GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Korrika aurrera doa elurtutako sasi eta euri hodei guztien azpitik

Korrika 15ek tinko dirau bere bidean, eta ez du ezeren aurrean ere amore ematen: egoerarik zailenak ere gainditzeko gai da, baldin eta aurtengo leloari kasu eginez, euskaltzaleok elkarlanari heltzen badiogu. Horren isla garbia izan zen lasterketaren atzoko jardunaldi osoa.

Ostegunean Arabako lurretan murgildu bazen Korrika 15, atzokoan ere eremu horretan egin zuen egunaren zatirik handiena. Arazoren bat edo beste sortu zituen eguraldiak, aurreko egunetan pilatutako elurrak eta azkeen orduetako hotza eta izandako izotzak batez ere. Baina Korrika ez da hamar eguneko lasterketa eta ekimen erraldoi bat soil bat; izan ere, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak hilabete luzeak baitaramatza dena antolatzen inongo arazorik edo eragozpenik gerta ez dadin -nahiz eta denok dakigun beti ezin dela guztia aurreikusi-. Hori dela-eta, AEK-ak batez ere baina euskaltzale guztiek oro har, bere esku dagoen guztia egiten dute lasterketa aurrera atera dadin.

Ostegunetik ostiralerako gauean euripean baina lasai igaro zuen euskararen aldeko lasterketak. Jendeak aurre egin zien hotzari eta euriari batetik, eta ordu ezaproposei bestetik.

Elurra Urizaharran

Argitzerako, ordea, lasterketa Burgoserako bidean zen. Bertan, Miranda de Ebro bisitatu zuen nagusiki, eta aipatzekoa da, horri dagokionez, nahiz eta Gaztelako probintzia izan bertan euskara irakasten dela; bertako hizkuntza eskola ofizialean, hain zuzen ere.

Bertan ere, jendeak erantzun ona eman zion, eta hainbat korrikalari izan zen, egun osoan zehar askok egin bezala, behin lasterka hasita, kilometro andana egin zituztenak.

Hori ez zen izan, ordea, Korrika-k atzokoan Euskal Herriko mugetatik kanpo egin zituen kilometro bakarrak, Errioxan ere barneratu baitzen -Briñas zeharkatu zuen Arabako Errioxara itzuli aurretik-.

Itzulera horren ondotik izan ziren, hala ere, eguneko unerik kezkagarrienak antolakuntzarentzako batez ere. Bastida inguruak, izan ere, zuri-zuri baitzeuden aurreko egunetan botatako elurra dela-eta. Horri, baina, lainoaren eta hotzaren eraginez errepidean sortutako izotza gaineratu zitzaizkion. Ezin esan lasterketan zihoazenek edozein postaletarako moduko irudiak ikusteaz gozatu ez zutenik, baina Korrika 15en karabana osatzen duten ibilgailuentzat batez ere, kezka iturri izan zen, are gehiago aurretik Urizaharra -Peñacerrada- deitzen den mendatea zutela jakinik. Korrika-ko antolakuntzak aurreikusia zuen hori ere, eta eremu hori Errioxa eta Arabako lurraldeen artean dagoenez, bietako larrialdi zerbitzuekin hitz egina zuen mendiko errepidea garbi manten zezaten. Elurra kentzeko makinek bere lana egina zuten goizeko 9.00etarako, baina ordutik 10.00ak bitartean -ordu horretan pasa baitzen Korrika Urizaharratik-, elurra egin zuen berriro eta errepide zati bat garbitu ezinik geratu zen.

Ordurako, lasterketa abiatua zen aldapan gora, eta neurri bereziak hartu behar izan ziren, Korrika-ren arau nagusiak bete zitezen -«Korrika ezin da inoiz gelditu eta lekukoa ezin da inoiz ere begi bistatik galdu», antolatzaileen arabera-: mendatearen gainaldean kotxeak ahal bezala baztertu eta elurra kentzeko makinak gora iritsi arte itxaron, hortik aurrera kotxez jarraitzerik ez baitzegoen.

Beraz, lekukoak eta lasterkariek minutu batzuk bakarrik egin behar izan zituzten antolakuntzako karabana beren parera iritsi arte.

Alabaina, ez zen inolako arazorik egon, eta lasterkariek euskararen eta AEK-ren aldeko konpromisoari tinko eta indar irmoz eutsi zioten, gehienetan Koordinakundeko kideek sortzen zuten giro eder eta alaiean. Bastidan, ikastolako irakasle, ikasle eta gurasoak ederki aritu ziren lasterka, eta herriko hiru kirolari gaztek 10 eta 17 kilometro artean egin zituzten, elur artean, aldapa gora eta une batez bakarrik. Horren aurrean, AEK-ko kideek ezin izan zuten txapela kendu besterik egin, eta halako «txapeldunei» dagokien moduan, karabanako gidarien bereizgarri den txapela beltza eman zieten opari. Batzuek besteei txalotzen amaitu zuten elkarrekin egin beharreko bide zatia bastidarrek eta antolakuntzako kideek.

Trebiñon «Bagare»

Behin Urizaharrako mendatea gainditutakoan, lasterketa Trebiño aldera abiatu zen, eta beste behin ere, Trebiño, Argantzun eta Armentiako lagunek ez zioten bi urtetik behineko zita honi hutsik egin; indar eta gogo betez hartu zuten Korrika 15 eta Trebiñok ere euskaldun dela aldarrikatu zuen. Gainera, adierazgarria da, Trebiñoko zati batean zehar, «Bagare» abestia entzuten zela antolakuntzako bozgorailuetatik, Trebiñon ere «bagare» esaten dela gogoratu nahi balute bezala.

Trebiñoko konterria Argantzun eta Trebiñoko udalek osatzen dute, eta bai udaletako, bai Konterriko ordezkariek urtero hartu ohi dute kilometroren bat. Konterriko alkate Juan Cruz Aguillok GARAri adierazi zionez, eguraldia zena izanik ere, ez zuen Korrika-n hutsik egin nahi izan, eta hala, laugarren aldiz eraman zuen lasterketako lekukoa. Konterrian euskararen aldeko kontzientziazio izugarria dagoela nabarmendu zuen beste behin, eta horren erakusgarritzat aipatu nahi izan zuen egin berri duten 0-3 urte bitarteko haurrentzako ikastetxea.

Horiek igaro ondotik, lasterketak Gasteizerako bidea hartu zuen, eta bitarte horretan, jendea gehituz eta ugarituz joan zen etengabe. Euriak gutxiagora egin zuen eta tarteka geratu ere egiten zen lasterkarien onerako.

Langraitzera aurrerapen pixka batekin iritsi zen Korrika, eta bertan, Senideak taldeak harturiko kilometroan, presoen aldeko oihuak entzun ahal izan ziren bozgorailuetan Su Ta Gar talde eibartarraren «Jo ta Ke» ari zen bitartean.

Korrikalari askok lekukoa eraman eta atseden tarte baten ostean berriz ere hartzen zuten, eta era horretan, jende ugari izan zen euskararen alde kilometro mordoa egin zituena. Tartean Villadoseko Darko eta Pavel gaztetxoak zeuden, gurasoen laguntzarekin bost kilometrotik gora egin zituztenak zenbait unetan lekukoari helduta.

Haurrek aipamen garrantzitsua merezi izan zuten atzo, izan ere, gazte-gazteenetatik hasi -batzuk haur kotxean, gurasoen beso edo sorbaldetan edo eta artean oinez ere ongi ikasi gabe- eta helduxeagoak arte kilometro luzeak egin baitzituzten, eta zenbaitetan lekukoa eramaten ere.

Gainera, Langraizeko eta inguruetako ikastetxeetako ikasleek helduagooi irakaspen ederra eman ziguten, korrika zihoazela elkarri eskutik helduta eta elkarlanaren garrantzia azpimarratzeaz gain, Korrika 15en «heldu» leloa hobe baino hobeago ulertzen dutela eta barneratu dutela erakutsiz.

Umore nagusi mugez gaindi

Bide osoan zehar, baina Arabako hiriburura iritsi aurreko kilometroetan batez ere, giro ona eta umorea izan ziren nagusi. Lasterkariak eta lekukoa zeramana bera ere askotan musikaren erritmoan saltoka, dantzan edota sigi-saga ibili ziren, eta haiek ongi pasatzeaz gain, ondokoei ere ongi pasarazi zieten. Adibide garbienetakoa, agian, Bastiturriko Kuadrila izenez kilometro bat erosi zutenak izan ziren, errepidean sigi-saga eta saltoka ibili baitziren bozgorailuetatik «Sarri-Sarri» entzuten zen bitartean.

Bestalde, Korrika 15ek atzokoan Euskal Herriko mugak gainditu zituela aipatu dugu, baina ez munduko beste puntaraino ere iritsi zela. Izan ere, lekuko eramaileen artean, txinatar neska gazte bat ere topatu baikenuen: Dong Bo. Euskara ikaslea zela esan zigun, eta antolatzaileek izena galdetutakoan, mikroa hartu «nire izena Dong Bo da» esan zuen euskara erabat garbian.

Hortik aurrera, lasterketa Arabako hiriburura hurbiltzen joan zen, eta Gasteizera inguratu ahala, segizioan zihoan jende kopurua ugalduz joan zen. Arabako Hirian sartzerako ehunka lagun zihoazen lekukoaren atzetik.

Iker IRIARTE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo