GARA > Idatzia > Kirolak

SASKIBALOIA Bruesa eta Tau arazoekin bruesa gbc

Jaurtiketa libreak; abantaila bat arazo arriskutsu bihurtua

Bruesak du alor horretan ACBko batez bestekorik txarrena; Euroligan ehunekorik okerrena, berriz, Tau Baskoniak du, eta azken-aurrena da

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Teorikoki eta filosofikoki, jaurtiketa libreak falta pertsonala egin duen jokalariaren taldea zigortzeko eta arau-haustea jaso duena nolabait konpentsatzeko jarriak daude araudian. Azke- naldian, ordea, abantaila behar lukeena arazo iturri bihurtu da Tau Baskoniarentzat eta Bruesa Gipuzkoa Basketentzat, jaurtitzaileak ez baitaude batere fin. Horrek partida askotan oso garrantzitsuak izan daitezkeen puntuak galtzea eragiteaz gain, urduritasuna eta konfiantza galtzea baitakar. Sentsazioez harago, zenbakiak argiak dira alor horretan, eta ACB ligan donostiarrena talderik txarrena da jaurtiketa libreen ehunekoan. Arabarrena bigarren talderik txarrena da txapelketa horretan, eta okerrena, Euroligan.

Estatistikei erreparatuta, Porfi Fisacen mutilek badute bai zer hobetua alor erabakigarri honetan -esaterako, Fajardok Bilbon jaurtitako azkena sartu izan balu, alferrikakoa izango zitekeen Salgadoren ezinezko hiruko famatu hura-; izan ere, jaurtitako %65,27an baino ez baitute asmatu orain arte (429/280) eta esan bezala, talderik eskasena da ACBn. Ehunekoa zertxobait hobea izan arren, %68,65 (488/335), Baskoniaren kasua larriagoa izan daiteke, bera baita ligan jaurtiketa librerik gehien egiten duen taldea, Gironako Akasvayuren atzetik. Orain arteko Ligako ehunekorik onena Sevillako Caja San Fernandorena da. Manel Comasenek %79,68an asmatu dute (379/302); hau da, Bruesak baino 22 puntu gehiago lortu ditu 4,60ko marratik, nahiz eta 50 aldiz gutxiagotan saiatu.

Prigioni, bigarren onena

Jokalariei banan-banan begiratuta, Baskoniak datu harrigarriak ematen ditu, bere taldean baitaude ligako jaurtitzailerik onenak, baita txarrenak ere. Esaterako, ehunekoei dagokienez, Pablo Prigioni ACBko bigarren jokalaririk onena da. Antolatzaile argentinarrak %94,44ko portzentaia dauka orain arte, jaurtitako 36etatik bi bakarrik huts egin baititu. Real Madrileko Louis Bullock da alor horretan onena, %97,26arekin, eta, gainera, askoz jaurtiketa libre gehiago botata (73/71).

Bruesan ere antolatzaile bat da jaurtiketa libreetan onena: Nacho Ordin. Aragoiarrak, ligako 12. ehuneko onenaren jabeak, %86an asmatu du orain arte (49/42), baina bi taldeetan asko dira portzentaia horietatik oso urrun dauden taldekideak. Bruesa Gipuzkoa Basketen esaterako, Bradleyk %51n asmatu du, Kamerichsek %54an eta Doblas kapitainak %53an.

Baskonian, bi pibotik sendoenek, Kaya Peker-ek eta Tiago Splitter-ek, jaurtiketa libreetan arazo larriak dituzte. Biek oso portzentaia txarrak dituzte ACBn, %50 turkiarrak eta %55 brasildarrak -azken hiru denboraldietan %66an zebilen-, eta aurkariek ondo ikasita daukate lekzioa. Urrutira joan gabe, azken igandean, Pamesako jokalariek behin eta berriro bilatu zituzten bi jokalari horiek, eta asmatutako jaurtiketa bakoitza hiruko bat baino gehiago txalotu zuten zaleek.

Arazo horiek are larriagoak dira Euroligan. Bi pibotak oso eskas ari dira alor horretan Europako txapelketarik garrantzitsuenean, eta, konpondu ezean, oso garesti ordain dezake taldeak. Pekerrek %38,63 dauka (44/17) eta Splitterrek, jaurtiketa kopuru bera eginda, bat gehiago sartu du; haren portzentaia %40,9 da.

Zenbaki horiekin, ez da harritzekoa gasteiztarrena izatea alor horretan txapelketako talderik txarrena; haien batez bestekoa %65,1ekoa da, Cibona onena denaren %81etik oso urrun.

Natxo Lezkano
El técnico vizcaino del Baskonia señaló ayer antes de viajar hacia Pau que el equipo gasteiztarra está «en una línea ascendente", tras basar el juego de su equipo «sobre todo en una mejora importante de la defensa". El entrenador no quiere ningún tipo de confianzas ante su visita al equipo bearnés.
Rumores
Desde Grecia aseguran que el Baskonia ha contactado con el Panionios para realizar una oferta a su técnico Luka Pavicevic, que coincidió con Perasovic en su época como jugador en la Jugoplastika. Sin embargo, el propio entrenador como el club habrían desechado tal oferta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo