GARA > Idatzia > Kultura

Badator Euskarazko Film Laburren Zirkuituaren edizio indarberritua

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren Kultura Sailak Euskarazko Film Laburren Zirkuituaren laugarren edizioa aurkeztu zuen atzo, Donostian. Aurtengo eskaintza metraje laburreko sei filmeko 37 emanaldiz osatuta dago, ia-ia iaz izandakoaren kopuru bikoitza. Lan gehienak labetik atera berriak dira, eta Ane Muñozen «Loturak" estreinakoz ikusteko beta izango da. Zirkuituari bihar emango zaio hasiera, Irungo Amaia kultur zentroan.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Topagunearen eta federatutako euskara elkarteen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea izanik, Federazioak antolatzen dituen ekimen oro xede horretara bideratuta daude. Horiek hala, Film Laburren Zirkuituaren bitartez ematen den aukera euskarazko film laburren produkzioa ezagutzeko da, bai eta, bide batez, herri askotako kultura eskaintza aberasteko ere.

Alde horretatik, Zirkuituaren laugarren edizioak emanaldi gehiago egingo ditu. Izan ere, ekarriko dituen berritasunen artean hau legoke: Joan den urteko edizioak 20 emanaldi egin zituen, eta honako honek 37 izango ditu. Eskaintza bikoiztu du, ia-ia.

Atzoko aurkezpenean, Topaguneko Kulturgintza Saileko teknikari Manuel Moreno arduratu zen Zirkuituaren nondik norakoen berri emateaz. Eta, azaldu zuenez, aurten sei film proiektatuko dituzte emanaldi bakoitzean (aurrekoetan bost izan ohi ziren). «Dagoeneko zirkuitu honetan hamabost film aurkeztu dira. Eta aurtengo seiekin 21 izango dira orotara», adierazi zuen. Gainera, Ane Muñozen «Loturak» lana lehen aldiz emango dute horien artean. «Ohorea da guretzat», nabarmendu zuen Morenok.

Euskaraz sortzera animatzeko

Azken urteetan izandako ikusleei dagokienez, 1.200 lagun aipatu zituen arren, aurten zifra hori bikoizteko asmoa dute, batik bat emanaldien kopuruan egindako «jauzia» dela-eta.

Oro har, euskaraz egindako zinema ezaguratazi nahian, Zirkuituak eskaintzen duena «sarea» da, Morenoren esanetan; herrietara hedatzeko balio duen tresna, alegia. Eta horren bitartez, ahalik eta jende gehienarengana iristea dute xede: «Euskaraz sortzera animatu nahi di- tugu zuzendariak, eta horretarako euren lanak erakusteko plazak eskaintzen dizkiegu guk».

Emanaldien antolatzaileak tokian tokiko euskara elkarteak dira; Topagunea, berriz, koordinazio nagusia egiteaz arduratzen da. Alde horretatik, «herri finkoak» ez ezik ekimenarekin bat egiten lehenengo aldia duenik ere badela aipatu zuen, eta «pozgarritzat» hartu dute apustua arduradunek, ekimena poliki-poliki hedatzen doan seinale -Ipar Euskal Herrira lehenbiziko bisita izango da aurten-. Gainera, herri horietako asko txikiak izanik, berez zinemazalea ez den ikuslea erakartzeko balio dezake egitasmoak.

Honako hauek dira emango dituzten filmak: Iñaki Beraetxeren «Osaba Jaxinto», Ozkar Galanen «Xoxoak Beleari Ipurbeltz», Asier Altunaren «Sarean», Koldo Almandozen «Midori» eta John Anduezaren «Bilintx». Estreinaldia, berriz, Ane Muñozen «Loturak» lanarena izango da.

ORDUBETE PASATXO
Orotara 71 minutuko 37 emanaldi izango dira; horietako lau Araban, 13 Bizkaian, 15 Gipuzkoan, lau Nafarroan eta bakar bat Ipar Euskal Herrian, Izuran, estreinako aldiz.
Fitxa
Zer: «Osaba Jaxinto", «Xoxoak Beleari Ipurbeltz", «Sarean", «Midori", «Bilintx" eta «Loturak". Noiz: Lehen emanaldia, bihar, 19.30ean. Non: Irungo Amaia kultur zentroan. Derioko Larrabarri baserrian, Durangoko Plateruena kafe antzokian eta Santurtziko Kresalan ere, baina azken horietan 20.00etan.
Zinemagileen eta ikusleen arteko harremana estutzen
Egileek eta ikusleek elkar ezagutzea ere du xede Zirkuituak, eta, horretarako, zenbait emanaldiren ostean solasaldia izango da filmetako zuzendarietako batekin, ikusleen galderei erantzun eta iritziak partekatzeko. Atzo, Ane Muñoz eta Asier Altuna zuzendariek positibotzat jo zuten bai Zirkuituan parte hartzea baita solasaldietan aritzea ere. Lehenak hauxe esan zuen: «Ohore bat da labetik atera eta jaialdi batetik pasatu aurretik, filma aukeratzen duten ala ez ikusteak sortzen duen tentsio horrekin egon ordez, zuzenean jakitea pelikula ikusleengana iritsiko dela. Aukera interesgarria da euskarazko filma azpititulurik gabe herri txikietan izatea ere. Gainera, herrietan erakustean, baldintzatuta ez dauden lagunen iritzia entzuten da, eta harreman oso interesgarria da hori ere niretzat". Asier Altunak, berriz, laburren formatua berez banatzeko zaila dela adierazi zuen, eta «behintzat euskaraz halako lan bat eginez gero bide bat badela jakitea garrantzitsua da". «Guztiok ohitzen ari gara, egileak eta herrietako jendea. Azken finean, zinema da hau, eta kontatu nahi dugun horri eta ikusleak ikusi nahi duenari bide ematea da". I.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo