GARA > Idatzia > Pilota

«Ligaxkan irabazi genien, moralez ongi gaude eta horri heldu behar diogu"

Yves SALABERRI eta Pedro MARTINEZ DE EULATE, BINAKAKO TXAPELKETAN FINALISTAK

Biek dakite Binakako Txapelketa irabaztea zer den. Xalak 2002an jantzi zuen txapela Oskar Lasarekin eta Eulatek iaz bertan Irujo bere lagun minarekin. Badakite gozoa dela garaipenaren zaporea eta, horregatik, dena emateko prest dira final handiaren atarian.

Asier AIESTARAN |

Aspek Orioko hondartzan egin zuen kontzentrazio laburra baliatu dugu Xala eta Eulatek osatzen duten bikote bitxiarekin hitz batzuk egiteko. Bata ixila da, bakartia, ez zaizkio elkarrizketak eta argazkiak gehiegi gustatzen. Besteak, aldiz, lagunartean gozatzen duela nabaria da, lasai eta irribarretsu erantzun die gure galderei eta ateratako argazkiak bidaltzeko eskatu du mesedez. Ezberdintasunak ezberdintasun, ordea, oso argi dute helburua eta hura lortzeko bidea.

Apurka-apurka badoa final handia gerturatzen. Zer moduz iritsiko zarete igandera?

Yves Salaberri: Ni oso ongi nago. Aurreko astean eta egun hauetan entrenamendu pare bat egin ditugu finalera begira, azkena Gasteizen bertan, eta pozik geratu naiz. Pedro ere ongi ikusten dut eta ea finala lehenbailehen iristen den.

Pedro Mtz. de Eulate: Sasoi onean gaudela uste dut. Ni hasieran lasai ibili nintzen eta lehiaketa aurrera joan ahala nire jokoa hobetzen joan naiz. Hori zen helburua eta lortu dugula uste dut. Eta Xala ere oso ongi dagoela argi ikusi da azken partidetan. Jokoan dago.

Hala ere, biok izan duzue arazotxoren bat. Yves, adibidez, zu lesio baten ondoren sartu zinen txapelketan baina, zalantza batzuk egon arren, jokatutako partida guztiak irabazi dituzu.

Y.S: Hala da bai. Hiru edo lau aste geldi egon behar izan nuen eta uste dut nire gorputzak, moduren batean, hori eskertu egin zuela. Ez naiz fisikoki pilotari oso indartsua, urte osoan jokatzen egonez gero nire gorputzak asko nabarmentzen du hori, eta oso ongi etorri zitzaidan txapelketaren aurretik pixka bat deskantsatzea. Orain jokoan nago eta finalean pentsatu behar dut. Badakit finalak jokatzea ez dela erraza izaten, tentsio handia egoten da frontoian, baina ea partida ona egiten dugun.

Zu berriz, Pedro, izterrean arazoren batekin ibili zinen aurreko astean. Ligaxkako azken partida ez zenuen jokatu eta, horregatik, aurreko ostiralean Arnedon jokatu nahi izan zenuen.

P.M.E: Egia da. Zaintiratu txiki bat izan nuen finalerdietako azken partidaren aurretik eta, jokoan ezer ez zegoenez, nahiago izan nuen ez arriskatu. Baina, noski, asteburu honetan jokatu izan ez banu, hiru astean batere neurketarik jokatu gabe iritsiko nintzateke finalera eta hori ez zitzaidan egokiena iruditu. Aurretik proba bat egin nuen, jada izterra ongi osatuta neukala ikusi nuen, eta Arnedon jokatzea erabaki. Hamar egun izango ditut errekuperatzeko eta enkantxatuta egongo naiz.

Aurkariak Olaizola I eta Beloki izango dituzue. Bikote gogorra, jotzailea eta esperientziaduna?

Y.S: Badakigu pilotari handiak direla. Ruben, batez ere, oso une onean dago, oso ongi jokatzen ari da, eta Asierrek ongi laguntzen dio. Partida gogorra izango da, hasieran batez ere oso indartsu irtengo dira biak eta guk haien jokoa lehen tanto horietan eusten saiatu beharko dugu.

P.M.E: Gogorra izango da, oso gogorra. Baina ligaxkako partidan irabazteko gai izan ginen eta horri heldu behar diogu. Uste dut moralez ongi iritsiko garela finalera, gure buruan konfiantza handiarekin, eta horrek lagundu egin behar digu zailtasun guztiei aurre egiten.

Baina, Pedro, bi jotzaile handi dira, handienak agian, eta behin eta berriro esan dute biek jokoa zure gainean kargatzen saiatuko direla igandean?

P.M.E: Bai, bai, hori argi dago. Nik ahal bezain ongi eutsi beharko diet Xalak sartzeko aukera izan dezan. Baina jotzaileak izateak bezainbeste beldur ematen dit biek duten esperientzia zabalak. Final asko jokatu dituzte, batez ere Rubenek, 31-32 urteren buelta horretan dabiltza biak, eta horrelako hitzordu batean lasai egotea, norbere jokoa egiten asmatzea oso garrantzitsua izaten da. Nik iazko esperientzia daukat eta sentipen horrekin geratu nintzen, lasaiago jokatzen duenak, berea ematen duenak, asko dauka irabazita. Hori, agian, haien alde dago, baina guk egoerari buelta ematen jakin behar dugu.

Zure kasuan, Pedro, bigarren finala izango da jarraian. Imajinatzen dut Gasteizko Ogeta pilotalekuak -bere lehen txapel handia jantzi zuen bertan 2006ko martxoaren 19an- oroitzapen oso onak ekarriko dizkizula.

P.M.E: Ederrak benetan. Final gehienak Donostian jokatu izan dira beti, baina azkenaldian badirudi hori aldatzen ari dela. Egia esanda, behin puntu honetara helduta, pilotalekua gutxienekoa da. Final bat jokatzera edonora joango ginateke. Baina, beno, Ogeta pilotaleku ona da, atzelarientzat gogor samarra, agian, baina jokatzeko modukoa. Gainera, nire lehen txapela, irabazi dudan bakarra, bertan jantzi nuen eta hori ez dut inoiz ahaztuko. Ez dago batere aitzakiarik alde horretatik.

Amaitzeko afizioari keinu bat eskatuko dizuet. Batetik, Lekuine aldetik inguratuko al da batere jenderik Gasteizko Ogetara?

Y.S: Finalera jende askok joan nahi izaten du baina leku gutxi izaten da. Hori urteroko kontua izaten dela uste dut. 150 sarrera bakarrik eman dizkigute bakoitzari eta horrekin antolatu behar. Familia eta lagunak han izango dira, baina ez dakit guztiek joateko aukera izango duten. Edonola ere, guk ez dugu horretan pentsatu behar. Burua hotz izan behar dugu eta gure jokoa egin. Azken batean, finala gauza oso berezia da eta egun horretan kale egiten bada, alferrik da gero damutzea.

Eta bestetik, orain artean horren ongi portatu den Oteizako jendea, pankarta ikaragarri horiek jartzen ibili dena, ez dira faltako Gasteizen.

P.M.E: Finaleko sarrerak salgai jarri zituztenetik telefono mugikorra bost minutuero jotzen ari zait. Ea sarreraren bat lortzea posible den, ea non erosi behar diren... lagunak, ezagunak, familiakoak behin eta berriro deitzen ari zaizkit. Sarrera gehiegi ez dizkigute ematen eta denera ezingo dugu heldu. Orain artean lagunak bikain portatu dira eta ez daukat zalantzarik finalean ere hortxe egongo direla ahal duten heinean laguntzeko. Haientzat esker oneko hitzak baino ez dauzkat, noski. Haiengatik bada ere, igandean irabazi egin behar dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo