GARA > Idatzia > Euskal Herria

NaBai-k Iruñeko udaltzainen jarrera gogorra salatu du

GARA |

Jabier Eskubi (Aralar) eta Iñaki Cabases (Eusko Alkartasuna) Iruñeko Udalean zinegotzi direnek Udaltzaingoaren atal baten jarduera salatu dute, Nafarroa Bai koalizioaren izenean. Yolanda Barcinaren eta UPN taldearen gustuko ez diren ekimenak itoarazteko eta oztopatzeko legealdi honetan bultzatu den dinamika salatu dute. Gainera, udaltzainen burua jo dute horren erruduntzat.

Zinegotzi horiek adierazi dutenez, «udaltzainek ez dute beren aurpegi gogorrena erakutsi eta jazartzaile izan behar». Azaldu dutenez, salatutako jarrera ez da udaltzain talde osoarena. «Beti talde berak egiten ditu ekintza horiek. Alde horretatik, Dornier-en greban, olentzeroen aurka edo Arrosadiako azkenaldiko istiluetan beti talde bera aritu da. Horien artean, 239 zenbakidun udaltzaina da parte-hartzaile nagusia», esan dute. Udaltzain horien jarduerak hiritarren aurrean talde osoaren izena zikintzen duela salatu dute, eta beren artean ere ezinegona sortzen duela azaldu.

«Aurpegia garbitzea»

Nafarroan lehendik ere bi polizia talde daudela oroitarazi, eta Udaltzaingoak hiritarrengandik hurbilago egon behar duen taldea izan behar duela esan dute. Alde horretatik, udaltzainen barruko Esku-hartze Taldea desagerrarazteko eskatu dute, eta gerora begira, NaBai Gobernura iritsiko balitz, bultzatuko lukeen poliziaren eredua gizartekoiago eta gaur egungo militarizaziotik urrundutakoa izanen dela adierazi dute.

Bertzalde, ia ezkutuan egin duten lan-kontratu baten berri eman dute. Ziurtatu dutenez, Hiritarren Babeserako Sailak udaltzainen «aurpegia garbitzeko» kazetari bat kontratatu du hiru hilabeterako, hauteskundeei begira. EAko zinegotziak honakoa baieztatu du: «NaBai-k ez du onartuko Udaltzaingoari buruz irudi idiliko bat zabaltzea errealitatea ezberdina delako; talde errepresibo eta integristaren irudia du, hain zuzen ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo