GARA > Idatzia > Bruesa

Maila bikaina eman arren, galtzaile berriz Fuenlabradan

Oso ondo jolastu zuten Fisacenek lehenengo eta hirugarren laurdenan, baina ezin izan zuten Solanarekin. Devin Smithek orkatilan min hartu zuen gainera

FUENLABRADA 89

BRUESA GBC 82

Arnaitz GORRITI | DONOSTIA

Kontzentrazioz gainezka jokatu zuten uneetan irabaztea posible zela sinetsarazi zuten atzo eguerdian Bruesa GBCko jokalariek. Hala ere, kontzentrazioa ez zuten une oro mantendu eta Fuenlabradaren aurka galtzaile atera ziren donostiarrak. Horrezaz gain, Devin Smithek orkatilan min hartu zuen.

Porrot horren ostean Porfirio Fisacek zuzentzen duen taldeak LEB Ligara jaisteko postuetan darrai. Dena dela, donostiarrek behin betiko komentziturik behar dute gauza batez: atzo bezala jokatuz gero, derrigor iritsi behar direla garaipenak, Illunbetik kanpora aspaldiko partidarik borobilena jokatu baitzuten Alta Gestion Fuenlabradaren aurka.

Bapo ekin zion Gipuzkoako taldeak neurketari. Nacho Ordin antolatzailearen eskutik, 14 puntu saskiratu zituen aurreneko hamar minutuetan, eraso joko alaia eta egokia egiten, aurrea hartu zuten donostiarrek markagailuan. Hala, lehenengo laurdena 20-26 amaitu zen.

Smithen lesioa

Goitik behera aldatu zen partida bigarren laurdenetik aurrera. Luis Casimirok entrenaturiko jokalariak askoz egokiago jokatzen hasi ziren, Andres Miso eta Françesc Solanaren eskutik batez ere. Bestalde, gipuzkoarren defentsa larregi bigundu zen, Pavlidis eta Doblasek behar baino indar gutxiago erakusten baitzuten atzean.

Hala, albisterik txarrena erasoan iritsi zitzaien donostiarrei. Barneraldi polit bat egin zuen Smithek eta jauzi eginda saskiratze on bat lortu. Zoritxarrez, lurreratzean aurkari baten oina zapaldu eta orkatila okertu zuen. Han amaitu zen neurketa. Taldekideek ere kontzentrazioa galdu eta ongi jokatzeari utzi zioten. Atsedenaldira markagailua 50-41 zela iritsi ziren.

Ez zen askoz hobeto hasi hirugarren laurdena. Mulaomerovicek falta tekniko bat egin zuen eta markagailua 54-41 jarri zen minutu eskas batean.

Neurketak erabakita zirudien, baina ez zen hala. Mulaomerovic bere buruarekin haserretu eta joko maila aparta erakutsi zuen. Horrezaz gain, Fajardo eta Bradleyk, azken horrek batez ere, erasoan erantzukizuna hartu eta, pixkanaka, partidari buelta ematea lortu zuten. Fisacek defentsa ezberdinak planteatu zituen eta azken laurdenera 63-64 aurretik iritsi ziren.

Solana azaldu zen azken laurdenean. Eta epaileak. Katalunirraren lan bikainak, 23 puntu, madrildarrek aurrea hartzea eragin zuen. Gainera, epaileek donostiarren erreakzio ahaleginak moztu zituzten, epaitzeko kriterio ezberdinak aplikatzen. 89-82 galdu arren, Bruesak maila baduela erakutsi zuen atzo.

 
 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo