpirozek. Baga Bogak «demokraziaren erabateko iruzurra eta eskandalu hutsa» dela esan zuen.
DONOSTIA
Donostiako Udalbatzak atzo onartu zuen, PSEren, EAJren eta EAren aldeko bozekin, Gipuzkoako Aldundiarekin eta mankomunitateekin elkarlanean egiteko hitzarmena. Bertan, errauste planta Zubietako Artzabaleta inguruan eraikitzea aurrez ikusten da. Osoko bilkurak, ordea, modu traketsean onartu zuen, eguneko gai zerrendan sartu gabe baitzegoen gaia. Hori horrela, presako prozedura baliatu zuen PSEko udal taldeak gaia bozkatzeko.Aldeko boza eman zuten alderdiek positibotzat jo zuten erabakia. EAJko ordezkari Xabier Ezeizabarrenak hitzarmenaren onarpena «bidea zabaltzen duen aurrerapauso positi- bo» gisa definitu zuen, baina osoko bilkurara «atzeko atetik» eraman izana salatu zuen. EAko ordezkari Jaione Arratibelek, bestalde, hitzarmenak «hondakinen kudeaketaren arazoa konpontzeko bidean aurrera egitea» dakarrela eta «gehiago luza ezin daitekeen» erabakia dela esan zuen. Hirigintza zinegotzi Jorge Letamendiak Udal Gobernuak hitzarmena «behartuta eta erantzukizun zentzuagatik» eraman duela osoko bilkurara azaldu zuen, «hondakinek epe motzean utzi behar baitiote San Markosera joateari». Era berean, «Donostian erraustea ez den beste irtenbiderik» ez dietela utzi adierazi zuen. Presako prozedura baliatu behar zutela ikusirik, Baga Bogako kide Josetxo Ibazetak hitza hartu zuen hitzarmena ez aurkezteko eskatzeko, baina ez zioten hitz egiten utzi. Behin erabakia hartuta, Donostiako herri ekimeneko kideek gogor salatu zuten Udalbatzaren jarrera eta udal «demokraziaren erabateko iruzurra eta eskandalu hutsa» dela salatu zuen. «Odon Elortzari errauste-planten aurkako mozorroa erori zaio eta orain artean egindako adierazpen guztiak marketin politiko hutsak izan direla ikusi da», erantsi zuen.
Egindakoak ez du izenik
Atzo gertatutakoak izenik ez duela ere adierazi zuen Baga Bogak. «Herritarrei hiri hondakinak gestionatzeko sistema bat onartzeko erabakian eta eztabaidan parte hartzeko aukera ukatu ez ezik, errauste plantaren eraikuntzaren erabakia modu ilun, zikin eta ezkutuan hartu du», salatu zuen. Baga Bogaren iritziz, une honetan mobilizazioa ezinbestekoa da. «Udalak erabaki larri bat hartu du, baina herriaren mobilizazioak geldi dezake proiektua».Ezker Batuko ordezkari Duñike Agirrezabalagak izandako paperari ere erreparatu zion plataformak, «premiazko prozedura erabiltzea bozkatu dutenean IUko ordezkaria udalbatza aretoan ez zegoelako». Agirrezabalagak, PSErekin batera Udal Gobernua osatzen duen taldearen ordezkariak, gaia aztertzeko asmoaren abisurik ez zuela jaso adierazi zuen, eta «lehiakortasun falta latz» horren ostean eta legealdia amaitzeko lau hilabete falta direnean, Udal Gobernua uzteko erabakia herri batzarraren esku utziko duela adierazi zuen. Eguneko gai-zerrendan sartu gabe bazegoen ere, erraustearen aurkako taldeak ez ziren fio, eta osoko bilkura aretora bertaratu ziren atzo. Tartean zen Zubietako Herri Batzarreko lehendakari Imanol Azpiroz. «Argi ikusi da zein den politikarien maltzurkeria eta zein ahalmen duten legeak eta araudiak beren erara moldatzeko», adierazi zuen Azpirozek udaletxetik irten ostean. Haren esanetan, Odon Elortza da Gipuzkoako errauste-planta Donostian jartzeko emandako pausoaren arduradun nagusia, «bere akolitoarekin batera». Alde horretatik, aipamen berezia egin zion EAJ alderdiari. «Alderdiko iturriek adierazi ziguten presako prozedura ezin zela baliatu, horretarako halabeharrez gauza larria izan behar zuela-eta. Hori esaterako, guztia hitzartua zuten», salatu zuen Azpirozek. «EAko kideek ere badute erantzukizuna, azken batean, Diputazioan Odonekin kokagunea negoziatu baitute», gaineratu zuen. Azpirozen esanetan, «herriari parte hartzea ukatuz» eta erabakiak modu horretan hartuz herriari barre egin diote Donostiako Udaleko politikariek. «Katalunia plazaren diseinua aukeratzeko horrenbesteko burrunba izan zuen parte hartzea Zubietan noiz bultzatzeko asmoa dute?», galdegin zuen. Baina galdera horretaz gain, beste hainbat zituzten Zubietako Herri Batzarreko kideek Udalari egiteko eta guzti-guztiak oso- ko bilkuran egiteko asmoa bazuten ere, aukera ukatu eta idatziz erantzungo dietela agindu zien. Izatez, atzo hartutako erabakia kea baino ez dela adierazi zuen Azpirozek. «Lege aldetik joanez gero ez du inongo baliorik, eta egin den moduan gutxiago». Izan ere, errauste planta «legez» egiteko, adierazi zuenez, oinarrizkoa da Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako lege esparru bat izatea, «eta horrelakorik ez dago». Hala eta guztiz ere, auzibideak «mantsoak» direla adierazi zuen eta Zubietan lanak egiten hasiz gero, horiek gelditzea oso zaila izango zela ohartarazi zuen. Horregatik, mobilizazioak abiaraztea «ezinbestekoa eta inoiz baino garrantzitsuagoa» dela azaldu zuen. Proposamena aztertu beste irtenbiderik izan ez dutela adierazi ondoren, Letamendiak eginiko adierazpenen gainean jardun zuen eta bestelako alternatibak zergatik ez dituzten landu eta abian jarri galdegin zion. «Beren apustua zabor guztia nahastuta biltzearen aldekoa da, hori baita errauste plantak behar duen lehengaia», kritikatu zuen. Azpirozek iragarri zuenez, auzibidea hartuko dute. «Batetik, horretarako eskumenik izan gabe gisa honetako erabaki bat hartzeagatik; eta bestetik, osoko bilkuran baliatu duten prozedura traketsagatik», adierazi zuen.
Aldundia eskuak igurtziz
Gipuzkoako Aldundiko ordezkari Koldo Azkoitiak, «erabaki positibotzat» jo zuen Udalbatzak hartutakoa. Hiri hondakin solidoen kudeaketaren arazoan, alderdi «bakoitza dagokion erantzukizuna» hartzen ari da.«Hondakinen arazoa modu garbi eta eraginkorrenean konpontzeko oinarriak jartzea eta akordioak sinatzea egun erantzukizuna duten udalek, eta oro har Gipuzkoako erakundeek eta gizarteak duten arazo nagusietako bat da», azaldu zuen Azkoitiak.
Urchueguía y Ormaetxea anuncian medidas para evitar la construcción
GARA
DONOSTIA La alcaldesa de Lasarte-Oria, Ana Urchueguía (PSE), y el primer edil de Usurbil, Luis Mari Ormaetxea (EA), denunciaron el procedimiento utilizado para aprobar la ubicación de la incineradora y anunciaron que emprenderán todas las acciones legales que estén a su alcance. Urchueguía dijo que ni su Ayuntamiento ni el de Usurbil fueron informados de «la reunión que mantuvieron el lunes el Consistorio donostiarra, la Diputación y las mancomunidades» para acordar el nuevo emplazamiento de la planta en la zona de Artzabaleta. Tras conocer la aprobación de la ubicación por el Pleno de Donostia, Urchueguía consideró «curioso» que la Diputación dé el visto bueno al proyecto y sin embargo impida al Ayuntamiento de Lasarte crear un área industrial por los impactos medioambientales y por los movimientos de tierras, cuando en Zubieta se moverán dos millones de metros cúbicos. A su juicio, tampoco «se entiende la actitud del alcalde de San Sebastián», que dice defender «la participación ciudadana y los códigos de ética y las ciudades verdes», ni «el continuo cambio de los informes de los técnicos». Urchueguía recordó que tampoco hay «informes atmosféricos» de la zona, por lo que expresó su determinación a adoptar cuantas iniciativas sean necesarias para impedir la construcción de la planta, medidas que, según dijo, ha propuesto adoptar de manera conjunta con el alcalde de Usurbil. Calificó de «sorprendente» el modo utilizado para aprobar la nueva ubicación y dijo que ya tenían pensado iniciar medidas administrativas o legales una vez agotadas las vías de negociación política. Recalcó que el emplazamiento aprobado «no es el adecuado» y que el Consistorio ya se ha puesto en contacto con abogados para, una vez que salga a exposición pública este acuerdo, emprender las acciones pertinentes para evitar que se construya en Zubieta, en la vertiente de Usurbil. Erabateko gaitzespena
LAB sindikatuak larritzat jo zuen Udaleko osoko bilkuran hartutako erabakia, «herritarren borondatearen kontra hartutakoa baita». Erraustearen aurkako oposizioan herritarrek hartu behar dutela hitza uste du LABek, «eta mobilizazio eta presio sozialaren bidez eustezin eta sostengaezin bihurtu behar dela agintariek hartu duten erabakia». Batasunak ere mobilizazioaren aldeko apustua egin zuen eta PSE, EAJ eta EAren jarrera «lotsagarri eta lotsagabea» salatzerekin batera herritarrak aintzat ez hartzea kritikatu zuen. EAEk erabakia gaitzetsi eta erreferenduma eskatu zion Gipuzkoako ahaldun nagusiari. -
|