GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tortura salatuko du TATek Muruetagoienaren heriotzaren 25. urtemugan

Esteban Muruetagoiena torturaren ondorioz zendu zela 25 urte betetzear daude, eta hura omentzeko eta torturatu ororen aitortza aldarrikatzeko ekitaldiak egingo dituzte egunotan, Ondarroan eta Oiartzunen.

Oihana LLORENTE |

Esteban Muruetagoiena mediku ondarroarra torturaren ondorioz zendu zela 25 urte betetzear daude, eta Oiartzungo eta Ondarroako herritarrek Muruetagoiena omentzeko eta torturatu ororen aitortza aldarrikatzeko ekimen ugari antolatu dute datozen egunetarako.

Ondarroako bizilaguna 1982-ko martxoan atxilotu zuen Guardia Zibilak Oiartzunen. Bederatzi egun igaro zituen inkomunikaturik Donostiako eta Madrilgo polizia-etxeetan, eta martxoaren 25ean aske utzi bazuten ere, hiru egunera hil zen. Autopsiak torturaren arrasto ugari aurkitu zuen haren gorpuan.

Nekane Txapartegik, Torturaren Aurkako Taldeko (TAT) kideak, «inolako zigorgabetasunik gabe Esteban torturatu eta hil zuen makineriak indarrean jarraitzen» duela gogor salatu zuen, eta hura ezabatu behar dela adierazi zuen. Era berean, torturatu gehiago egon ez daitezen, inkomunikazio erregimena eta Auzitegi Nazional espainola desagertzeko eskaria egin zuen Torturaren Aurkako Taldeko kideak. «Torturek lekurik ez duten esparru demokratiko bat» exijitu zuen Euskal Herrirako, eta herritarrei Esteban Muruetagoienaren omenez egingo dituzten ekimenetan parte hartzeko gonbita egin zien.

Osasun etxe berria

Muruetagoiena Oiartzunen zebilen mediku lanetan, eta hortaz, gertaera horiek zalaparta handia sorrarazi zuten Gipuzkoako herri horretan. Bere lantegiari, herriko osasun etxeari, haren izena jartzea erabaki zuten, eta Udalak berak gertaerak salatzen zituen eta Auzitegi Nazionala desager zedila eskatzen zuen mozioa onartu zuen. Orain, 25 urteren buruan, osasun etxe berriari ere haren izena jartzeko eskatu diote Udalari herritarrek, baina atzoko agerraldian azaldu zutenez, EAJk, EAk eta EBk «jarrera lotsagarria» erakutsi dute, eta ez diote eskaerari kasurik egin. Hala eta guztiz ere, martxoaren 29an, 20.00etan, osasun etxean omenaldia egingo dute, eta herriaren eskariz, osasun etxe berriari ere Esteban Muruetagoiena izena jarriko diote.

Ondarroan ere, datozen asteartean eta ostegunean, mahai inguruak egingo dituzte Muruetagoienaren omenez, eta martxoaren 31n, 13.00etan, Gudarien Oroitarrian omenaldia izanen da.

Muruetagoienaren alargun Elixabete Hormazak bere eta alabaren izenean gogoz eskertu zituen ekimen hauek guztiak, eta adierazitakoaren arabera, 25 urteren buruan izandako lehendabiziko erantzuna da. Haren ustean, bere senarra zena «erabat ahaztua» zegoen.

arretarik ez

Muruetagoienaren sendiak salatu du 25 urteren buruan erakundeetatik ez dutela jaso inolako arretarik, eta zergatik atxilotu zuten ere ez dakitela adierazi zuen haren alargun Elixabete Hormazak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo