GARA > Idatzia > Mendia

ESKI ALPINISMOA Lasterket

Pierra Menta Frantsesen eta italiarren arteko borroka biziak

 

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Pasa den astean, osteguna eta igandea artean, Pierra Menta eski alpinismoko lasterketaren 22. aldia jokatu zen. Irakurleak jakingo duenez, lau eguneko taldekako lasterketa hau Europa mailan entzutetsuenetarikoa da. Jakina, eskiatzaile gogorrenek ez dute hutsik egiten, eta aurten ere ikusi da hauek emandako maila izugarria izan dela. Ohi den legez, Pierra Menta talde italiarren zein frantsesen arteko lehia izan da. Talde onenen artean lehia gogorrak eta biziak ikusi izan dira eta, horren ondorioz, podium guztiak beraien artean banatu dituzte. Euskal Herriko ordezkariak ere Beaufortin mendilerroan jokatzen den lau eguneko lasterketa horretan izan dira. Guztira, sei taldek hartu zuten parte, eta horietako batek bertan behera utzi zuen proba.

Pierra Mentak eman duenarekin hasteko, emakumezkoen mailari begira jarriko gara. Inolako zalantzarik gabe, azken urteotako erregina italiarrak izan dira berriro ere protagonista nagusi. Francesca Martinellik eta Roberta Pedranzinik osatutako taldeak aise irabazi zuen 22. ekitaldia. Bigarren urtez jarraian gailendu zen bikote italiarra Pierra Mentan. Bigarren taldeari, Corinne Favre-Nathalie Bourillon frantziarrek osatutakoari, 18 minutuko aldea atera zion. Azken etapa frantziarrentzat oso gogorra izan zen, izan ere, oinekin arazoak izan zituzten eta denbora nahikotxo galdu zuten. Podiumeko hirugarren postua beste talde frantziar batentzat izan zen. Veronique Lathurez-Valentine Fabre bikoteak italiarrengandik ordubete eta lau minutura bukatu zuen. Guztira, hamabi taldek hartu zuten parte, eta guztiek ala guztiek erdietsi zuten lasterketa amaitzea. Ez zen euskal ordezkaririk izan.

Frantziarrak nagusi

Gizonezkoen mailan, bestalde, lehenbiziko taldeen arteko aldeak oso txikiak izan ziren. Ia azken unera arte ez zen ezer argitu. Bi talde ziren faborito: Florent Perrier-Gregory Gachet frantsesek osatutakoa eta Guido Giacomelli-Hansborg Lunger italiarrek osatutakoa. Larunbateko etapa, Grand Mont-ekoa (3.000 ikusle bertaratu ziren), frantziarrek irabazi zuten, eta sailkapenaren buruan jarri ziren. Minutuko aldea soilik atera zieten italiarrei.

Azken etapa erabakigarrian, igandekoan, Perrier-ek eta Gachetek erasoaren alde egin zuten, hots, lasterketa «puskatzea» erabaki zuten. Bazekiten etapa laburra zela, 1.630 metroko desnibelekoa, eta hasiera-hasieratik bosgarren martxa jarri zuten. Italiarrek ezin izan zuten presio hori jasan eta lehertu egin ziren. Bi talde hauen arteko borroka Vincent Meilleur-Willian Bon Mardion frantsesek ondo baino hobeto aprobetxatu eta azken etapa irabazi zuten. Italiarrak behera etorri zirela ikusita, Perrier eta Gachetek jaitsiera ziurtatu eta behin betiko garaipena lortu zuten. Sailkapen nagusian sei minutuko aldea soilik atera zieten Giacomelli eta Lunger-i. Hamabost minutura, berriz, Alexandre Pellicier eta Bertrand Blanc frantziarrak sailkatu ziren. Irabazleek Pierra Mentan izan duten progresioa oso adierazgarria da: 2004.eko ekitaldian hirugarren izan ziren, iazkoan bigarren eta aurten, garaile.

Horrela bada, beste urte batez, lehenengo sailkatuen artean ez da ezusteko handirik izan. Hala ere, bi talde katalanek eginiko lasterketa azpimarratu nahi genuke. Jordi Bes eta Marc Solak osatutakoa hamargarren postuan sailkatu zen, irabazleengandik 52 minutura. Beste katalan batzuk, Dani Leon eta Joan Maria Vendrell, hamabosgarrenak izan ziren. Euskal eskiatzaileak, berriz, «beste» Pierra Menta batean izan ziren. Izan ere, lehenengo euskal eskiatzaileak 55. postuan sailkatu ziren, Perrier-Gachet taldearengandik 3 ordu eta 18 minutura. Horiek Aitor Otxoa eta Arkaitz Letamendi izan ziren. Talde honetatik oso gertu ibili zirenak Joseba Ormazabal eta Joseba Tobar izan ziren: bi minutura iritsi ziren, eta 57. postua lortu. Beste hiru taldek erdietsi zuten lasterketa amaitzea. Iñaki Uyarra-Lander Alvarez 93.ak izan ziren, Igor Aranburu-Fernando Monasterio 97.ak eta Andoni Areizaga-Carlos Imirizaldu 111.ak. Xabier Urkizuk eta Asier Etxeberriak osatutako taldeak ezin izan zuen Pierra Menta amaitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo