GARA > Idatzia > Editoriala

Antzertiaren goi eskola eta zabarkeria

Antzertiaren goi eskola bat herritar askori beharbada ez zaio garrrantzizko kontua iruditzen. Batez ere haren faltak dakartzan kalteen berri ez badu. Baina edonork nahi du bere herriaren maila kulturala ahalik onena izatea, eta kasu honetan antzerkiaren eta dantzaren bidez kalitatezko eskaintza. Kultur arlo horretan zenbat profesional eta ikasle, eta zer balditzatan jarduten duten jakinez gero, kontu garrantzitsua ez ezik, logiko eta beharrezkoa irudituko litzaieke herritar gehienei, horrelako egoera bat kultur aberastasunaren kalterakoa delako.

Hutsune handi hori dela-eta, Antzertiaren Goi Mailako Eskola bat sortzeko plataforma sortu zuten orain dela urte eta erditsu, hainbat antzerki eta dantza elkarte, egile, gidoilari, aktore, zuzendari eta produktorek osatua; 2.000 pertsona inguruk denetara. Goi mailako eskola horren falta oztopo nabarmena da pertsona horien jardun artistiko eta profesionalerako, ikasketa ertainak bukatutakoan Estatu espainoleko eskoletara jo edo espezializazioa bertan behera utzi behar baitute. Estatuko erkidego guztiek badituzte horrelako eskolak, Euskal Herrikoek izan ezik. Plataformak joan den urtean Gasteizko Legebiltzarrean eskola horren beharraz eztabaida zezaten lortu zuen, eta Legebiltzarrak goi eskola hori 2007-2008ko ikasturterako sortzeko premiatu zuen Gasteizko Gobernua; hartarako, aldez aurretik dagokion azterketa egin zezala agindu zuen. Gasteizko Gobernuak azterketa enkargatu zuen, baina plataformak oraindik ez du haren emaitza jaso; oraindik ez du erantzunik jaso. Bistan da, goi eskola sortze aldera ez dute ezer ere egin.

Nabarmenkeria hutsa gertatzen da herri batek, edozein motatako ondarea zaindu behar duen moduan, bere kultur adierazpen oro mantendu, sustatu eta garatu behar duela esatea. Edo hori gauzatzeko ardura herri horren instituzioena dela, behar diren bitartekoak jarri behar baitituzte. Baina hori guztia diskurtsoan baino agertzen ez dutenean, zabarkeriaz hitz egin genezake. Areago parlamentu baten agindua dagoenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo