GARA > Idatzia > Gaurkoa

Andoni Eizagirre eta Iñaki Barcena EHUko doktoregaia eta EHUko irakaslea

Demokrazia adierazleak: AHTren kasua

Abiadura Handiko Trena (AHT) proiektu garrantzitsu modura proposatzen zaigu. Horren arabera, lehiakortasun ekonomikoa eta ongizate soziala azpiegitura sendo bat edukitzetik pasatzen da. Lehendik ere askotan plazaraturiko mezu bat dago: teknologia batek determinatzen duela gure etorkizun hurbila eta horren eraikitzeak automatikoki modu estrategiko batean kokatzen gaituela mundu-ekonomia garaikidean, ezagutzaren gizartean eta berrikuntzaren kulturan. Baina irakurketa horrek zenbait arazo eztabaidatzeke uzten ditu, funtzionalak batzuk eta sustantzialak besteak, biak ere demokrazia baten adierazle direnak. Horren lekuko bezala, oraindik orain soziologo talde batek argitara emaniko datuak eta emaitzak aipa daitezke.

Demokrazia formala eta materiala. Gobernu eskuliburuek, instituzioen portaera normatibek eta, oro har, gobernaketa ereduek aldaketak bizi dituzte; Europako Kontseiluak prozedura gardena, komunikazio osoa eta inpaktuen analisia bermatzea proposatzen ditu. Demokrazia bat neurtzeko erabil daitezkeen irizpide ugarietako bat herritarrek informazioa eskuratzeko eta kontrastatzeko aukera da. Informazio bat argitaratzeak bertute hauek ditu: herritarrari proiektu baten erakunde-irakurketa plazaratzea eta, proiektu baten gaineko iritziak jasoz, eztabaida irekitzeko aukera dagoela.

Hori lehen fasea da, baina gero kultura desberdinak elkarrizketara bilduko dituzten mahaiak, foroak eta alternatibak ireki behar dira. Izan ere, ez da egokia irakurketa-ardatz modura instituzio baten proposamena erabiltzea. Haatik, arreta simetrikoa ipini behar zaie bestelako aukera-ikuspuntuei. Azken batean, une orokoa izan behar du ikuspuntuen kontrastatzeak, motibo eta helburuen eztabaidak eta funtsean bizitza-eredu baten gaineko debateak. Okerrekoa da, beraz, aldez aurretik proiektua onartu eta horrela auzi-eztabaida irakurketa ekonomiko batera murriztea, inpaktu negatiboak soilik arrisku teknikoen ikuspuntutik lantzea, edota herritarrak alboratu, ordezkaritza agintarien irakurketara mugatu eta oposizioa kriminalizatzea. Alternatiba teknologiko bat eztabaidatzen denean, narrazio eta diskurtso anitz dago, eta jokalekua eta partaideak nolakoak izateak nabarmen baldintzatzen ditu teknologia zein herrialde baten eboluzioa.

Laburbilduz, prozedura on baten garrantzia ez da maila formalekoa bakarrik: parte-hartze ireki batek ikuspuntu-aniztasuna bermatzen du.

Kontseilariaren baieztapenak. Teoria bat eta metodologia on bat formulatzea eta ikuspuntu-aniztasuna ondo ulertzea garrantzitsua da. AHTri dagokionez, Lopez de Gereñu kontseilariak laburbildu digu: «debate soziala inportantea da, baina horrek betekizun batzuk eskatzen ditu, hala nola, proiektuaren aldeko proposamenak entzungo direla. Bestetik, jakinaren gainean egon behar dugu herritarren ordezkaritza Legebiltzarrean aurkitzen dugula». Argigarria da: proiektua aldez aurretik onetsia dago, eztabaida bakarrak proiektua hobetzeko irakurketa teknikoak dira eta ekarpenek proiektuaren bideragarritasuna sendotu behar dute. Ulergarria da oraindik orain Lopez de Gereñuk adierazitakoa: «amaitu da komunikazio aldia, eta orain eraikuntza aldiaren fasera pasatu gara». Aditzera ematen du komunikazio egokia garatu dela eta horrek herritarrak informatzeko eta haien aldekotasuna bermatzeko funtzioa bete duela.

Galdeketaren emaitzak. AHTri dagokionean, kontseilariak eraikuntza faseari ekiteko garaia dela erabakitzen badu, uste izatekoa da herritarrek proiektuaren berri dutela, eta gehiago edo gutxiago adostasun zabal bat erdietsi dela. Ez dira uste horiek betetzen orain gutxi argitara eman den ikerketa-lan batean. Ikerketa hori 2007ko otsailaren 22tik 26ra bitartean egin da, eta bere helburua AHTren inguruko iritzien azterketa bat izan da, galdeketa betiere proiektuak kaltetzen dituen udalerrietan bizi direnei zuzendua egonik.

Emaitzak honela laburbiltzen dira: herritarrentzat informazioa eskasa izan da, heren batek ez daki bere udalerritik pasako dela eta jende askok ez daki zein den bere udalerria zeharkatuko duen ibilbidea; proiektuak herritarren bizitzetan eragingo dituen inpaktuen ezagutza urria da; herritarren pertzepzioa da parte-hartze mekanismoak ez direla sustatu; informazioa baloratzerakoan uste dute partziala izan dela; AHTren erabilpena testimoniala izanen litzateke; eta, posizionatu ahal izateko, herritarrek informazio gehiago behar dute (ikus GARA, 2007-03-08, 2-3 or.; GazteSarea atarian ikerketa-txostena dago). Galdeketaren emaitzek komunikazio-aldia bukatutzat eman eta orain eraikuntza-aldia defendatzen duen posizioaren ahulezia erakusten dute.

Kezkaguneak. Dena dela, herritarren pertzepzioen inguruko azterketa orokorrak eta ikerketa zehatz hori gurutzatzen baditugu, ondorio konplexuagoak ere topatzen ditugu. Lehenik eta behin, ez dago korrelazio bat ezagutza mailaren eta jarrera positiboaren artean; aldekotasunaren motiboak bi dira: ezagutza falta edota interes ekonomikoa; kontrara, jendeak proiektuaren dimentsio-aniztasuna kontsideratu eta horren gaineko informazioa eskuratu ahala, inpaktu negatiboen gaineko kezka hazi egiten da. Bestalde, proiektu batez hitz egiten denean, irabaziak eta galerak ezin daitezke modu arrazional batean bereizi eta konparatu; asko dira eskualdatze-ekonomikoa inposiblea egiten duten kezkak eta inpaktuak; eta, oro har, jendeari axola dizkion ondorioak ez dira inpaktu teknikoak, baizik eta nagusikiago beste ondorio zabalagoak, hala nola, proiektuaren motiboak, bizitza-eredua, naturaren errespetua, eragileen helburuak eta instituzioen jokabideak. Hirugarren ondorio bezala, azkenik, diskurtso teknologikoa aipatu beharko litzateke: azpiegitura/teknologia bat praktika sozial bat da, promesa eta ikusminek hornitua, subjektibotasunak eratzen ditu eta bizitza-moduen eboluzio bat irudikatzen du.

Azken horri dagokionean, alde batetik, azpiegitura baten iruditeria positiboa sustatu behar da eta horretarako instituzioek beren interesak diskurtso ekonomikoarekin eta ongizate sozialarekin biribiltzen dituzte; bigarrenik, instituzioen hitzaldia beteko bada eta azpiegitura/teknologia bat efizientea izatera helduko bada, azpiegitura hori txertatuko den testuinguru soziala, materiala eta kulturala ere ikusmin haietara egokitu behar dira: ehun produktiboa, sektoreen antolatzea, azpiegitura, lurralde antolamendua, eredu sozial eta ekonomikoa, besteren artean. AHTk maila eta izaera desberdineko inpaktuak ez ezik, testuinguru oso baten egokitzapena behartzen du. Teknologia bat «efizientea» izango bada, testuinguru oso batek hartara egokitu behar du. Hortik ere uler genitzake AHTren inguruko erakunde-politikak eta oposizio soziala; motiboak, helburuak eta ondorioak arretaz ikertu behar dira: AHTren aferak frogatzen duen bezala, proiektuaren inguruko gatazkan bizitza-eredu desberdinen arteko talka bat irudikatzen da.

Konklusio batzuk. Bi dira arreta merezi duten ondorio nagusiak. Lehena da herritarrek ez dutela behar adina informazio eta beraien pertzepzioa da instituzioek ez dutela proiektu estrategiko bati dagokion adinako eztabaida irekia eta plurala sustatu. Horrek demokrazia baten arazo funtzionalak erakusten ditu. Bigarren ondorioa lehenengoaren interpretazio bat egitetik aurrera genezake, eta arazo sustantiboak irekiko lituzke. Proiektu bat proposatzean, eztabaidatzean eta akordatzean ez da aski alde batek beste aldeari informazioa helaraztea; AHTri dagokionez, gainera, informazioa ere ukatu egin da, oro har inpaktu zein motibo printzipalak ezkutatzeagatik. Azkenik, datu argigarri bat: herritarrek duten informazio bakana nekazaritzan eta ingurumenean izango dituen inpaktuekiko ezagutzan datza, eta hori da hain zuzen ere AHT Gelditu! Elkarlanak urteotako dinamikarekin jendarteraturiko mezuetako bat.

Nolanahi den, nabarmendu beharrekoak ez dira herritarren pertzepzioak bakarrik. Proiektu batek funtzio sozial bat jokatzen du, jendartea eta herri baten azpiegitura osoa hartara baldintzatzen dira, eta oro har proiektua interes eta kultura (burokratiko, ekonomiko eta akademiko) zehatzek sustatua dago; AHTren kasuan oso nabarmena da eragile batzuen arteko interes-konbergentzia, baina gainera instituzioek horren gestio publikoa onartu dute. Arrazoi horiek dira, ordea, informazio erreala mozorrotzearen zergatia; azpiegitura horren eraikitzeak irabazi ekonomikoak banatuko lituzke, baina gainera bere printzipio-gida ere ekonomikoa da. Hori da proiektu estrategiko honen funtsa, motiboa eta helburua. Ekimena herritarrak alboratuz garatzeko asmoa dago, beste egoera batean proiektuaren bideragarritasuna ezbaian ipintzeko arrazoiak, oposizio soziala eta proiektu alternatiboak egongo diren ebidentzia dagoelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo