Oiartzungo ikasgune geologikoaren altxorra
Bidaia zirraragarria geologian barrena
Nola aldatu da Euskal Herriko geologia azken 1.000 milioi urteetan? Oiartzungo Ikasgune Geologikoan bilakaera horren berri izanen du bisitariak. Adibidez, antzina gure lurraldea itsaso tropikal baten ondoan egon zela jakinen du, ur garbi eta epelaren mantapean.
Maider IANTZI
Bankuko lanak tartetxo bat uzten dionean, Jose Anjel Torresek mendira jotzen du arroka eta geruzetan gordetako antzinako arrastoen eta ondasun paleontologikoen bila. «Gaur zein garaitara bidaiatuko dugu? -galdetzen die lagunei-. Jurasikora? Triasikora?». Ez dute urrun joan beharrik izaten, Oiartzun haranak ez baitu Koloradoko Arroila Handiaren inbidiarik. Aro geologiko guztietako arrokak eta metakinak ditu ibaiaren inguruan, gu baino anitzez ere lehenago bizitu ziren animalia eta landareen hondar fosil ugarirekin.
Egun euritsu batean elkartu gara lurraren zientzien maitale horrekin, Ergoien auzoan duten Luberri Ikasgune Geologikoa ikusteko. Migel adiskide nafarra ere berekin dago, fosil bila joateko irrikatzen; baina laborategian aritzearekin konformatu beharko du, ez baita giro mendian hara eta hona ibiltzeko. Gustura ari da luparekin aztarna zaharrei begira, aurkitutako fosilak garbitzen eta geologia liburuak kontsultatuta pieza zein garaitakoa den asmatzen. «Urte gutxi barru erretiroa hartuko dut, eta uste dut hemen erroldatuko naizela -kontatu digu irribarrez-. Horrela buru-belarri arituko naiz gehien maite dudana egiten, ondasun paleontologikoak bilatzen eta zaintzen».
Jose Anjel Torres Luberriko koordinatzailea da, baita Aranzadi Zientzi Elkarteko kidea ere, eta ikasgunera joaten diren bisitariei azalpenak ematen aritzen da. Gaztetxoentzako materiala prestatua dute eta ikastetxeetatik lagun ugari joaten da Euskal Herriko ondasun geologikoa bertatik bertara ikusi eta gozatzera. Sarreran, 1.000 milioi urteetako bidaiaz disfrutatzeko oinarrizko argibideak ematen ditu Torresek. Arroka -lehengai naturala-, minerala -arrokekin lotutako konposizio kimikoa- eta fosila -bizia egon dela frogatzen duen hondar biologikoa, anitzetan arroken barrenean egoten dena- ezberdintzen ditu, ondotik Euskal Herriko arroka talde garrantzitsuenak zein diren erakusteko. Antzina, gurean ere sumendietako arrokak izan zirela ohartarazi digu. Labak sortutako zulo txikiak ditu, Kanarietakoen antzekoak, baina hemengo laba ordukoa baino puskaz zaharragoa da, ehun milioi urte baino gehiago ditu. Baztan eta Malerreka inguruan hain ohikoa den hareharri gorria ere badute Luberrin, bizidunen oinatzekin, baita marga arroka ere, kaltzio karbonatoz eta buztinez osatua, Euskal Herrian ugari dagoena. Torresen hitzetan, azken horiek dira fosil gehien dituztenak. Adibidez, museoan itsas triku bat ikusi dugu marga baten barrenean.
Nafarroako Erribera igeltsuz betea dagoela jakinarazi digu: «Euskal Herria itsaso azpitik atera zenean aintzira moduko batzuk gelditu ziren Araban eta Nafarroan. Pixkanaka-pixkanaka idortzen joan ziren, ordea; eta azkenean desagertu egin ziren. Igeltsua gatzen kondentsazioa da eta aro tertziarioan aintzira handi bat izan zela adierazten digu. Zainzuriz eta fruitu zuhaitzez betetako Erribera aintzira horren hondoan egon zen», azaldu du. Etxalar aldeko ikatz zatiak ere jaso dituzte Luberrin, Larrun mendiaren magaleko mina zuloetatik ateratakoak. Orain dela berrehun milioi urte bizitu ziren enbor handiak pilatu egin ziren, eta horrela sortu ziren materia organiko horiek.
Euskal Herriko arroka zaharrenak presio izugarria jasandakoak dira, eta Iparraldean aurki daitezke, Kanbo inguruan. Granitoa, berriz, Oiartzun, Bianditz eta Lesaka aldean bakarrik dago. Arroka bitxia da, orain 290 milioi urte lurrazalaren barrenetik sortua, pixkanaka-pixkanaka. «Jende askok uste du sumendietatik sortu zela, era bortitzean. Baina granitoa sortzeko prozesua oso motela da, milioika urte iraun dezakeena, lurrazalaren barrutik sortu eta geruzaz geruza joaten baita gaineko arrokak hausten. Une batean gelditu egiten da, eta gogorra denez ez da inguruko bertze material guztiak bezala higatzen», argitu du.
Afrika zirudien Euskal Herriak
Mapa geologikoa ere bada museoko sarreran, Euskal Herriko toki bakoitza zein garaitakoa den azaltzeko. Errate baterako, Bera, Goizueta eta Donibane Garazi inguruko arrokak goi paleozoikokoak dira; 400 milioi urte inguru dituzte. Bertze irudi batzuek geografiaren bilakaeraren berri ematen dute: orain 220 milioi urte Euskal Herriaren zatirik handiena itsasoaren azpian zegoen, eta duela 120 milioi urte Iberiako plaka iparralderantz hurbiltzen eta gune kontinentala jaisten joan zen. Itsasoa ez zen dagoeneko hain sakona eta ura tropikala zen. Horregatik sortu ziren koralezko uharriak, gaur egun itsaso gorrian eta Kariben gertatzen den bezala. Orain dela 40 milioi urte inguru iberiar plakak eta europarrak talka egin zuten, eta akordeoi baten modura tolestu ziren. Hala, antzinako itsaso hondoak mendi bihurtu ziren. Pirinioak eta Euskal Herriko mendiak altxatu ziren. Kataluniako mendiek ez zioten utzi urari Mediterraneora isurtzen, eta Araban eta Nafarroan barreneko itsaso bat sortu zen. Lehortzen eta gatza sortzen joan zen, duela 15 milioi urte inguru beroagatik desagertu zen arte. Garai hartako fosil gutxi dago, «bakailaoa hamar minutuan idortzeko moduko itsasoa zelako». Mendietatik jaisten ziren ur gozoko ibaiek itsaso gaziarekin egiten zuten topo, eta elkargune horretakoak dira bizidunen aztarnak. Errinozeroak zeuden, hipopotamoak, elefanteak, jirafak... Afrika zirudien Euskal Herriak.
Gipuzkoako arrokarik zaharrenak
Sarreratik lehenbiziko aretora lagundu digu Jose Anjel Torresek, bertan baitago gure herriko geologiaren historia, orain 380 milioi urtetik orain milioi bat urte arteko fosil, arroka eta mineralekin. Hurrengo gelan, berriz, Oiartzun haranaren berri ematen die bisitariari. Aiako Harria parke naturalak eta Oarsoaldea eskualdeak zein bilakaera izan duten azaltzen die.
Torresen erranetan, Oiartzun harana Euskal Herriko gunerik interesgarrienetako bat da geologiaren ikuspegitik, hangoak direlako Gipuzkoako arrokarik zaharrenak. Arbel itxurako arroka sedimentarioak dira, Paleozoikoan sortuak, Euskal Herria estaltzen zuen itsasoaren hondoan. Oiartzun eta Irun arteko errepidearen ondoan aurkitu dute orduko fosil aztarnategi bat: eskisto gris-urdinxketan azaldu dira fosilak, kolore berdintsuko kareharri batzuen gainean, eta Gipuzkoako bizidunen aztarnarik zaharrenak dira.
Orain dela 225 milioi urte sortutako itsasertzaren aztarnak daude Oiartzungo Pagolarren, Leungo harkaitzetan eta Urkullun, Irungo San Martzialen, Biriatun, Larrun mendian, Mendaurren, Baztanen, Urdaburun eta bertze hainbat lekutan. Jurasikoko itsasoa duela 180 milioi urtekoa da, eta garai hartan Oiartzun haranaren zatirik handiena urpean zegoen. Horregatik dituzte orduko arrokek molusku eta ornogabeen hainbertze fosil. Orain dela 130 milioi urte, Kantauri aldeko kostaldea altxatu zenean, ur garbi eta harrotuko itsaso epelak estaltzen zituen lur gehienak. Gero, orain 110 milioi urte, Behe Kretazeoa izeneko garaia ailegatu zen, eta orduko konglomeratu eta hareharri zirien geruza ikusgarriak daude Oiartzungo Urkaben, Arkalen, Arraskularren eta Egiarren.
Orain 300 milioi urte igo ziren itsas hondotik Euskal Herriko lehen alde kontinentalak, lurrazalaren astindu zakarrek bultzatuta. Bitartean, 600 graduko magma bat hasi zen lurpetik ateratzen eta Hertziniar orogeniak tolestutako geruzak zeharkatzen, eta duela 280 milioi urte mendiak gehiago altxarazi zituen.
Magma hoztu zenean era masiboan azaleratu ziren arrokak eta batolito, plutoi edo stock granitikoa izeneko egitura eratu zuten. Granitoa hagitz trinkoa eta gogorra denez, higadurak ez zion inguruan eta gainean zituen arroka metamorfikoei bezain gogor eraso eta, hortaz, isolaturik gelditu zen. Orduan hasi zen Aiako Harria gaurko itxura hartzen.
flysch faziea
Metakin gogorren -hareharriak- eta bigunen -lutitak, buztinak- txandaketa du ezaugarri, eta Oiartzungo Txikierdin bidegorrian eta Ugaldetxon ikus daiteke.
ALPETAR OROGENIA
Iberiar plakak talka egin zuen Euroasiarrarekin, eta haren azpira sartu zen. Hala, plaken artean metatutako itsas jalkinak trinkotu, tolestu eta altxatu egin ziren.
Itsas jalkinak altxatu ondotik, orain 40 milioi urte, plaka tektonikoak urtu ziren, Afrikar plakak bultzatuta. Azkenak Iberiar penintsula sakatu zuen, plaka euroasiarrekin betiko ahokatzeraino.
Historiaurrean
Kantauri itsasoa oraingo mailaren azpitik zegoen, eta Oiartzun ibaia oraingo Errenteria, Lezo eta Pasaia herrietatik barrena joaten zen Jaizkibelgo eta Uliako hegaletara.
eskuliburua
Luberri Oiartzungo Ikasgune Geologikoak «Oiartzun Haranaren Geologia Eskuliburua» kaleratu berri du, euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko edukiekin.
Kolorez, marrazkiz, argazkiz eta mapaz betetako lan horretan, museoan ikusi eta gozatu daitekeen ondasun geologikoaren eta paleontologikoaren laburpena egiten da.
Orain dela 600 milioi urteko animalia eta landareei buruzko argibide zehatzak daude museoan, munduko txoko guztietako fosilen ondoan.