GARA > Idatzia > Atletismoa

Azkoitia-Azpeitia erdi-maratoia

Gizonek ez diote itzal egingo emakumeen lasterketari

Pamela Chepchumba, Anne Berewe eta Fernanda Ribeiro izango dira irteeran

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Azkoitia-Azpeitia erdi-maratoiko 14. edizioko antolatzaileek emakumeen lasterketaren maila gizonena baino hobeagoa izango dela ziurtatu zuten atzo Donostian egindako aurkezpenean. Hain zuzen ere, Keniako Pamela Chepchumba eta Anne Bereweren presentziaz gain, azken orduan sasoi onean dauden beste bi atleta hitzartu dituztela iragarri baitzuten: Fernanda Ribeiro portugesa eta Alexandra Aguilar galiziarra.

Dena dela, aipatutako afrikarrak izango dira faboritoak. Chepchumba bigarren geratu zen joan den urteko Parisko eta Pekin hirietako maratoietan. Berewerek, aldiz, postu berdina eskuratu zuen Rio de Janeiroko maratoian eta bosgarren sailkatu zen egin berri den Kenyako kros txapelketan.

Gizonen lasterketak ere maila oso ona izango du. Kenyako lau gizon izango dira: Silas Sang, Madrileko maratoian bigarren eta, Malagako eta Torremolinoseko erdi-maratoietako irabazlea errekorra apurtuta; Wilian Chebor, Kenyako erdi-maratoiko txapelduna eta Atlantako erdi-maratoian hirugarren izandakoa; Josheph Nderitu, Doako erdi-maratoiko garailea; eta Gideon Ngatuny, Kenyako kros txapelketako txapeldunordea.

Eritreako Yaret Asmeronek osatuko du faboritoen zerrenda; joan den urtean Azkoitia-Azpeitia irabazi zuenak, alegia.

Emakumeezkoetan eta gizonetan, beste hauek ere protagonista izango dira: Yesenia Centeno, Teresa Pulido, Iratxe Aranburu, Kamel Ziani eta Jesus de la Fuente, besteren artean.

Garcia eta Tapia, gogoan

Bestalde, Diego Garciari gorazarreaz egiteaz gain, martxoaren 31an, 16.30ean, abian jarriko den Azkoitia-Azpeitian azken hilabeteetan zendutako bi pertsona ekarriko dituzte gogora: Diego Garciaren aita eta Fernando Tapia pilotari ohia. Diego Garciaren lagunei urtero egin nahi dieten omenaldiaren barruan, Alejandro Gomezi oroigarri bat emango diote lasterketaren bukaeran.

Joan den urtean 1.133 pertsonek hartu zuten parte erdi-maratoi horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo