Liga Federala
Donibane Lohizunek gora egiteko aukerak galdu ditu
Nafarroak Lehen Mailari eusteko urrats handia egin du etxean Marmande mendean hartuta, baina Maulek oso zaila izango du maila nagusian jarraitzea; izan ere, Mazameten galdu zuen
Jon LEUNDA | BAIONA
Liga Federaleko Lehen Mailan, ia agur esan die Donibane Lohizunek Pro 2ra igotzeko zituen aukerei. Izan ere, bigarren fasea gainditu, eta hirugarren fasea jokatzen baita, eta han izateko aukera guztiak galdu ditu herenegun arratsaldean 29 eta 13 Nimesen galduta.
Bigarren fase horretan, lau taldetako multzoetan ari dira jokatzen, eta lehen itzulia amaitu denean, gorri-berdeek jokatutako partida guztiak galdu dituzte.
Herenegungo norgehiagokan, lapurtarrek entsegu bakarra lortu zuten, eta hori Ibarbururi esker heldu zen. Elizondok transformazio bat eta bi zigor-kolpe gauzatu zituen.
Jaitsierako fasean, berriz, emaitza oso ezberdinak izan dituzte Nafarroak eta Maulek. Nafarroa Beherekoek irabazi egin zuten, eta mailari eusteko urrats handia egin dute, oso zaila izango baita heldu den urtean Lehen Mailan ez jarraitzea. Maulek, aldiz, galdu egin du, eta ikaragarri okertu zaio etorkizuna hari.
Nafarroak partida zaila zuen Marmanderen aurka, baina hori-gorriek 26 eta 19 irabazi zuten. Verdunek, Hapetak eta Bidartek lortu zituzten euskaldunen hiru entseguak; eta Zelanek, aldiz, transformazio bat eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen. Modu horretan, garaipena etxekoentzat segurtatu zuen. Emaitza horri esker, mailari eusteko txartela eskuetan dute.
Hanka bat Bigarren Mailan duen taldea Maule da, nahi eta nahi ezkoa baitzuen Mazameten zelaian irabaztea, talde hori baita zuberotarren atzetik dabilena, baina zuri-gorriek partida eskasa egin zuten. 25 eta 3 galdu zuten, eta oso zaila izango dute mailari eustea, bestela, hemendik aitzinera orain arte egiteko gai izan ez direna egin beharko baitute. Landarribilkok egin zituen zuri-gorien puntuak, zigor-kolpe bati esker.
Bigarren Mailan, berriz, denboraldi honetan sarritan gertatzen ari dena pasatu zen, Bokalek irabazi baitzuen; eta Donapaleuk, berriz, galdu. Lapurtarrek 20 eta 16 irabazi zioten La Testeri, eta igoerarekin amesten jarraitzen dute. Couradek egin zuen entsegua, eta Nerinek bost zigor-kolpe gauzatu zituen.
Donapaleuk, berriz, 13 eta 3 galdu zuen Saint Medarden zelaian. Frantxistegik egin zituen euskaldunen puntuak, zigor-kolpe bat gauzatuta.
Sarrerak salgai
Biarritz eta Northampton arteko partida ikusteko sarrerek salgai jarraitzen dute Agileran eta Anoetan. Oraingoz 50 eta 55 eurokoak ari dira saltzen.