GARA > Idatzia > Kultura

Itsasadarraren irudirik indartsuenak, Bilboko Itsas Museoan daude ikusgai

GARA | BILBO

Jesus Jauregiren (Bilbo, 1957) «Riberas de luz y sombra. Carbogramas» izeneko erakusketa ikusi ahalko da gaurtik eta maiatzaren 5a arte Bilboko Itsas Museoan.

Behin-behineko erakusketa hori Bilboko Itsasadarreko ibaiertzaren irudiek osatzen dute. Batzuk paisaia orokorrak dira; beste batzuk, ostera, detaileak. Guztira 47 artelan erakutsiko dira, hainbat formatutakoak.

Artista bilbotarraren lanetan itsasadarra intentsitate handiz irudikatzen da, Museoak jakinarazi zuenez. Teknikari dagokionez, konposaketa eta argilunak baliatu ditu indar hori lortzeko. Argazki analogikoak dira eta ikatz hutsezko pigmentuekin txertatzen dira kotoizko paperaren gainean. Inpresio mota horrek puntako teknologiaren beharra dauka eta zuri-beltzezko irudietarako baino ez du balio. Emaitza, ordea, kalitate handikoa da. Grisen mailaketa oso aberatsa, beltz oso intentsoak eta tonu mateak lortzen baitira, argazkilaritza teknika arruntekin sekula ikusi bakoak.

Jauregiren ibilbidea

Jesus Jauregi Euskal Herritik kanpo hasi zen eskultura eta margolanak egiten. 1978tik 1981era Buenos Airesen bizi izan zen eta han piztu zitzaion grina. Ibilbide artistikoa Mexikon eman zituen 14 urteetan finkatu zuen. Eskulturaz eta pinturaz gain, grabatuetan eta arkitekturan ere murgildu zen.

1995ean Euskal Herrira itzuli zen eta Europako zenbait hiritan erakusketak egin zituen. Hainbat enpresarentzat eskulturak egin ditu: Motores Indar, Irizar, Ampo... Azkeneko urte biotan Mexikon beirazko eskultura erraldoi bat diseinatzen buru-belarri dabil.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo