GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > FUTBOL 2007-01-31
Lapurdiko futbola gorakada izugarria ari da izaten
Lapurdiko futbolak gorakada izugarria izan du urte gutxian. Inork espero ez zuen mailetan dabiltza Aviron Baionakoa eta Genets Angelukoa. Hala ere, bi talde horien asmoa ez da hor geratzen, Bigarren Maila baitute begiz jota, eta ez dute ikusten Lehen Mailarako bide hori ere egin ezin denik.

Ipar Euskal Herrian futbolak nabarmen egin du gora, batez ere Lapurdin, hori izan baita gehien igo den eskualdea. Egia esan, Aviron Baionakoa eta Genets Angelukoa taldeei esker izan dela esan daiteke. Hala ere, horien itzalpean, beste batzuek ere urrats handiak egin dituzte aitzinera.

Orain dela zazpi urte aurkeztu zituzten beren asmoak bai Avironek eta bai Genetsek ere. Biek esan zuten hamabi urteren buruan, gutxienez, Bigarren Mailan izan nahi zutela. Garai hartan, Akitaniako Lehen Mailan ziren, eta ia denek erokeriatzat eta ezinezkotzat hartu zituzten bi talde horien asmoak.

Biek, ordea, hori posible dela erakutsi dute, sekulako gorakada izan baitute.Baionarrek oso azkar, agian azkarregi, eta Angelukoek, berriz, emeki-emeki. Biak orain profesionalizazioaren munduan dira, eta maila berean, hots, CFA Mailan. Bigarren eta hirugarren dira, eta biek nahi dute heldu den urtean N1 mailan egon.

Avironek igoera oso azkarra izan zuen. Akitaniako Lehen Mailan lehen postuan amaitu ostean, Ohorezko Mailara igo zen. Han hirugarren geratu zen, eta bi urte pasatu behar izan ziren maila hori gainditzeko.Gero, CFA 2 Mailan urtebete eman zuen, beste bat CFA Mailan, eta N1era igo zen. Bigarren Mailatik urrats bakar batera jarri zen bost urtean. Orduan konturatu zen jendea ametsa egia bihur zitekeela.

Zuri-urdinei, ordea, ez zitzaizkien gauzak ongiegi atera, eta bi urte N1en eman ostean, berriro ere CFAra jaitsi dira. Aurten, ordea, berriro ere iaz galdutakoa berreskuratu nahi dute. «Gauzak azkarregi joan ziren, geu ere ustekabean harrapatu gintuen, eta uste dut horren ordaina jaso genuela. Taldea erabat amateurra izatetik profesionala izatera oso denbora laburrean pasatu zen, eta ez geunden prest. Orain, ordea, ikasi dugu, eta prest gaude. Geure helburuetatik gero eta gertuago gaude», kontatu du Manu Merin Avirongo presidenteak. Genetsen gorakada, aldiz, lasaiagoa izan da, Akitaniako Ohorezko Mailan lau denboraldi eman baitzituen.Gero bakarra CFA 2 Mailan, eta bigarrena du aurten CFA Mailan. Iaz doi-doi eutsi zion mailari, baina aurten bestelako erronkak ditu.

Profesionalizazio horren munduan sartzeak eta lehen zuten maila baino askoz maila hobea izateak beste ondorio batzuk ere ekarri ditu, Lapurdin Lehen Mailako taldeen aurkako partidak ohikoak ari baitira bihurtzen. Orain ia urtero izaten dute Kopan Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko parada. 2002. urtean Genetsek jokatu zuen Guingampen aurka. 1-0 galdu zuten. 2003. urtean, Avironek Guingamp eta Girondins kanporatu zituen, eta Parisen kanporatu zuen PSG taldeak, 2-0 irabazita. Aurten, berriro ere baionarrak neurtu dira Lehen Mailako baten aurka, Lyonen aurka, baina 2-1 galdu dute. Taldeen gorakadak jokalariengan ere izan du eragina, maila asko ari baita hobetzen. Esaterako, iaz jokalari euskaldunen kopurua txikia zen Avironen. Aurten, berriz, gehiengoa dira euskaldunak. Genetsen, berriz, oraindik ere kanpotarrak dira nagusi hamaikakoan.

Bi talde horiek dira dauden profesional bakarrak, baina beste batzuk ere atzetik indar handiz datoz. Biarritz, esaterako, Akitaniko Ohorezko Mailan dabil. Urte askotan Akitaniako Ligako beheko mailetan aritu ostean, goranzko bidea hartu du, eta ez du baztertzen urte gutxiren buruan CFA Mailara heltzea. Avironen eta Genetsen bigarren taldeek ere maila asko igo dituzte urte gutxiren buruan. Aviron B, esaterako, Akitaniako Ohorezko Mailan da. Orain dela urte gutxi batzuk lehen taldeari kosta egiten zitzaion hor egotea. Genetsen bigarren taldea, berriz, Akitaniako Lehen Mailan dago, orain dela oso gutxi, lehen taldea egoten zen maila berean.

Croises ere gorantz dator, Baionako beste taldea. Aurten Akitaniako Lehen Mailara igoko da, Ligako azken zati negargarria egiten ez badu, baina helburuak ez dira hor geratzen: «Gure helburu nagusia gazteei aukera bat ematea da, baina uste dut lehen taldea CFA2ra bitarte igo daitekeela. Gero hortik gora zaila da talde amateurra baita.Hori bai, Avironi bezala babesle indartsu batek dirua jarriko baligu, eta hortik gora joateko aukera emango baligu, guk ere gauza bera egingo genuke», azaldu du Jean Pierre Martinez taldeko presidente ohiak eta egungo Zuzendaritzako kideak.

Arin-en beherakada

Talde askok gora egin dute, baina beste batzuek, aldiz, behera, eta horien artean Arin Luzien nabarmentzen da. Donibane Lohizuneko taldea izan da urte askoan Ipar Euskal Herriko lehen taldea, eta horrelaxe izan zen orain dela bost urte arte, baina jaisten hasi da orain. Duela hiru denboraldi CFA 2 Maila galdu zuen, eta iaz Akitaniako Ohorezko Maila. Aurten Ligako azken zatian asko hobetzen ez badu, Akitaniako Lehen Maila ere galduko du. Urte askoan bera baino askoz beherago zeuden euskal taldeek aurrea hartu diote. Horren arrazoiak taldea ongien ezagutzen duen gizon batek azaldu dizkio GARAri, Joseph Etxegarik.85 urte ditu eta taldeko jokalari, entrenatzaile eta zuzendari izandakoa da, eta orain ere taldeko beharretan ahal duen guztietan aritzen da laguntzen.

«Zuzendaritzan arazo batzuk izan ziren, eta akabo, hortik hasi baitzen beherakada. Hemen Avironen eta Genetsen gorakadarekin uztartu nahi dute batzuek, baina ez da horrela. Horiek beste mundu batean dabiltza, ia profesionalak dira, eta ezin gara haiekin lehiatu. Hala ere, gu baino askoz atzerago zeuden talde batzuek gain hartu digute, jokalari askok eta askok ihes egin digute, eta hori da aztertu beharreko zerbait», esan du Etxegaraik.

«Izan ere, ihes egindako jokalari asko gu baino maila apalagoko taldeetara joan dira. Hala ere, hor badira bai Avironen bai Genetsen lekurik ez duten jokalari asko, baina ez gara gai haiek erakartzeko. Hego EuskalHerria ere oso gertu dugu, baina handik ere ia ez dugu jokalaririk erakartzen. Zerbait aldatu ezean urte gogorrak etorriko direla uste dut. Lehen ere izan ditugu urte txarrak, baina ez dakit honelakorik ezagutu dudan», erantsi du kezkati.

Gainerako taldeak, berriz, lehengo moduan dabiltza, boladaka. Urte batzuk ongi, eta beste batzuk ez horren ongi. Izan ere, Estatu frantseseko Ligan maila asko daude, baina mailatik mailara aldeak oso txikiak dira, kasu batzuetan mailak ia berdinak dira, eta horregatik ohikoa da talde batekin eta ia jokalari berberekin, gora egiten den moduan, behera egitea. -

BAIONA



Avironen igoera oso azkarra izan da, akaso azkarregia ere baiTexto despiece reportaje (con fondo)

Aviron Baionakoaren igoera oso azkarra izan da, agian azkarregia ere bai, taldeko presidenteak azaldu duenez. Izan ere, bost urtean lau maila igo zituzten lapurtarrek, eta denbora gutxian profesionalizazioaren atarian jarri ziren. Taldea, ordea, ez zegoen horretarako prest, eta arazo dezente izan zituen. Orain, ordea, ikasi dute, eta prest daude, ahalik eta urrutien heltzeko, horixe baita bai taldeak, eta bai zaleek ere nahi

dutena, Lyonen aurkako Kopako partidan ikusi zen moduan. -



Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez dabiltza ongi
Nafarroa Beherean eta Zuberoan duten egoera ez da Lapurdiko bera, eta oso itxura gutxi du kostaldeko eskualdean gertatzen ari denarekin.

Nafarroa Beherean hiru talde besterik ez dira, eta Zuberoan bat besterik ez. Hala ere, azken herrialde horretako taldea da zaharrena, eta Ipar Euskal herriko zaharrenetakoa ere bai. Ongi ibilitako taldea da, Akitaniako maila nagusiraino ere heldu zena. Avironekin batera maila berean ere egonda dago, orain dela dozena bat urte, baina ordutik okerrera egin du. Hamabi urteren buruan hamalau maila galdu ditu. Batzuk joko eskasagatik, eta beste batzuk zigorrengatik, gauzak oker ere askotan egin baititu.

Une honetan badirudi apur bat goraka hasi dela, eta ez da harritzekoa, izan ere, beheko mailetan jende oso ona baitu. Aurten Pirinioetako Bigarren Mailan ari da, eta Maulekoek igotzea dute helburu.

Nafarroa Beherean, orain ongien dabilen taldea Donapaleu da, Pirinioetako Lehen Mailan ari baita. Departamendu horretako talderik lehen ez zen hor inoiz egon, baina lan ona ari dira egiten. Azken urte hauetan gazteekin bikain ari dira, eta eskualdeko talderik indartsuena bihurtu da. Lehen onenak Maulera joaten ziren, baina orain haiek gaizki ibiltzeak mesede handia egin die.

Garazi eta Ortzaizeko Arranoak dira beste bi taldeak. Biak Pirinioetako Bigarren Mailan ari dira Maulerekin batera. Hiriburu- koek behera egin dute, eta azken urte hauetan izan duten mailarik eskasenean dabiltza. Liga hasiera txarra izan arren, hobetu egin dute eta gora egin nahi dute. Aurten behintzat maila honetan bada urte askoan izan ez den Garaziren eta Mauleren arteko derbia. Edozein kiroletan, bi hiriburu horietako taldeen arteko neurketek ikusmin handia pizten dute.

Arranoak taldearen lana, berriz, ez da txarra, baina herri txikia izanda, gauza gehiago egitea zaila da. Herrialdean, ustez, botererik gehien duen taldearekin batera dabil, eta ez da txarra. Garaziren aurkako eta Mauleren aurkako derbiak ere izango ditu.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Actitudes prácticas ante una citación
Jendartea
Donostiako Udalak azpijokoa erabiliz errauste planta Artzabaletan jartzea onartu du
Euskal Herria
Hiru mahaikideek uko egin diote bileren inguruan epaileen aurrean deklaratzeari
Euskal Herria
Bollos del PP para «el muerto de hambre»
Ekonomia
Un trabajador muerto y otro herido grave en un accidente en Mutiloabeiti
Mundua
Londres y Dublín no ven ya obstáculos a la elección del Ejecutivo norirlandés
Kultura
Una muestra repasa las improvisaciones eróticas de Sistiaga
Kultura
«Esta revolución no es la que soñé, pero hay que asimilar los cambios»
Euskal Herria
«El atentado de ETA no implica la ruptura definitiva ni del diálogo ni del proceso»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss