Aritz A. ibarrola Donostia
Inposaketarik ez, txikiziorik ez
Garapena, ekonomikoa eta soziala batez ere. Hau da gehien erabiltzen den terminoa edozein proiektu edo egitasmo arrazoitu eta justifikatzeko. Baina garapen horrek, bere anbiguotasunaz baliatuz, trikimailu, azpijoko eta ezkutuko helburu ugari kamuflatzen ditu.
Azkenaldian proiektu erraldoi ugari planteatu dira Euskal Herrian garapen honen edo bestearen gidaritzapean; ez dira lehenengoak, baina egoera berezi bat sortu dutela ezin da ukatu, denak ia aldi berean garatzeko planteatu, pilatu baitira.
Honez gain, alde batetik beren dimentsio erraldoiak eta bestetik gure gizartean, gure ingurunean, gure Herrian suposatuko luketen eragin izugarria kontuan hartuz, proiektuok garrantzi berezia berenganatzen dute. Ez dira proiektu xume eta kaltegaitzak.
Garrantzi berezi honen ondorioz, aspalditik aldarrikatu eta gaur egun pil-pilean dagoen gaia plazaratua izan da: Herritarren hitza entzun eta errespetatzea.
Proiektu Erraldoi hauek hobeto ezagutu nahi dituenarentzat, aste honetan Antiguako Antiguotarrak elkartean hainbat ekimen antolatu ditugu Inposaketarik, txikiziorik EZ! lelopean.