GARA > Idatzia > Kultura

«Mediterraneo inguruak» ekarri ditu Rosa Torresek Ekain galeriara

Rosa Torres artista valentziarrak erakusketa berria inauguratu du egunotan Donostiako Ekain galerian. Mediterraneo inguruko paisaiak aurkezten ditu bertan, baina, berak aitortu bezala, paisaiarena «aitzakia baino ez" da, finean koadroaren konposizioari erreparatzen baitio beti: «Forma eta lerroen konposizio bat dira; estruktura eta elementu piktorikoen konposizioa da aurkezten dudana". Koloreak ikertzeko duen zaletasuna ere erraz nabari daiteke artelanetan.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Ostegunaz geroztik, eta datorren maiatzaren 2a bitartean, Donostiako Ekain galerian Rosa Torresen (Valentzia, 1948) azken artelanak ikusteko aukera dago, «Mediterraneo inguruak» izenburupean.

Nolanahi ere, artistak ez ditu ohiko paisaia hutsak aurkezten bere koadroetan. «Paisaia niretzat aitzakia moduko zerbait da koadroen konposizio zehatzak erabiltzeko. Hau da, kasu honetan Mediterraneoaren gaia izan da, bai, lanean hastera bultzatu nauena, beti behar izaten delako gustuko duzun gairen bat lanari ekiteko. Baina, ez dira ohiko paisaiak», azaldu dio GARAri valentziarrak. Alegia, bere esanetan, «finean batik-bat irudi geometrikoen -karratuak, laukizuzenak, lerroak...- bitartez egindako eraikuntzak dira horiek. Lerro eta formen konposizio bat dira, eta garrantzitsuena estruktura eta elementu piktorikoen konposizioa bera dira. Koadroak konbinazio gisa funtziona dezake, kolore eta formak tartekatzen dituena, eta gehienetan kolore oso bizi eta distiratsuekin».

Izan ere, Rosa Torresek aitortu duenez, «asko gustatzen zait kolorearen gainean ikertzea. Formak eta koloreak ahalik eta gehien eskematizatzen saiatzen naiz beti, eta uste dut koadro batean hiru kolore sartzen baditut horiek askoz gehiago ikusten direla 30 bat sartuko banitu baino. Hemen aurkezten ditudan koadroak oso biziak dira kolore aldetik, eta kolorearen indarra gehiago nabarmentzeko kolore beroak hotzen aldamenean paratzen ditut beti».

«Zaila da nire lan hauek azaltzea -erantsi du-. Baina, ez dira ohiko moduan ulertzen ditugun paisaiak. Zuhaitz bat agertzen bada, adibidez, nik agian hori laukizuzen batean bilakatzen dut gero. Baina beti abiatzen naiz errealitateko irudi batetik, argazki bat edota irudi piktoriko batetik, esaterako. Eta, horretan lan egiten dudan heinean, sinplifikatzen joaten naiz irudia. Horregatik, uste dut erakusketa honetako kuadroetan ongi ikusten dela prozesu hori».

Ekainen ikus daitezkeen «paisaia» berezi horietan zenbait serie ageri da. Esaterako, horietako bat Siziliako kostaldeko paisaiei eskaini die Torresek, eta beste bizpahiru lanek Penyagolosa (Castelló) dute ardatz, -artistak etxe bat du bertan-.

Poetekin elkarlanean

Bestalde, Valentziari ere egiten dio keinurik artistak. Hain zuzen ere, lau poeta valentziarrekin «Mediterrania» izeneko egitasmo batean aritu zen lanean; margolariak lau serigrafiako karpeta bat egin zuen, eta berriki Bruselan aurkeztu. Azaldu duenez, «azken obrak serigrafien karpeta horrekin du harremana. Valentziako gaiak dira, oso enblematikoak, eta gehienbat poetek hautatu zituztenak, ni haiek esandakora moldatu naiz-eta. Elkarlan haren emaitza da koadroen azken seriea».

«Gaiak aukeratzerakoan, nik serieka egiten dut lan. Lehenengo hautatutako gaiaren bozetoak egiten aritzen naiz, eta gero, oso dudatia naizenez, bat bakarra aukeratu ordez, hamar bat marraztu eta gustukoenak hartzen joaten naiz. Horregatik ageri dira hemen gai bereko hainbat serie eta koadro», esan du.

Valentzian jaio arren, 20 urtez bizi izan zen Torres Laudion. Aitak ere Arte Ederrak ikasi zituen, eta irakaslea zela destinatu zuten Laudiora. Bilbon hasi zituen ikasketak alabak, baina, 60-70ko hamarkadan ez zen Arte Ederreko eskolarik Euskal Herrian, eta Valentziara jo behar izan zuen. Bertako «abangoardiarekin» erlazionatzen hasiko zen orduan; 30 bat urte daramatza lanean.

Fitxa

Tokia: Ekain Arte Lanak.

Iñigo, 4. Donostia

Datak: Martxoaren 29tik maiatzaren 2ra bitartean.

Ordutegia: 11.30etik 13.30ak arte, eta 17.30etik 21.00ak arte, igandeetan izan ezik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo