GARA > Idatzia > Kultura

Zaharraren eta berriaren arteko zubi bila idatzi du Itziar Madinak «Beste eguzkia" eleberria

Urbanizazio proiektu baten kontra artzain bat eta okupa batzuk elkarlanean jarriz, tradizioaren eta modernitatearen arteko harremanei buruzko gogoeta egin nahi izan du Itziar Madinak «Beste eguzkia" nobelan.

Martin ANSO | DONOSTIA

Alkabehere herrixkan, Asunenbordako Domingo artzain bakartia bere bizitzaren azken etapari ekiteko prestatzen ari da. Halako batean, Urruti-Etxarte-Uhalde izeneko eraikuntza enpresa ezaguneko arduradunak agertu dira, mendi inguru horiek guztiak porlanez betetzeko sekulako proiektua dutela. Proiektu horri aurre egiteko ezusteko lagunak aurkituko ditu Asunenbordako Domingok: okupa gazte batzuk.

Hori da Itziar Madinak Txalapartaren eskutik plazaratu berri duen eta atzo Donostian Udal Liburutegian prentsaurrekoan aurkeztu zuen «Beste eguzkia» nobelaren «haria». «Hari» horren aitzakian, tradizioaren eta modernitatearen arteko harremanei buruzko gogoeta egin nahi izan du idazleak. Izan ere, eraikuntza proiektuaren kontrako borrokan, Domingok eta gazteek denbora kontra dutela ematen du; zerbait berezia gertatu ezean, berandu baino lehen denak «beste eguzkiaren argitan» egongo direla ematen du. Edgar Morini jarraituz, «beste eguzki» hori -nobelak izenburuan aipatzen duena- heriotza dela uste du Itziar Madinak, «kultura, bizimodu eta izate jakin batzuen heriotza», alegia.

«Istorio hau ipuin bat bezala has liteke: behin batean, natura eta jendea sinbiosian bizi ziren; XXI. mendean nagusitu zen gizartean, berriz, sinbiosi hori hautsia eta ahantzia izan zen», adierazi zuen atzo idazleak.

Munduen arteko zubi bila

«Domingok eta enparauek egiten duten laborantzak eta egun egiten den laborantzak ez dute elkarren artean zerikusirik. Domingo eta enparauak desagertzen direnean, horiekin batera ezagutza handiak desagertzen dira. Gauza horiek guztiak barru-barrutik bizi ditut nik, eta horien inguruan hausnartzeko premia handia nuen. Neure buruari hainbat galdera egin eta, azkenean, galdera horiek eleberri itxura hartu dute», azaldu zuen Itziar Madinak.

«Beste eguzkia»n iragan-minik ez dagoela nabarmendu nahi izan zuen idazleak. «Eleberrian bizimodu tradizionala ez idealizatzen saiatu naiz, behintzat. Nire helburua gehiago izan da mundu zaharraren eta egun nagusitzen ari den munduaren artean zein zubi edo jakintza pasatzeko bide egon daitezkeen arakatzea, betiere errezetarik eman gabe. Domingoren eta enparauen bizimodua oraindik bizirik dago, gugandik hurbil, eta guretzat ekarpen handikoa izan daitekeela uste dut».

Alabaina, «Beste eguzkia»n den-dena ez dira gogoetak. «Horrela balitz, gainera, noren interesekoa izango zen liburua», ohartarazi zuen idazleak. Horregatik gogoetak gehiegizko urbanizazioaren gaiarekin harilkatu zituen. «Gehiegizko urbanizazioa, turismoa eta horiek oinarri dituen ekonomiaren era guztietako ondorioak gaurkotasun handiko gaiak dira, Ipar Euskal Herrian, behintzat», nabarmendu zuen idazleak.

Itziar Madina 1974an jaio zen, Culleran, Valentzian. Haurtzaroa Landetan pasatu ondoren, nerabezaroan Euskal Herrira etorri zen. Egun, Urepelen bizi da. Kazetaria da eta Euskal Idazleen Elkartean lanean dihartu. «Beste eguzkia» bere aurreneko eleberria da.

Fitxa

Izenburua: «Beste eguzkia».

Egilea: Itziar Madina.

Argitaletxea: Txalaparta.

Generoa: Eleberria.

Salneurria: 16 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo