GARA > Idatzia > Mendia

blokea Lehiaketa

Bulder Liga Gero eta arrakasta handiagoa duen zirkuitua

Orain arte jokatu diren bi probetan makina bat lagunek hartu dute parte. Aurtengo aldiak pare bat berrikuntza ditu gainera: alde batetik, hemezortzi urtez azpikoen maila antolatzea eta, bestetik, probetako bat Arrasatera eramatea Los catalanes Manu Velásquez, Alex Estela y Albert Salvadó firman una nueva línea en la cara norte de la montaña con dificultades de MD+ sostenido y un largo difícil de grado 5+

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Orain gutxira arte, zailtasuneko hitzorduek ez bezala, bulderrekoek ez zuten behar hainbat oihartzunik. Baina egoera hori pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari da. Araba aldean hainbat lagunek eginiko lan onari esker, blokeko lehiak indartzen ari dira azken urteotan. Horren isla Bulder Liga dugu. Lehenbiziko urratsak soilik Gasteiz hiriburuan egin zituen, baina, izan duen arrakastari esker, iaz, adibidez, Arabako beste herri batera eraman zuten proba bat: Amurriora.

Aipatu dugun arrakasta horrek mugak gainditu ditu, eta aurtengo Bulder Ligaren ekitaldiak beste berrikuntza batzuk ekarri dizkigu. Horietako bat, Gipuzkoara salto egitea izan da, eta, horrela, hitzordu bat Arrasatera eraman dute. Bigarren berrikuntza 18 urtez azpikoen maila antolatzea izan da. Antolatzaileak ohartu dira gero eta gazte gehiago azaldu direla blokeko proben alde, eta, horrela bada, aukera hori aprobetxatu nahi izan dute, eta gazteentzat maila bat eratu dute. Gazteen maila horrekin batera, beste bi dira nagusi: elite eta herrikoiak; jakina, nesken eta mutilen kategoriekin. Bost dira, beraz, aurtengo hitzorduak: Estadio, Arrasate, Amurrrio, Gimnasio K2 eta Hegoalde. Lehenbiziko biak dagoeneko jokatu dira, eta horien berri emango dizuegu jarraian. Otsailaren 3an jokatu zen lehenbiziko proba, Gasteizko Estadio bulder aretoan. Eta lehenbiziko lehiarekin ezustekoa iritsi zen; izan ere, 60tik gora parte-hartzaile izan ziren. Ohi den bezala, sailkapenak goizez jokatu ziren, eta aipatu dugun eskalatzaile kopuruak nahiko luzatu zuen txanda hori. Sei lagun pasatu ziren finalera. Herrikoien mailan, nesketan, Olatz Azkaratek eta Zuriñe Etxeberriak lehenengo postuan berdindu zuten. Hirugarrena Jone Martinez izan zen. Mutiletan, berriz, Julen Urdiroz izan zen onena, eta haren atzetik Gustavo Gomez eta Mikel Agirrebengoa sailkatu ziren. 18 urtez azpikoen taldean, Mikel Olivera, Borja Donnay eta Jon Agirre lehenengo postuan berdinduta geratu ziren. Eta elitean, Soledad Velezek irabazi zuen nesketan. Bigarren postua Cristina Reyrentzat izan zen eta hirugarrena Dorleta Estenagarentzat. Azkenik, mutiletan, Oscar Lopez gailendu zen nagusitasun osoz; hiru blokeak lehenbiziko saioan egin zituen. Ibai Urdiroz podiumaren bigarren postura igo zen eta Juan Bello hirugarrenera.

Inolako zalantzarik gabe, lehenengo proba hau oso arrakastatsua izan zen. Antolatzaileek esan diguten bezala, benetako bulder maratoia izan zen, goizeko 10etan hasi eta arratsaldeko 5etan amaitu baitzuten.

 

Gipuzkoara salto

Arestian aipatu dugun legez, Bulder Ligak Arabako mugak gainditu eta beste herrialde batera salto egin du: Gipuzkoara. Zirkuitu honetako lehiakideek Arrasaten zuten hitzordua; hain zuzen ere, pasa den larunbatean. Inauteriak ziren, baina, hala ere, parte-hartzaileek ez zuten huts egin; ezta gutxiagorik ere. Inauterietako giro ezin hobea izan zuten, eta guztira 64 lagunek eman zuten izena. Berriro ere arrakasta handia.

Uarkapeko frontoian hainbat bloke antolatu zituzten, eta goizeko sailkapen txanden ostetik, arratsaldean jokatu ziren finalak. Estadioko proban bezala, Arrasatekoan ere ekipatzaileek lan bikaina egin zuten. Bigarren hitzordu honek argi utzi zuen lehenengo proban puntuak hartu zituztenak sasoiko daudela. Bai, lehenengo postuetan geratu zirenak aurrean ibili ziren. Sailkapeneko blokeak oso zailak ez zirenez, makina bat lehiakidek izan zuten finalera pasatzeko aukera. Baina arratsaldeko txanda zeharo ezberdina izan zen, eta indartsuenek saio ederrak egin zituzten. Herrikoien txandari dagokionez, nesketan, Celia Sanchez nagusitu zen. Horrela bada, Jone Martinezek eta Olatz Azkaratek bigarren eta hirugarren postuekin konformatu behar izan zuten. Mutilek, berriz, den-dena eman behar izan zuten, ekipatzaileek jarritako lanak zailak izan baitziren oso. Lau lagunek konpartitu zuten lehenengo postua: Gustavo Gomez, Carlos Gonzalez, Angel Gil eta Iñigo Zuazagoitiak.

Hemezortzi urtez azpikoetan, lehenengo postua Mikel Usobiaga eta Iosu Viejorentzat izan zen, eta hauen atzetik Mikel Olivera geratu zen.

Elitekoen artean, bestalde, Oscar Lopezek Estadioko proban egin zuen bezala, Arrasatekoa ere irabazi zuen. Zirkuitu hau irabazteko aukera gehien duena da. Hiru bloketatik bi egitea erdietsi zuen. Ruben Diaz bigarrena izan zen eta Igor Malvido hirugarrena. Nesketan ere Nahia Iraolak bi bloke egin eta garaipena eskuratu zuen. Podiumeko bigarren postua Cristina Reyrentzat izan zen eta hirugarrena Garbiñe Uriarterentzat.

Bulder Liga Arrasatetik Amurriora joango da. Hirugarren proba hori martxoaren 3an jokatuko da, ohi den bezala, goizeko 10.00etatik aurrera. Informazio gehiago eta izen-ematea: www.fundacionestadio.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo