GARA > Idatzia > Kirolak

URREZKO Aizkora Finala

Nazabal-Lopez dira adituen ustez irabazteko faboritoak

Joxejuan Barberena eta Donato Larretxea izango dituzte aurrez aurre, eta horiek irabaziko balute, ez litzateke ezuste handia izango

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkorako finala jokatuko dute gaur gauean, Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, 23.00etan. Bertan, Larretxea eta Barberena Lopezen eta Nazabalen aurka neurtuko dira maila nagusian, eta Atutxa II.a eta Aldape, Eratsunen eta Rekondoren aurka, 23 urtez azpikoetan.

Bi final eta gipuzkoarrik ez da izango, nahiz eta azkeneko ekinaldi hori herrialde horretan jokatuko duten. Lau bikoetatik hiru nafarrak izango dira, eta bat, bizkaitarra. Maila nagusiko finalean, Nazabal eta Lopez dira faborito, edo hori da, behintzat, zaleek diotena. Haiek dira bi bikoetan gazteenak, eta azkeneko saioetan erabateko nagusitasuna erakutsi dute.

Nazabalek zer egingo zuen inork ez zeukan zalantzarik, baina Lopezengan jendeak bazituen errezelo batzuk. Hala ere, sasoi bikainean dagoela erakutsi du, eta Etxarrikoaren arritmoan lan handia egiten ari da. Gaur gauean ere asmo horrekin plazaratuko da.

Larretxea eta Barberena biko beteranoa da, baina kontuz ibili beharko da haiekin. Txapelketa hasi zeneko sasoi bera ez dutela diote, baina horiek txapela jantziko balute ere, ez litzateke inolako ezusterik izango.

Bien kezka zutikako enbor handia da. Hor epaia ongi hartzen ez bada, denbora dezente gal daiteke, eta hori da bien ustez azkeneko txanda librea baino lehen denbora ateratzeko lekurik onena. Hala ere, gehienen ustez, azkeneko saioan erabakiko omen da finala. Sei proba ezberdin egin beharko dituzte, eta horietan denborarik gutxien pasatzen duen bikoak eramango du txapela.

Bizkaitarrak dira faboritoak

23 urtez azpikoen txapelketan, Atutxa II.a eta Aldape, iazko finalistak, Eratsun eta Rekondoren aurka neurtuko dira. Lehen bikoa da irabazteko faboritoa, baina adi ibili beharko du, nafarrek finalerdietan Mugertza anaiak utzi baitituzte kanpoan, eta egungo txapeldunak dira.

Eskarmentu aldetik, ordea, bizkaitarrek handiagoa dute, final dezentetan izan baitira. Gainera, Eratsun, gaueko gazteena, lehen aldiz izango da honelako final batean, eta ikusgai dago zer-nolako maila emango duen. Atutxa eta Aldape handiak eta indartsuak dira, eta tankera horretako lana primeran datorkie, kolpe handikoak baitira.

Hala ere, nafarrek galtzeko ez dute ezer, finalean izanda lehenengo helburua beteta joango baitira Azpeitira, nahiz eta horiek ere txapela janzteko ilusio handia duten, eta hasieratik ekingo dioten lanari, batere beldurrik gabe.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo