UGTk soldata igotzeari emango dio lehentasuna aurtengo negoziazioan
UGT sindikatuak soldata igoerari emango dio lehentasuna aurten hitzarmen kolektiboak sinatzean. Bere asmoa sektore guztietan gutxieneko soldata 1.000 eurotik gora izatea eta erosteko galdutako ahalmena berreskuratzea dira. Lan jardunaldia murriztea, berriz, ez da bere lehentasuna izango, uko egin ez badio ere. Damaso Casado idazkari nagusiaren esanetan, gai horretan enpresaburuen jarrera ikusita, soldatak gaurkotzea bermatzen saiatuko dira.
Pablo RUIZ DE ARETXABALETA |
Soldaten igoera izango da UGT sindikatuak aurtengo negoziazio kolektiboan izango dituen lehentasunetako bat. Hori adierazi zuen Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiak Gasteizen negoziazioaren ardatzak azaltzean. Casadoren esanetan, datozen hilabeteetan negoziatuko diren hitzarmenetan, gutxieneko soldatak 1.000 euroren gainetik izateko eskatuko du. Gainera, kopuru horren gainetik dauden soldatak KPIren gainetik igotzen saiatuko da, langileek aurreko urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko. Casadoren datuen arabera, probintzietako hitzarmenaren batez besteko gutxieneko soldata 850 eurokoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Bestalde, lanpostuetan egonkortasuna eta osasuna izango dira ardatz nagusiak. Lan jardunaldia, berriz, ez da UGTren lehentasuna izango. «Ez diogu uko egingo jardunaldia murrizteari, enplegua banatzeko eta lana bizitza pertsonalarekin elkartzeko tresna delako, baina ez da gure lehentasun handia izango», esan zuen Casadok. Hain zuzen, Metalgintzako hitzarmena ez dute 2003tik berritu, Araban eta Bizkaian enpresaburuek ez dutelako lan jardunaldia murriztu nahi.
Casadok patronalari egotzi zion negoziazioa blokeatu izatearen errua, baina ELAri ere; gehiengoa izanik, sektoreko hitzarmenaren alde ez borrokatzea leporatu zion. Horrela izanik, UGTk beste bideak bilatuko ditu jardunaldia murrizteko, baina ez da lehentasuna izango «batasun sindikala ez dagoelako» eta soldatak gaurkotzea ziurtatzeko.
UGTk beste sindikatuei dei egingo die Metalgintzako negoziazioa berriro hasteko. Arabako 19 hitzarmenetatik 13 sinatuta daude, eta beste seiak datozen egunotan hasiko dira negoziatzen.
Iazko negoziazioaren azterketa
Bestalde, Lan Harremanetarako Kontseiluak argitaratutako datuen arabera, 2006. urtea amaituta, negoziazio kolektiboaren eraginpeko langileen %41en hitzarmenak berritu gabe zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Gainera, langile askok, sektoreko eremuan, hiru urte baino gehiago daramatzate hitzarmena berritu gabe. EAEn erregistratutako 121 sektoreko hitzarmenetatik 30 dira 2004. urteaz gerozteki berritu gabe daudenak. Guztira, 108.089 pertsona eragiten dituze. Atzerapenik handiena Bizkaian gertatu da.
Iaz itundu zuten batez besteko soldata igoera %4,42koa da. Enpresetako hitzarmenen soldata igoera %3,73 izan da; eta sektoreetan, berriz, %4,62.
Lanaldiari dagokionez, berritu ziren hitzarmenek aurreko urteetakoek baino murrizketa apalagoa dute. Lanaldi murritzagoak itundu zituzten hitzarmenen %40,1ek. Oro har, batez besteko 2,9 orduko murrizketa izan zen. Iaz berritutako hitzarmenetan 1.707 orduko lanaldia sinatu zen.
Bestalde, 224 greba izan ziren (aurreko urtean baino %27,3 gehiago), eta 62.577 langilek hartu zuten parte (+%17,8).