GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Haziak taldeak salatu du baliabideak ez datozela bat ikasleen emendatzearekin

Hezkuntza pribatu giristinoan irakaskuntza elebiduna jasotzen duten haurren gurasoek hurrengo ikasturterako irakasle postuen eskasia salatu du. 2007-2008 ikasturtean irakasle postu bat galdu duen Donaixtiko eskolako gurasoek zentroa okupatu zuten atzo.

Idoia ERASO |

Eskola pribatu giristinoetako hezkuntza elebiduneko gurasoen elkarte Euskal Haziak taldeak salatu du irakaskuntza elebidunean dauzkaten ikasleen kopuruak etengabe gora egiten badu ere, baliabideen emendatzeak ez duela horrekin bat egiten. Seaskarekin eta Biga Bairekin batera, Euskal Haziak taldeak osatzen duen Hiru Saretak, apirilaren 7rako deitu manifestaziora joateko gomita egin du elkarteak.

Igandean ospatu zuen Kanbon Euskal Haziak taldeak bere besta. 1.000 pertsona inguru bildu ziren ikasle, guraso eta irakasleen artean, eta elkarteak bere kezkak plazaratzeko baliatu zuen. Euskal Haziak taldeko presidente orde Pascal Bourgoinek adierazi zuen: "Irakaskuntza elebiduna edo euskararen irakaskuntza kinka txarrean da. Nahi dugu benetako politika izan dadin, benetako nahikeria ager dadin".

Irakaskuntza elebidunean bizi duten egoeraren berri ere eman zuen Bourgoinek: "Irakaskuntza katolikoan, beste sareetan bezala, ahalak ez dira emendatzen, aldiz ikasleen kopuruak bai. Urtero %10 igotzen da ikasleen kopurua, baina eskola askotan ezin ditugu haur gehiago onartu eta gurasoei ezezkoa esan behar izaten diegu.".

Eskola okupazioa

Heldu den ikasturterako eskola-kartan giza baliabideen banaketan parterik txarrena jaso duena hezkuntza elebiduna izan bada ere, hainbat zentro elebakarretan ere egoera «jasanezina» da. Horren adibide da Donaixti-Ibarreko San Mixel eskola giristinoan gertatzen dena, heldu den ikasturtean irakasle postu bat kentzea erabaki du Paueko Ikuskaritza Akademikoak. Izango luketen irakasle bakarrarekin ezingo lituzketela klaseak eman ikusita gurasoek atzo eskola okupatzea deliberatu zuten.

Lehen Hezkuntzan barruko irakaskuntza eskaintzen duen zentro bakarra da. Egun bi irakaslek ziurtatzen dute 20 ikasleen hezkuntza. "Irakasle bakar batekin haurrak bertan lo egitera gelditzea ezinezkoa litzatekeela" adierazi zuen zentroko langile Alza andereak.

Atzo 20 guraso izan ziren eskola okupatzen. Alza andereak adierazi zuen: "Gurasoak asko inplikatu dira, zentro txikia da eta ikasle bezain beste guraso etorri dira, haiek sortu zuten ekimena". Gurasoek eta zentroko langileek "txarrenera" postu erdi bat kentzea onartuko luketela jakinarazi dute.

%10 urtero

"Irakaskuntza katolikoan, beste sareetan bezala, ahalak ez dira emendatzen, aldiz, ikasleen kopuruak bai. Urtero %10 igotzen da, baina eskola askotan gurasoei ezetz esan behar izaten diegu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo