GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Horixe bakarrik falta zaio

Tony Blairri Falkand edo Malvinetako Gerraren 25. urteurrena mingostera, besteak beste, etorri da Xat al Arabeko hamabost soldadu ingelesen atxiloketa. Ez dakit bestela ere «balentria» hura ospatzeko gogo handiegirik izango ote zuen, baina bi gertaeren arteko berdin/ezberdintasunak bilatzea ariketa tentagarriegia da edonorentzat... eta sumingarriegia Erresuma Batuaren aintzaren zaindarientzat. Sic transit...

Barregarrikerietarako aukera ere izan daitezke honelakoak, ordea. Eta hara nazioarteko arazoetan Aznarren aholkularia izandako Bardají-ri otu zaiona: «Duela mende bat, M.A. el Raisuli gaizkile marokoarrak Ion Perdicaris iparramerikarra bahitu zuen burugabeki. Une hartan AEBko lehendakari Teddy Roosevelt-ek zazpi gerraontziz osaturiko flotatxoa eta marine talde bat bidali zituen eginbide bakarra zutelarik: `Perdicaris bizirik edo Raisuli hilik'. Eta Perdicaris bizirik eta onik askatu zuten». Ehun urte geroago Mendebaldearen ahuleriak eta bestelako egoerak zilegitzen dituen kexuka jarraitzeko, jakina.

Alajainkoa, Pertsikoan Perdicaris kasuaren antzeko zerbait agertzea bakarrik falta zaio orain Blairri! Benetako istorioak ez baitu Bardajík aditzera ematen duenaren tankerarik ere. 1904an Raisulik bahitu zuenean, Perdicaris, jatorri greziarreko diruduna, ez zen estatubatuarra; eta urteak zeramatzan Tangerren maitemin kontu dibertigarri bategatik. Marokoko sultanari aldaketak exijitzeko bahitu zuen Raisuli matxinoak... eta Perdicarisek gogotik egin zuen bat bere bahitzailearekin, Stockholmeko sindromearen berri ez zuelako edo, beste batzuen ustez, aurrez dena adostua zutelako biek. Are gehiago: Frantzia eta Erresuma Batuak ere sultanari eskakizun bertsuak inposatzeko aprobetxatu zuten abagunea. Eta azkenean, Raisulik nahi zuen guztia lortu zuen.

Estatu Batuetan hauteskunde urtea izanik, pasadizoa lotsagabeki aprobetxatu nahi izan zuten Roosevelt eta Hay barregarri geratu ziren nazioartean. Aipatu kontsigna Chicagoko Konbentzio Errepublikarrean baino ezin izan zuten erabili... Perdicaris bere etxera itzulita zegoenean. Harez geroztik, oportunismo politikoak erakarritako barregarrikerien eredutzat hartu ohi da pasadizoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo