GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAk «arduraz" jokatzeko eskatu dio ABri, PNBk koalizioari ezezkoa eman ostean

M.A. |

Aste honetan bertan AB, Batasuna, EA eta PNBk izan duten bilera batean, Ramuntxo Camblongek argi utzi du «Batasuna baldin badago», PNBk ez duela lau alderdien arteko koalizioan parte hartuko. Bide batez, beste bi alderdiei haiekin aurkezteko eskaintza berritu die.

Hala, «aspalditik abertzaleen arteko kandidatura bateratuen alde egindako parioa» gogoratuta, EAk galdetu du «PNBrengatik ezin bada lauen arteko koaliziorik egin, zergatik ez den egingo gelditzen diren beste hiruen artean». «Kenka honetan», ABk duela gakoa nabarmendu du EAk, eta Batasuna-AB-EA hirukoari ezezkoa ematen badio, «geroari begira erantzukizun handia» hartuko duela gehitu du.

Bakarka joatea kaltegarri

EAren ustez, bakarka joateak «emaitza minimoak lortzea» esan nahi du. Ez hori bakarrik; 2008ko udal eta kantonamenduko hauteskundeetarako «hautagai abertzaleei bidea libre uzten zaie nahi duten alderdiekin, askotan frantses eskuinekoekin orain Biarritzen, Angelun edo Baionan gertatzen den bezala, aurkezteko». Horrez gain, hirukoari ezezkoa esatea «kantonamenduko bozetan erdietsitako leku eta tanto politak» arriskuan jarriko lirateke EAren esanetan. «Abertzaleak barreiaturik aurkezten baldin bagina, egun bezala Baigorriko kantonamenduko kontseilaria abertzale izateko aukerak segurtaturik lirateke?» galdegin du Manex Pagolak.

Kezka horiek azalduta, «heldutasun gutxiena eta zintzotasunezko euskal aberri-politika oraino ez dutela integratzen» leporatu du EAk, «batzuk beti `klanismo ttipietatik' atera ezinean edo `hi bahaiz, ni banauk' leloetan» sartuta geratzen direlako.

Gaur Uztaritzen eginen duen biltzarrean erabakiko du Abertzaleen Batasunak zein jarrera hartuko duen Asanblea Nazionaleko hauteskundeei begira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo