Heineken Kopa
Europako aukerak ihes egin du
Biarritzek partida eskasa egin zuen. 6-0 aitzineratu zen Yachvilik gauzatutako bi zigor-kolperi esker, baina gero lapurtarrek erasoan egindako huts bat aprobetxatzea nahikoa izan zuen Northamptonek garaipena erdietsi ahal izateko
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Biarritzek kolpe latza hartu zuen atzo Europako Kopatik at geratuta. Lapurtarrak faborito garbiak ziren. Etxean jokatzen zuten, aurten bi aldiz irabazi zien ingelesei, eta, gainera, Northampton Ingalaterrako Ligako azkeneko postuan zeuden. Zuri-gorriek, ordea, partida eskasa egin zuten, eta erasoan galdutako baloi bat aprobetxatzea nahikoa izan zuten kanpokoek garaipena erdiesteko.
Egia da epaileak egindako lana ere ez zela bikaina izan, baina aitzakietan sartzea alferrikakoa da, galdu bazuten beren errua izan baitzen. Ez zuten asmatu ingelesei aurre egiten, eta sei puntu bakarrik eginda, oso zaila da partida bat irabaztea.
Hala ere, partida irabazteko prestatuta zegoen atzo. Zelaia gainezka, harmailetan ia ingeleseik ez, aurrera egiteko itxaropen handiegirik ez baitzuten. finalerdiak ere etxean jokatu behar zituzten lapurtarrek, lehen faseko talderik onena izan zen. Beraz, inor gutxik uste zuen atzo ez zutenik irabaziko, baina horrela gertatu zen. Hala ere, okerrena ez da hori, errezeloa geratu baitzen zale guztien artean aurkariek ezer egin gabe irabazi zutelako .
Lehen zatia ez zen ona izan. Hastapeneko minutuetan, ingelesak izan ziren baloiaren jabe, eta saiatu ziren lapurtarren entsegu marrara heltzen, eta izan zuten aukeratxoren bat, baina euskaldunen atzealdea sendo ibili zen, eta ez zuten aparteko arriskurik bizi izan.
Apurka-apurka, ordea, etxekoak nagusitzen hasi ziren, eta baloiaren jabetza hartu zuten. Hala ere, asko kostatzen zitzaien kanpokoen atzealdea gainditzea. Gobeletek eta Harinordokik izan zituzten gertuen Biarritzen entseguak, baina azkeneko momentuan Northamptonen atzelariak ezerezan utzi zituzten jokaldiak.
Horrelakoetan ostikoen bidez egin behar izaten dira puntuak, baina Biarritzek bi besterik ez zituen izan. Lehenengoan Yachvilik ez zuen asmatu, eta bigarrengoan, lehen zatiko azkeneko jokaldian, jaurtitzaile lapurtarrak ez zuen hutsik egin, eta 3-0koarekin joan ziren atseden hartzera, ez baitzegoen beste ezertarako tarterik. zailena egin zutela ematen zuen, markagailuan aitzineratzera. Gainera, lehen berrogei minutu horietan ingelesek ezer gutxi erakutsi zuten, eta inork pentsatu ere ez zuen egiten partida irabaziko ez zutenik.
Ezuste handia
Bigarren zatian kanpokoak gogotsu zelairatu ziren, eta une askotan baloiaren jabe izan ziren, eta entseguren bat egiteko ere aukera izan zuten, lortu zutena egin aurretik.
Hala ere, lapurtarrek bi aukera izan zituzten zigor-kolpei esker. Lehenengoan, Yachvilik langara bota zuen, baina bigarrengoan ez zuen hutsik egin, eta 6-0koa jarri zuen markagailuan.
Bazirudien dena erabakita, edo bideratuta zutela lapurtarrek, baina ez zen horrela izan. Biaritzek gauzak zeuden moduan agian jokoa lasaitzen ahalegindu behar zuen, baina norgehiagoka erabakitzeko hautua egin zuen, eta hutsegite bat tarteko, finalerdietako txartelak ihes egin zuen.
Markagailua alde izanda, gainera, inegelesak dezente kikildu ziren, eta zuri-gorriek horixe aprobetxatu nahi izan zuten kanporaketa erabakita uzteko, eta horretara abiatu ziren.
Eraso batean, ordea, Dimitri Yachvilik baloia galdu zuen, eta Kyddek harrapatu zuen bere zelaian. Korrikaldi latza egin zuen, baina euskaldunen atzealdea ere aurrean zebilenez, inor ez zuen aurrean topatu, eta entsegua egin zuen. Spencerrek ez zuen transformazioan hutsik egin, eta 6-7koa jarri zuen markagailuan. Orduan heldu zen urduritasuna harmailetara, eta partidak ihes egin zezakela ere ohartzen hasi ziren.
Erreakzionatzeko bazegoen astia, baina presa sartu zen euskaldunen artean, eta ingelesak, berriz, atzean ongi itxi ziren. Biarritz saiatzen zen entseguren bat lortzen, baina ezinezkoa zuten Northamptonen atzealdea gainditzea.
Saiatu ziren faltaren bat ateratzen ere, baina hori ere ez zen lortzen, eta azkenik Bosch argentinarra saiatu zen drop batekin, baina hori ere ez zen barrura joan. Azkenean denbora agortu zen, eta garaipena ezustean lortu zuen eta Northamptonek, Biarritz finalerdietatik at utzi zuten. London Wasps izango da Northamptonen hurrengo aurkaria.
Amaiera tristea
Atzoko partidaren amaiera horrelakoa izango zenik inork ez zuen uste. Aurreko bi urteetan festa giroa nabarmendu da harmailetan, baina atzo ez zen horrela izan. Txisturen bat edo beste ere entzun zen, baina igelesen kantuak gailendu ziren, eta zale zuri-gorriek harmailak uzteari ekin zioten.
Zelaian, berriz, tristura izan zen jokalari zuri-gorrien artean, baina kiroltasuna nagusi izan zen, eta lehen sustoa pasatu ostean, denak iladan jarri ziren ingelesei zorionak emateko, eta hori, behintzat, zaleen txalo artean hartu zuten.
Europako Kopa amaitu da Biarritzentat, eta hori kolpe latza izan da, hasieran bi lehiaketak irabazi egin nahi zituzten, baina jadanik batetik kanpo geratu dira. Orain Liga geratzen zaie, baina finalerdietan sartu ahal izateko lehenengo lau postuetan sartu baharra dauka. Halere, gauzak dauden bezala ez dirudi lantegi erraza izango denik.
Oraingoz, bosgarren postuan daude, eta besteen menpe daude. Atzoko partida ikusi ostean, gainera, zaleen zalantzak ugaritu egin dira, eta ez da harritzekoa. Ez dira denboraldi ona egiten ari, eta atzo ere aurtengo partida askotako itxura kaskarra eskaini zuten. Azkar hobetu beharra daukate, bestela Ligako finalerdietatik kanpo geratzeko aukera asko izango baitira.
Patrice Laguisquet triste agertu zen prentsaren aurrean, eta ez zen gutxiagorako, kolpe handia izan baitzen atzoko porrota. «Alde batetik lur jota nago,eta bestetik haserre ere bai. Galdu ezin genuen partida zen hau, eta azkenean Europako Kopatik kanpo gaude», esan zuen
«Baloiaren jabetza erabat gurea izan da, baina ezin izan dugu aukerarik sortu, eta horrela ezin da irabazi. Gainera huts baten ondorioz egin digute entsegua, eta azkenean esku hutsik geratu gara. Gertatu denagatik oso triste gaude», azaldu zuen
Paul Graysonek, Northampton taldeko entrenatzaileak ,bestelako aurpegia zuen, beraiek ere ez baitzuten kanporaketa gainditzeko itxaropen gehiegi, eta azkenena finalerdietan dira: «Oso gustura nago egin dugunarekin. 100 aukeretatik, irabazteko bakarra izango genuen, eta hori aprobetxatu egin dugu. Ustez, Biarritzek arazorik gabe irabazi behar zuen partida, baina guk egin dugu hori. Talde osoak egindako lanarekin oso gustura ngo. Azkeneko minutuetan ere denek nola lan egiten zuten ikustea ederra izan da. Orain London Wasps izango dugu, eta zaila ikusten dut haiek gainditzea, baina gaur irabaztea ere horrela ikusten nuen eta egin dugu», esan zuen.
Benoit August, Biarritzeko jokalaria, triste agertu zen amaieran: «Guretzat kolpe latza izan da. Inork ez zuen uste etxean jokatuta, eta aurten bi aldiz irabazi diogun talde baten aurka galduko genuenik, baina horrela izan da. Ez gara azkarrak izan, eta ezin diogu eskarmentu faltari aitzakiarik bota, ez eta beste ezeri ere, errua geurea da. Orain ligako finalerdietan sartu beharra daukagu», esan zuen.
Damien Traille ere ez zegoen oso gustura: «Agian errazena epaileak egindako lanaz hitz egitea da, baina ez litzateke justua. Galdu badugu, gure errua izan da, eta kito. Ez dugu behar bezala jokatzen jakin izan. Gure helburua Europako Kopan eta Ligan finalerdietan izatea zen, gutxienez, eta lehiaketa batetik kanpo gaude. Ligan ezin dugu hutsik egin», aitortu zuen.
Cristian Labit, Northamptoneko jokalaria oso gustura zegoen. «Lan handia egin dugu, talde handi bati irabazi diogu, gainezka zegoen zelai batean, eta honek konfiantza hartzeko ere balioko digu».
Euriak eten gabe aritu arren, Anoeta eta inguru guztiak zuriz eta gorriz jantzi ziren Biarritz taldea animatzeko asmoarekin. Goizean goiz abiatu ziren lapurtar asko Gupuzkoako hiriburu aldera, eta 11.00etarako, Anoeta estadioko ingurune guztia hartua zegoen, baita Illunbeko zezen-plaza ingurua ere. Kalean ibiltzeko ez zen giro aproposa, eta asko eta asko estalkiekin etorri ziren, eta nonahi ikusten ziren zale lapurtarrak hamaiketakoa egiten. Anoetako estadio txikiko tribuna hartu zuten askok goiza aterpean pasatzeko, eta beste asko, berriz, ingruan jarritako tabernetean sartu ziren. Hori bai, ingelesak, banaka batzuk besterik ez ziren ikusten, etorri ere gutxi egin baitziren.
J.L.