Nekane Altzelai EAko legebiltzarkidea
Bakoitzari berea
EA bozketa sistema aldatzeko proposamenen aurka agertu da beti, badakigulako gizarte eragileen arteko harremanak eta beren arteko indar metaketa bereziak direla
Egunkari honek «Demokrazia kontua» izenburupean Adolfo Muñoz ELAko ordezkariak eta Garbiñe Aranburu LABekoak sinatutako iritzi artikulua argitaratu zuen otsailaren 10ean. Zalantzan egon naiz, baina iritzi publikoak iritzia osatzeko informazio osoa jasotzeko eskubidea duenez, artikulu horri erantzun beharra sentitu dut.
Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoera kritikoak kezkatuta, EA, EAJ eta EBk legez besteko proposamen bat aurkeztu genuen Eusko Legebiltzarrean 2006ko urriaren 11n. Proposamen argi eta zehatza zen gurea: Legebiltzarrean Lan Harremanetarako Kontseiluaren eguneratzea eta erreforma aztertzeko lantalde bat osatzea, alegia. Ekimen haren testuingurua ere ezaguna da: Kontseiluko presidenteak dimisioa aurkeztu berria zuen eta arazoak zeuden bere ordezkoa izendatzeko, legeak egoera hori aurreikusten ez duelako; ELAk, gainera, erakunde hori uzteko erabakia plazaratu zuen garai horretan.
Aipaturiko iritzi artikuluaren sinatzaileek, ordea, Legebiltzarraren esku-hartzea sumatzen dute gure ekimenean eta kezka dute, hirukoa osatzen dugun taldeen aldetik, proposamen honen atzean, ezkutuan, Kontseilu honetako boz sistema aldatzeko helburua ote dagoen, benetan hau horrela izango dela sinesten baitute. Eta gogoeta honetatik abiatuta, oinarririk gabeko hainbat egiaztapen egiten dituzte. Kritikak jasotzera irekita egon behar dugu politikariok baina arrazoituak egon daitezela eskatzeko eskubidea ere badugula uste dut.
EAk inoiz ez du esan lan harremanak gaiztotzearen arrazoia gizarte elkarrizketarako erakundeen blokeoa dela. Funtsean, lan harremanen egoera legediaren eta lege erreformen araberakoa dela uste dugu, eta hori, euskal erakundeetatik kanpo hartzen diren erabakien baitan dago. Eta bestalde gogorarazi behar dut gizarte elkarrizketarako erakundeen blokeoaz inoiz ez dugula hitz egin; Lan Harremanetarako Kontseilua, bere presidentearen dimisioaren eta ELAk erakundea uztea erabaki eta gero, une kritiko batean dagoela deritzogu.
EAk inoiz ez du uste izan aspaldian akordiorik izan ez denez akordioen aurkako bozak indargabetu behar direnik. Egia da Lan Harremanen Kontseiluan 1999ko urtarrilaren 15ean sinatu zela enpleguaren aldeko azken hitzarmena. Ordutik zailtasun ugari izan dira akordioak lortzeko, baita elkarrizketa bera sustatzeko ere, baina guk ez diogu inori egoera horren ardura egotzi. Aldiz, gure proposamenaren arrazoia Kontseilu honen indefinizio egoeran datza, besterik gabe.
Legebiltzarrak lotura zuzena du bai Lan Harremanetarako Kontseiluarekin bai Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Kontseiluarekin; ondorioz, egungo egoeraren aurrean kezkati azaltzeak ez luke inoren harridurarik sortu beharko, kontrakoa baizik. Halaber, bi kontseilu hauek Legebiltzarrean onartutako legez sortu eta arautzen direla gogorarazi behar da; beraz, jakin badakigu boz sistemaren garrantziaz, besteak beste, egungo sistema gure bozekin onartu zelako.
Erakunde hauek 1984an sortu ziren legez baina 1994an legeak aldatu eta erabakiak hartzeko boz sistema berria arautu zen. Honela, kontseilu hauetan erabaki bat onartua izan dadin, erakundeko talde bakoitzak gehiengo osoz onartu behar du eta sindikatuetako ordezkariek boto haztatua erabiltzen dute hauteskunde sindikaletan lortutako emaitzen arabera. Legea 1997an aldatu zen berriro ere eta hainbat talde boz sistema aldatzen saiatu ziren orduan; EAk, ostera, sistemak bere horretan jarraitu behar zuela defendatu zuen.
Geroztik sistema aldatzeko proposamenak ez dira falta izan Legebiltzarrean: 2001eko otsailean, 2002ko otsailean eta 2005eko urrian, PPk boz sistema aldatzeko proposatu du eta EA horren aurka agertu da beti, badakigulako gizarte eragileen arteko harremanak eta beren arteko indar metaketa bereziak direla.
EAren jarrera argia izan da zeharo, erakunde hauetan egun indarrean dagoen boz sistemaren alde. Honexegatik, zur eta lur geratu naiz ELA eta LABeko ordezkarien artikulua irakurtzerakoan, gure egitasmoa sistema aldatu eta, are gehiago, «akordioen aurkakoen» bozak indargabetzea dela inolako oinarririk gabe leporatzen digutela irakurtzerakoan. Nori eta beti egungo sistemaren alde egin dugunoi! Hori bai ausardia. Faltsukeria, hobeto esanda.
Funtsik ez duten honelako akusazioak, demokraziaren arauak bortxatu nahian omen gabiltzala eta abar, egin aurretik ELA eta LABeko ordezkariek hobe zuketen azken hilabeteotan bakoitzak esandakoa ongi aztertzea. Idazten hasi baino lehen hori egin balute, ikusiko zuketen nola Legebiltzarrean boz sistemaren aldaketaren beharra aldarrikatu duen azkena Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Kontseiluko presidentea izan dela, 2006ko otsailaren 16ko agerraldian. Eta presidente hau, oso oker ez banabil, ELAk eta LABek proposaturikoa da. Bakoitzari berea.