Kristobal Gamon ikastetxean osasun egoera arriskutsua
Oreretako Kristobal Gamon ikastetxe publikoko jangelan dagoen osasun-garbitasun egoera arriskutsua eta kaxkarra salatu nahi dugu publikoki eta ozenki.
Ikastetxe honetan aldagelarik ez dagoenez, gizonezko hiru sukaldariok pasilo batean eta irakasleek egunero erabiltzen duten komun batean arropaz aldatzen gara.
Egoera hau, komuna leku osasungaitz izan daitekeela eta ondorioz zeharkako toxikapenak sor ditzakeela kontuan harturik, Osasun Sailak guztiz debekaturik du.
Hots eta jendeak uler dezan: gure aldagela komuna izateak ikastetxeko jangelan toxikapen ugari eta hedatua sor dezake edozein unetan.
Bai langileok zein ikastetxeko zuzendaritzak hartzen ari garen arriskuaz jabeturik, egoera hau Oreretako Udalean salatu dugu, han baita arazoa bideratzeko dagoen arduradun bakar eta nagusia.
Utzikeriaz, gaitasun ezarengatik edota guk ez dakigun arrazoiarengatik, Udalak jakin badaki ere, zein egoera arriskutsu eta larria sor dezakegun, baina konpontzeko ez du ezer egin, ezta egiten ari ere.
Honengatik guztiarengatik, Kristobal Gamon ikastetxeko sukaldeko langileok gure salaketa plazaratu nahi dugu eta, toxikapenik gertatuko balitz, ez litzatekeela gure ardura izango adierazi nahi dugu, Oreretako Udalarena baizik; azken honek aspaldidanik jakin baitaki honen arriskuaz, lehenesten baititu «garrantzi» handiagoa dituzten arazoak aitzakiatzat!