DONIBANE GARAZI
Pirinioez gaindiko Egitasmoaren kontrako Hautetsien Kolektiboak Nafarroa Behereko herriek duten iritziaren gaineko balorazioa aurkeztu zuen atzo Donibane Garazin egin prentsaurrekoan. Bideak ukitzen dituen 23 herrietatik %83k kontra bozkatu dute, %17k ez dute iritzirik plazaratu eta inork ez du aldeko boza eman.
Donapaleu, Aiziritze, Arboti eta Behaskane dira Kontseilu Nagusiaren egitasmoaren kontrako bozik eman nahi izan ez duten lau herriak. Kontrako mozioa bozkatu zuten hemeretzi herrietatik hamabostek Hautetsien Kolektiboak proposatu mozioa hartu zuten oinarritzat. Beste laurak egitasmoaren kontra agertu baziren ere, beren testua idatzi zuten.
Atzo aurkeztu balorazioa Kontseilu Nagusira igorriko dutela adierazi zuen Hautetsien Kolektiboak. Eta horrekin batera Pirinioez gaindiko oraingo egitasmoa alde batera uzteko eskatuko dute. Dagoen bidea hobetzearen alde agertu dira Nafarroa Behereko hautetsiak. Baina Kontseilu Nagusiak aurkeztu egitasmoak ibilbidearen bi herenetan hiru errail ezarri nahi dituela ikusita, bide hobekuntza baino 2x2 ezartzeko bidea bezala ikusten dute hautetsiek Paueko proposamena.
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidente Jean-Jacques Lasserrek eta Barthelemy Agerre presidenteordeak egitasmoak zuzenean ukituko dituen herrietako auzapezen laguntza eskatu zuten egitasmoa hitzartzeko garaian. Eskaera hori auzapezek herritarren iritzia biltzean oinarritzen zen. Abenduan hainbat herrik biztanleen iritziak bildu zituzten eta 2007ko lehen hilabetean zehar udalbatzek beren deliberoa bozkatu dute.
Azken bi hilabeteetako lanaren balorazioa aurkezteko bost herritako auzapezak izan ziren atzo Nafarroa Behereko dozenaka hautetsiren begiradapean.