GARA > Idatzia > Pilota

Salva Bergara eta Jokin etxaniz, txapeldun izandako bi pilotari ohi barreraren beste aldean

Euri asko bota du ordutik, aste honetan bezain beste ia, baina Binaka txapeldun izatea zer den ongi dakite Salva Bergara eta Jokin Etxanizek. Pilotari garaian pilatutako esperientzia beste lan batzuetan darabilte orain eta biharko finalean asko izango dute jokoan batak eta besteak.

Asier AIESTARAN

Salvador Bergara eta Jokin Etxaniz izango dira, besteren artean, biharko finalean gehien sufrituko dutenetako batzuk. Asegarceko kirol zuzendaria da bata eta Aspeko zuzendari teknikoa bestea. Urte batzuk badira zuriz janzteari utzi ziotela -gehixeago Salvaren kasuan-, baina kirol gehienetan gertatzen den moduan, kanpoan egonda gehiago sufritzen da askotan barruan egonda baino. Egun handiaren bezperan biekin hitz egin du GARAk eta finalaren azterketa pertsonala egiteko eskatu diegu.

Salva Bergararentzat lehen final handia izango da biharkoa joan den azaroan, bigarrenez, Asegarceko kirol zuzendaritzaren buru egin zutenetik. «Pronostikoa... niri Asier eta Rubenek irabaztea gustatuko litzaidake. Badakigu oso zaila izango dela, Xala eta Eulatek garesti jarriko dutela txapela, baina esperantza ez da inoiz galtzen», adierazi du Etxalarkoak itxaropentsu.

«Asier eta Ruben ongi iritsiko dira finalera, batez ere Beloki. Oso txapelketa konpletoa egin du, jokoarekin dabil eta une oso onean iritsiko da finalera. Asierrek gorabehera gehiago izan ditu, partidaren batean ez du hain ongi jokatu, gaizki agian, Bergarakoan adibidez, baina berak ere oso txapelketa polita egin du eta ongi iritsiko da», uste du hiru aldiz Binaka txapeldun izandakoak.

Bere mutilen aukerez galdetuta, oso baikor azaldu da Bergarilla. «Beraiek badakite igandekoa finala dela, ez dagoela beste aukerarik, eta ezin dela akatsik egin. Topera jokatu behar da. Rubenek Asierrek baino askozaz final gehiago jokatu ditu, hori argi dago, baina Asierrek maila ona eman izan du egun handietan. Finalera iritsi ez arren, gainera, hor inguruan askotan ibili da, final-laurdenak, finalerdiak...», esan du.

Yves Salaberri bezalako aurrelari arriskutsu bat aurrean izateak errespetua sartzen du normala den moduan. «Xala une oso onean harrapatu du txapelketak. Oso ongi dago eta asko asmatzen dabil, batez ere, aireko jokoan, boleaz sartzen den pilota horietan. Lautik sartzen denean min handia egiten dio beste aurrelariari txokoan, Asierri hor egingo dio mina. Baina Asier Olaizolak badaki finalak jokatzen. Hori da bere dohain handietako bat eta horretaz baliatzen jakin behar du», eskatu dio aurrelariari.

Pedro Martinez de Eulateri buruz galdetuta, berriz, haren ziurtasuna nabarmendu du Salva Bergarak: «Oso segurua da. Jo, jo eta jo, eta ez du batere pilotarik galtzen. Azkenaldian, gainera, ongi arrimatzen du eta Belokiri ezkerrez sartzera behartuko dio».

Teknikari nafarraren ustez, materialak jokoa baldintzatuko du, bi bikote oso ezberdin lehiatuko baitira Ogetan. «Gureak pilota fuerteak dira, pisukoak. Asier eta Rubenek tralla behar dute, azkar ibiltzen den pilota, biak jotzaileak direlako. Haiek pilota lasaiagoak aterako dituzte. Batez ere abiadura eman pilotari, neurketari. Ogetan pilotak pisua hartzen du azken koadroetan eta frontisa normala baino pixka bat baxuagoa da», Bergararen hitzetan.

Azkenik, txapelketaren irakurketa orokorra eskatuta, denetik egon dela esan digu. «Irregularra izan da. Hasieran gaizki hasi ginen eta gero txapelketako bi bikote indartsuenak kanpoan utzi zituzten gure enpresako pilotariek, Irujo eta Titin. Besteak errazagoak izango zirela pentsatu genuen eta azkenean ikusi da ezetz, besteak indartsuago iritsi direla. Finalera iritsi badira, hauek dira bikote indartsuenak», amaitu du.

«Xala partidan sartzea»

Jokin Etxaniz oso lasai aurkitu dugu. Hala esan digu berak eta egia dela dirudi. «Ni lasai nago, ez dut denbora gehiegirik eduki finalarekin pentsatzeko. Asteartean entrenatzen ibili ginen, gero ere ez dut enkargu gehiegirik eduki sarrerak eskatzeko, eta konturatzerako asteburua iritsi da» azaldu du.

Botileroa ere badenez, bihar bere lana zein izango den galdetu diogu Bergarakoari. «Xala badakigu batzuetan ez dela partidan sartzen, ez da partidatik joan egiten dela, baizik eta batzutan ez dela sartzen. Gure helburua izango da, bai nirea eta bai Pedrorena, Xala partidan sartzea, badakigulako finala irabazteko Xalaren jokoa beharrezkoa izango dela. Pedro oso plazagizona da, zentratuta egongo da, partidan oso sartuta eta ez daukat berarekin arazorik», esan du.

Bere bikoa nola dagoen galdetuta, Etxaniz ere baikor da. «Ongi daude. Pedrok behetik gora egin du txapelketa aurrera joan ahala. Kolpez eta jokoz oso ongi dago. Xala ere fresko dago, gehiago sartzen, gehiago arriskatzen, eta hori zen agian hasiera batean pixka bat faltan botatzen nuena», aitortu digu zintzo Jokin Etxanizek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo