Berezkoen Binakakoa
Paxkal Ezkurra finalerdiak jokatzeko adina ez du egin
24 kintze egin behar zituzten, eta erdiak eginda geratu ziren
Jon LEUNDA | BAIONA
Paxkal Ezkurrak ez du Binakako txapelik jantziko, finalerdietatik kanpo geratu baita. Ezuste latza jaso zuen. 24 kintze nahikoak zituen finalaren atarikoan izateko, baina 12 egin zituen.
Paxkali asteburua oso gaizki atera zaio. Hasteko, ostiralean bertan, Olivier Larretxeak min hartu zuen. Zuraidekoa pilotari profesionala izateaz gain, baserritarra ere bada, eta behi batek min eman zion, eta denboraldi baterako trinketetatik at utzi zuen. Azken unean, presaka, Francis Karrikartek bete zuen bere lekua
Ez dakigu hori izan zen arrazoia edo ez, baina Urruñako atzelariak aspaldian egin duen partidarik txarrena egin zuen. Egia da Larretxeak Karrikarti, gaur egun, koska bat kentzen diola, baina hori ez da 12 kintzetan geratzeko arrazoi bakarra izan. Azken batean, Karrikartek bere lana egin zuen, baina ez Ezkurrak, bere mailara gerturatzen ere ez baitzen hasi.
Egia da baita ere, Waltarik eta Etxetok oso partida ona egin zutela. Badirudi, orain dela bi aste Waltarik jasotako kritikek mesede egin ziela, atzokoak ez baitzuen ordukoarekin zerikusirik izan. Oso azkar aitzineratu ziren, eta 18 minututan 10-1 aurretik ziren gero irabazi zuen bikoa. Horrek min handia egin zien aurkariei, eta hortik amaiera bitarte ez zuten asmatu.
Waltari izan zen partidako onena. Kubatarra ongi aritu zen eta sakatu ere oso ongi egin zuen, guztira 15 kintze lortu baitzituen hasierako jokaldiari esker, ia erdiak. Etxetok, berriz, oso partida lasaia izan zuen. Ezkurrak ez zuen bere jokoa eskaintzen, eta lapurtarrak erraz menderatu zuen. Aurrean, berriz, Karrikartek ezer gutxi egin ahal izan zuen. Larretxea ordezkatzea oso zaila zen, eta gainera Waltariri dena atera zitzaion. Azkenean inork uste ez zuen emaitza eman zen, eta Paxkal Ezkurra kanpoan geratu da.
Partida ederra
Atzo Armendaritzen jokatu zen norgehiagoka, berriz, oso polita izan zen. Ibarrolak eta Kurutxarik garbi utzi zuten lehen jardunaldian eskaini zutena baino askoz ere gehiago eskaini dezaketela.
Neurketa gogorra izan zen hastapenetik amaierara. Hiru berdinketa izan ziren, baina 16-16 egotetik irabazleak 25-16ra joan ziren, eta hortxe hasi zen neurketa erabakitzen. Gero, bi bikoen artean hutsik gehien egin zuenak galdu zuen. Ibarrolak eta Kurutxarik 24 pilota galdu zituzten, eta irabazleek, berriz, erdia.
Beraz, azkenean gakoa hortxe egon zen. Sorhuet oso ongi aritu zen aurrean, baita atzean Ozafrain ere. Azkenean orain haiek bihurtu dira txapela lortzeko faborito nagusiak, baina gertatu direnak ikusiz gero, zaila da faborito nagusiak zein diren esatea.
Bergara
Eugi-Elkoro 22 / Capellan-Zubieta 16; Irujo-Nalda III 22 / Chafee-Pascual 12; Baleztena-Arruti 11 / Larralde-Apeztegia 18.
Baiona
Waltari-Etxeto 40 / Larretxea-Ezkurra II 12.
Armendaritz
Ibarrola-Kurutxari 35 / Sorhuet-Ozafrain 40.
Olazti
Arretxe 2 / Gorriti 0 (10-3 eta 10-1); Mikel 2 / R.Larramendi 1 (10-5, 7-10 eta 5-0); Amarika-Elola 2 / L.Aldai-Errandonea 0 (10-4 eta 10-6); Antxia 2 / Urdaniz 0 (10-1 eta 10-6); Nagore 2 / Altuna 0 (10-1 eta 10-3); Alustiza-Armendariz 2 / Bengoetxea VII-Zabala 0 (10-3 eta 10-5).
Galarreta
Ibarzabal-Aizpurua II 31 / Gorriz-Olazar 35; Altuna I-Eizagirre 33 / Bitoria-Urrutia 40; Sarasua-A.Lekunberri 40 / Agirresarobe-Badiola 25; Urriza-Urko 30 / Iribarren-Astibia 29.
Bera
Etxeberria IV-San Miguel 35 / Matxin IV-Ion 31; Zeberio II-Agirrezabala 40 / Matxin III-Lizaso 33.
Elgeta
Esnaola 22 / Irañeta 18; Aurtenetxe 20 / Landilibar 22; Araña 22 / Urrutia 11; Mayo 8 / Bilbao 22; Arangoa 15 / Otxoa 22; Loidi 10 / Iturbe 22; Angita 22 / Erreka 17; Atxotegi 22 / Armendariz 4; Larrañaga 22 / Urberuaga 9.
Aramaio
Dorronsoro 22 / Urteaga 14; Muro 11 / Urmeneta 22; Aranburu 22 / Agirre 14.
Matiena
Urbieta-Iturriaga 18 / Madariaga-Bereau 5; Alberdi-Perosanz 16 / Juanenea-Madariaga 18; Zaraton-Martin 8 / Barberena anaiak 18; Olaeta-Gojenola 13 / Iraola-Otegi 18.
Zaramaga
Egiguren-Galartza 22 / Etxeberria-Lana 6; Lopez-Prados 5 / Olaetxea-Arzelus 22; Rico-Bilbao 22 / Irurita-Soto 13; Carballo-Azkarate 9 / Muguruza-Larrañaga 22; Viana-Aleman 16 / Xabi-Perez 22; Barberena-Jauregi 22 / Galartza-Barrenetxea 18; Flores-Agirre 17 / Urrizelki-Iruarrizaga 22.
Beotibar-Tolosa (16.30)
Arizmendi / Apezetxea; Titin III-Zubieta / Gonzalez-Goñi III; Del Rey-Urberuaga / Altzugarai-Elkoro.
Donibane Garazi (17.00)
Ezkurra-Lazkano / Karrikart-Dermit R.
40
12
40
35
Ligaska amaitu da, eta Berezkoen Binakako bigarren fasea ere bai. Lehen multzoan, Waltari-Etxeto izan da onena, eta Etxeberri-Istillarte bigarren, eta horiek izango dira finalerdietan. Larretxea-Ezkurra geratu dira kanpoan. Bigarren multzoan, berriz, Sorhuet-Ozafrain izan dira onenak, eta Idiart-Dermit bigarrenak. Ibarrola-Kurutxari kanpoan geratu dira.
Finalerdietan, Waltari-Etxeto Idiart-Dermiten aurka neurtuko dira, eta Sorhuet-Ozafrain, berriz Etxeberri-Istillarteren aurka. Finalera iristeko, gutxienez bi partida irabazi behar dira. Lehen jardunaldia Pauen eta Donibane Garazin izango da.