-Berezkoak (Bakarkakoa)
Sorhuet eta Kurutxari, lehen kanporaketako faboritoak
BAIONA
Berezkoen Bakarkako Txapelketa gaur jarriko da abian Ezpeletan. Lehiaketa oso azkarra izango da, hilabete baten buruan dena amaituko baita. Gaur, 17.00etatik aitzinera jokatuko dira estreinako bi kanporaketak.
Hasteko, Sorhuet eta Jean Claude Dermit neurtuko dira. Garbi dago kanporaketa horretan Sorhuet dela faborito. Dirua bere alde aterako da eta pilotari hendaiarrak ez luke arazorik izan behar aurrera egiteko. Hala ere, bakarkako lehiaketetan ezusteak ere normalean baino gehiago izaten dira. Botearekin asmatzen duenak min handia egiten du eta askotan, horrek erabakitzen du norgehiagoka. Hala ere, Sebastien Sorhuetek irabazi beharko luke. Dirua behintzat, bere alde izango du.
Jarraian, Kurutxari eta Istillarte kantxaratuko dira, beraien arteko kanporaketa erabakitzeko asmoarekin. Partida horretan Andde Kurutxari izango da garaipena eskuratzeko faboritoa. Ongi moldatzen da bakarka, baina adi ibili beharko du Istillarterekin, hura ere pilotari arriskutsua baita.
Gaur irabazten duten bi pilotariek elkarren aurka jokatuko dituzte final-laurdenak Mauleko Glaria trinketean, otsailaren 10ean.
|