GARA > Idatzia > Mendia

ESKI ALPINISMOA Lehiaketak

Izaskun Zubizarreta Urratsez urrats maila gorenean dabilen eskiatzailea

Iazko erritmoa mantenduz, eta bere markak gaindituz, eskiatzaile gipuzkoarrak ingurumari honetako eski alpinismoko proba gehienak irabazi ditu. Euskadiko Txapelketa eta Espainiako Kopa izan dira poltsikoratu dituen lehiaketa garrantzitsuenetako bi. Martinelli-Pedranzini italiarrak, nesketan, eta Perrier-Gachet frantziarrak, mutiletan, izan dira nagusi eski alpinismo lasterketan. Euskal talderik onena Otxoa-Letamendik osatutakoa izan da.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Izaskun Zubizarretak eski alpinismoko lehiaketetan izan duen agerraldia ezohikoa izan dela aipatu genuen iaz. Hori, Zubizarretak berak ere ez du jartzen zalantzan. Pasa den urteko egutegiak markatu zituen zirkuitu ezberdinetan parte hartzea otu zitzaion. Lehiatzen zen lehenbiziko aldia zen hura. Hastapeneko proban azaldu eta oso erraz irabazi zuen. Bigarrena iritsi eta beste hainbeste. Eta horrela denboraldia amaitu arte. Lehia guztiak amaitu ondoren, balantzearen orduan, adierazi zigun ez zuela sinisten egindakoa: «Nire lehenengo aldia zen, eta oso emaitza onak erdietsi nituen. Pixka bat berandu harrapatu nau mundu honek, adinean aurrera bainoa, baina aukera guztiak aprobetxatzen jarraituko dut».

Esan eta bete. Aurtengo eski alpinismoko denboraldirako ondo baino hobeto prestatu da, eta iazko emaitzak «leherrarazi» dituela esan genezake. Orain arte, bederen, ingurumari honetan ia dena irabazi du. Zerrenda luzea denez, soilik proba ofizial batzuetara mugatuko gara. Gertuenetik hasteko, otsailaren hasieran Luz eta Gavarnien jokatutako Euskadiko Txapelketan ez zuen areriorik izan. Aise gailendu zen. Horrez gainera, Euskadiko Kopa etxera eraman zuen; hiru probetatik bi irabazi zituen eta azkenekoan ez zuen parte hartu.

Horren guztiaren inguruko azterketa egitean, eskiatzaile gipuzkoarrak irakurketa bikoitza egin digu: «Alde batetik, ikusi dut hemen ez dudala lehiakiderik. Iaz, adibidez, 15 bat baginen; aurten, berriz, ez dakit zer gertatu den, baina ia inor ez da aurkeztu. Egoera horrek egundoko pena ematen dit. Bestalde, hori horrela izanda, gizonezkoei begira jarri behar izan dut. Eta ikusi dut aurreratu dudala, aurrean ibiltzen diren hainbat mutilen parean egon bainaiz».

Nazioartekoetan buru-belarri

Hemengo proben errealitate pobrea alde batera utzita, Zubizarreta FEDMEk antolatutako hitzordu ofizialetan izan da. Eta hauetan ere ia inork ez dio itzalik egin. Urtarrilaren bigarren asteburuan, adibidez, Espainiako Kronoigoera Txapelketa irabazi zuen; hori bai, Andorrako eskiatzaile bat izan zuen aurretik.

Espainiako Kopan ere ez du hutsik egin eta, iaz bezala, bigarren aldiz sari hori bereganatu du: «Iazko emaitza errepikatu dut, baina, Euskadikoan bezala, zirkuitu honetan ere ez dut aukera handirik izan lehia biziak izateko. Izan ere, Emma Roca eta Tina Bes bezalako eskiatzaile indartsuak oso zita gutxitan izaten ari dira. Eta nire atzean daudenek ez dute maila handirik. Aspertzen hasia naiz, besteak beste, bakarrik sentitzen naizelako. Andorrako Sophie da nire mailan dagoen lasterkari bakarra; atzekoei denbora handia ateratzen diet».

Roca eta Bes lehiakideak aipatu ditu Zubizarretak eta, hain zuzen ere, horiek izan dira proba bat «izorratu» diotenak. Espainiako Taldekako Txapelketari buruz ari gara. Orain dela bi aste Val de Nurian jokatutako proba horretan gipuzkoarrak Gemma Arrorekin hartu zuen parte, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Roca eta Besek osatutako taldearengandik 17 minutura geratu ziren: «Oso proba bitxia izan zen. Ez zegoen apenas elurrik: oinez irten ginen, eskiak sorbaldan eraman behar izan genituen hainbat zatitan, elur artifizialean `fokeatu' behar izan genuen... Horrez gainera, ez daukat bikote indartsurik. Gemma ez da mendizalea, eta jaisten nahiko makal dabil. Hala eta guztiz ere, maila ona ematen ari naiz, hainbat mutilek gero eta denbora gutxiago ateratzen baitidate».

Arantza hori kentzeko astirik izan du Zubizarretak. Izan ere, pasa den asteburuan FEDMEren azken proba, Espainiako Txapelketa Indibiduala, irabazi zuen. Horrela bada, Euskal Herriko lehiakide onenak, bigarren urtez jarraian, ingurumari honetako erregina izaten jarraitzen du. Baina oraindik denboraldia ez du amaitu, besteak beste, nazioarteko beste hitzorduetan baitabil.

Eta horietan guztietan garaipenik erdietsi ez arren, beste eskarmentu bat bizitzen ari da. Besteak beste, Munduko Kopan parte hartzen ari da, eta horrek esan nahi du nazioarteko lehiakide onenak dituela alboan: «Jakin badakit beste maila batean lehiatzen ari naizela, baina, oro har, oso gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Hitz batean esanda, eroso sentitzen naiz. Pedranzini, Pellissier eta enparauekin lehiatzen ari naiz eta lehenbiziko hamarren artean sailkatzea lortu dut, bederen. Hemendik aurrera hasiko da nire benetako denboraldia. Aurrean ditut Munduko Koparen hainbat proba, Europako Txapelketa, Kanadako Ireki bat...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo