GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hezkuntza Nazionala Integrazio Batzordearen kanpainan partaide egin da

Integrazio Batzordearen aurtengo kanpainaren partaide bilakatu da Hezkuntza Nazionala. Martxoaren 15etik aurrera Ikuskaritza Akademikoak bere gain hartuko ditu bi ikasle-laguntzaileen soldatak.

GARA |

Ahalmen urriko haur eta gazteek Seaskako ikastoletako egunerokotasunean barnera daitezen lan egiten duen Integrazio Batzordeak berri ona jaso du bere aurtengo kanpainan. «Salaketa gutunak, prentsaurrekoak eta AGPI eta Chrysalide elkarteen ekimenen ondorioz azkenean ikastolek duten diskriminazioari hein batean bukaera ematea deliberatu du Hezkuntza Nazionalak», adierazi zuen atzo Integrazio Batzordeak.

Martxoaren 15etik aurrera Ikuskaritza Akademikoak bere gain hartuko ditu Biarritzeko ikastolan eta Ziburuko ikastetxean ikasten duten bi ikasleak laguntzen aritzen diren bi pertsonen lanpostu erdiak. Hala ere, ikasturtea bukatzeko hiru hilabete eta erdi besterik falta ez direnean ailegatu dela berria ere nabarmendu zuen batzordeak. Bestalde, oraindik beste laguntzaile lanpostu laurdena eta bost haurrentzako hezitzaile lanpostuak ikastolen gain gelditzen direla jakinarazi zuen Integrazio Batzordeak. Gauzak horrela, batzordeak deklaratu zuen «Ametsetan ez sobera ibili, otoi, orain arteko gastuak ez baitzaizkie itzuliko ikastolei (sei hilabete eta erdi)».

Laguntza honi esker ikasturte honetarako kanpainan lortu beharreko dirua 75.000 euro izatetik 66.000 euro izatera pasa da. «Iaz aldiz 45.000 euro behar izan zen, beraz 66.000 euro gutxiago da, baina ez da gutxi oraino» helarazi zuen ahalmen urriko ikasleen integrazioan lan egiten duen komisioak.

Beste irakaskuntza sistemen pareko laguntza izatea eskatzen duen aurtengo kanpainak bultzada bat jaso badu ere, oraindik lan handia egiteko gelditzen dela azaldu du batzordeak: «Bide erdia egina da, baina beste erdia gelditzen da oraino». Otsailean hasi zen kanpainaren ondorioz 610 pertsonek, 12 elkartek eta 44 enpresek 33.035 eurorekin lagundu dute haurren integrazioa.

Integrazioaren hitzorduak

Kanpainaren barnean hainbat ekitaldi kultural antolatu dira martxo eta apirilean. Lehenak heldu den larunbatean izanen dira: «Anaiatxo berezia» antzezlana eskainiko da Biarritzeko Koliseoan eta Donibane Lohizuneko ikastolako IB eta Ereintabil elkarteek hirugarren aldiz antolatu duten «6 oren ezberdintasunaren alde» ekitaldia eginen da Ziburuko pilota plazan. Igandean Pirritx eta Porrotx izanen dira Hendaian Akelarre elkarteak antolatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo