GARA > Idatzia > Kirolak

«Finalerdia nola joan zen ikusita, finalean izatearekin oso gustura nago"

Jon LEUNDA |

Paxkal Ezkurra da gaur egungo txapelduna, eta bera da larunbatean Baionan jokatuko duten finala irabazteko faborito nagusia.

Nola heltzen zara finalera?

Ongi nago, eta finalean izatearekin oso gustura. Finalerdietako partida ia galduta izan nuen; Kurutxarik esku-eskura izan zuen garaipena, baina azkenean nik irabazi nuen, eta horrek poz handia eman zidan.

Finalerdietan buru aldetik ere bikain zabiltzala erakutsi zenuen, ia galduta zenuen partidari buelta emateko gai izan baitzinen.

Bai, fisikoki ongi nengoen, eta aurrera egin nuen. Ez nuen nire egunik onena izan, baina 33-25 galtzen ari nintzela partida galduta ikusi nuen. Ordura arte urduri ibili nintzen, eta orduantxe lasaitu eta nire jokoa egiten hasi nintzen. Dena dela, esan behar da Kurutxarik partida handia egin zuela, eta zaila dela bere aurka buruz buru jokatzea.

Zailena egin zenuen, partidari buelta ematea, baina berriro ere 39-37 ihes egin zizun.

Bai, eta orduan berriro ere partida ia galduta ikusi nuen. Berak izan zituen neurketa finitzeko aukerak, baina ez zituen aprobetxatu, eta berriro ere partida berdindu nuen. Azken kintzean sakea alde izateak garrantzi handia du, eta hori ongi aprobetxatu nuen.

Finalean Ozafrain duzu aurkaria. Nola ikusten duzu?

Finalerdietan ikusi nuen, eta oso ongi aritu zen. Bera bakarka aritzeko oso ona da, huts oso gutxi egiten ditu. Oso ongi sakatzen du; botearekin min handia egiten du, eta sarea ere erraz topatzen du. Bi aldiz txapeldun izandakoa da, eta badakit zaila izango dela bera menderatzea.

Jendearen azkeneko erreferentzia Superprestigioko finala da, eta hura zuk irabazi zenuen.

Bai, baina gauza asko ikusi behar dira. Hura Donibane Garazin zen, eta hau Baionan da. Bi trinketak oso ezberdinak dira, eta egunak ere ezberdinak izaten dira. Final honek harekin ez du zer ikusirik izango.

Txapelduna zu zara, eta faboritoa ere bai. Horrek presioa jartzen al dizu?

Izan liteke, baina final bat jokatzen denean denok irabazi nahi izaten dugu, eta horrelako norgehiagokak beti izaten dira zailak denentzat.

Orain arte Martiarena da txapelik gehien jantzi duen pilotaria, bederatzi bai baititu. Zuk 25 urte besterik ez duzu, baina askok diote hori apur dezakezula. Nola ikusten duzu?

Hori zaila da, oraindik nik bakarra irabazi baitut. Orain ez nago horri begira, eta apurka-apurka joan nahi dut; lehenengo, larunbateko finala jokatu nahi dut. Egia da aurrera begira helburu bat izan daitekeela, baina ez dut orain horrekin pentsatu nahi.

Finala Modernen jokatuko duzue. Leku berezia izango da denentzat, ezta?

Bai, baina uste dut Pauen entrenamendu ona egin genuela, bai baitu trinket hark Baionakoaren tankera, nahiz eta hura oraindik azkarragoa izan. Modernen ongi aritzeko fisikoki oso ongi egon behar da, han bero handia sortzen baita.

Paxkal EZKURRA
Pilotaria Paxkal Ezkurra da egungo Bakarkako txapelduna, eta aurten ere finalean da, datorren larunbatean jokatuko baitu Patrick Ozafrainen aurka. Trinketeko esku pilota profesionalean dagoen gazteenetakoa da, eta askoren ustez, gaur egun dagoen onena ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo