Jon Urrusolo eta Gotzon Etxarri LABeko kideak
Adiskidekeria, transparentzia-eza eta irizpide-falta
Rosa Romo Lopez irakasleak ez du Ingelesa baino irakatsi azken hogei urteetan -Filologia Ingelesean lizentziaduna baita-, borondatezko eszedentzia eskatu zuen orain bi urte Nazareten, eta bere lanpostura bueltatzean honako hau esaten dio zuzendariak: «2006-07ko ikasturtean eman behar dituzu Historia, Filosofia, Euskera eta Ingelesa». Horrez gain esaten dio irakasleari, 15 egun pasa baino lehenago erantzun ezean, egoki diren beste irakasle batzuei emango zaizkiela eskola horiek.
Irakasleak, egoera konpontzeko, elkarrizketa bat eskatzen dio zuzendariari baina honek ez du bere erabakia aldatu. Zuzendaritzaren jarrera larria da kontuan izanda Mª Jose Rabella zuzendariak -Historian lizentziaduna-, Lengua Castellana irakasten duela; Rosa Romok ematen zituen Ingeles eskolak ikasketaburu ohiari eman zaizkio, zeina Euskal Filologian lizentziaduna den. Behar-beharrrezkoak ditu Rosaren orduak bere ordutegia osatzeko.
Rosa irakasleari ematen dioten euskera taldea ikastetxeko mailarik altuena da. Baina hau guztia gutxi balitz bezala, hona hemen errematea: Rosak, Filologia Ingelesean lizentziadunak, euskera ematen du, eta beste irakasle batek, Filologia Frantsesean lizentziadunak, Ingelesa.
Irakasleak hezkuntza ikuskaritzara jotzen du eta egoerari buruzko txosten bat egiteko esaten dio Jose Angel Ayucar jaunari. Ikuskariak ez du tutik ere egiten eta hauxe erantzuten du: Rosa Romo Filosofia eta Historia eskolak emateko kapaza da. Ikuskariak badaki Munduko Historia zela irakasleak ikasia; hala ere, gaitzat jotzen du irakaslea 2. batxilerrean Euskal Herriko eta Espainiako Historia Garaikidea irakastearren. Filosofiari dagokionez, irakasleak Hizkuntzaren ikaste-prozesuari buruzko Logika Aplikatua ikasi zuen nahiz eta irakaslearen espedientean Filosofia izenarekin azaldu. Hori guztia ahoz jakinarazten dio ikuskariari Rosak. Epaiketa eguna baino hiru egun lehenago iritsi zen hori guztia frogatzen zuen Salamancako dokumentazioa. Ikuskariak doku- mentazioa ez du onartzen. Epaileak berak hutsaltzat eta ausartitzat jotzen du ikuskariaren iritzi teknikoa baina sententzian Enpresari ematen dio arrazoia; ikuskariaren iritziaren aurka ezin omen du jo.
Irakaslea, egoera horrek eragin dion presioaren ondorioz, bajan dago urriaren 8tik. Irtenbiderik? bakarra: egoera salatu eta Euskal Herriko Justizia Epaitegi Gorenean helegitea aurkeztu.
Larritzat jotzen dugu Rosa Romoren egoera eta hau salatu nahi dugu: 1. Ikuskariaren jarrera pasiboa eta Nazaret Zentroko, Kutxa Fundazioa, zuzendariaren jarrera arbitrarioa, inongo irizpide pedagogikorik gabe behartzen duela edozein irakasle edozer gai ematera. LABek bere buruari galdetzen dio zer egin duen ikastetxe horrek Hezkuntzaren Kalitatearen alde. Bi urte eman omen ditu horretan buru-belarri!
2. Mobilitatea eta antolakuntza aitzakiatzat erabiltzen dituela zuzendariak, bidezkoak ez diren jokaerak zuritzeko eta lagunei mesedeak egiteko.
3. Hau ezinezkoa litzateke irakaskuntza publikoan. Ikuskariak berak dio! Administrazioak transparentzia bera exijitu beharko lieke ikastetxe pribatuei!
Egoera konpontzeko ekiteko esaten diogu Hezkuntza Sailburuari uste baitugu irakaskuntzaren oinarria irakasleak garela.
Irakasleen egoera jakinda jazarpenari stop esaten diogu eta denon laguntza eskatu nahi dugu hurrengo urteetan datozen erronkei aurre egiteko.