GARA > Idatzia > Jo puntua

Txotxe Andueza Kazetaria

Aitaren eguna, elizetan eta saltokiguneetan

Erlijio katolikoa nagusi den herrietan, aste honetan -martxoaren 19an zehazkiago esanda-, Aitaren eguna ospatu dute. Gurean ere, beste gai askorekin gertatu ohi den bezala, ezin diogu horrelako «ospakizun» erlijioso bati muzin egin, eta, denboraren poderioz aldaketak izan dituen arren, ikastetxeetan umeek opariak egiten dizkiete aitatxoei; emakumezkoek iragarkietan agertzen diren horietakoren bat oparitzen diete gizon bikotekideei, eta nonahi entzuten zaio norbaiti, ahopean eta erdi txantxetan bezala bada ere, aita den bati zorionak ematen.

Aitatasuna modan ez zegoen hamarkada askoan, Amaren eguna ospatzen omen zen. Baina «modernitateak» erlijio katolikoak amatasunari ematen dion izaera baztertu zuen. Harrezkero, egun bi horiek saltokiguneetan salmenta bereziak egiteko aitzakia bilakatu ziren. Edo hori uste nuen nik.

Azken urte hauetan ikusi ahal izan dugu arreta berezia jartzen zaiola San Jose egunari. «Ofizialki» Aitaren eguna den hori sektore aurrerakoi batzuk aldarrikapen eguna bilakatzen ari dira: aitatasunaren balioa eta horrek dakartzan ardurak, beharrak eta onurak nabarmentzen dituzten mezuak zabaltzen dituzte martxoaren 19an. Inondik inora, aldarrikapen arrazoizkoak eta egin beharrekoak. Arazoa, alta, ez dago mezuan; horretarako aukeratu duten egunak sortzen ditu zalantzak.

Erritualetan eta tradizioetan denbora eta bizia ematen duen horietakoa izan gabe ere, erraz onartzen dira ospatzeko aukera ematen duten egunkarietako egun gorri guztiak, datozen tokitik datozela ere. Horregatik, Aste Santuak eta Gabonak, jatorri erlijiosoa izan arren, erabat arrakastatsuak izaten dira gurean ere, nahiz eta gehienentzat soilik oporrak diren. Baina desberdina litzateke egun horiek hartu eta, esaterako, heriotza zigorraren aurkako mezuak zabaldu batean edo familiaren balio berriak aldarrikatu bestean.

Balio berritzaileetan oinarritutako gizarte eredu berriak sortzeko bidean Aitaren Eguna gisako sinboloek badute eragina. Betiere, iruditzen zait, erlijio katolikoak sortutako eredua ezin daitekeela izan aitatasunaren eredu berria osatzeko abiapuntu egokia. Baldin eta eredu hori sexuen arteko berdintasunean oinarritzen bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo