Julen Etxeberria Mendiola Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko koordinatzailea
Hizkuntza ereduak gora eta behera
Kanpotik itxura ederreko puxika da eskainitako hizkuntzak irakasteko eta ikasteko hezkuntza markoa, baina, puxika hori puztu beharra dago orain, marko hori edukiz bete beharra dago, eta hemen sortzen zaigu berriro ere kezka
Azken hilabeteotan guztion ahotan darabilgu ikas ereduen inguruko gai hau Hego Euskal Herrian. Aldaketak sumatzen dira: Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban erreforma hotsak entzuten dira hizkuntza ereduen inguruan; Na- farroan, berriz, Foru Gobernuak euskara hezkuntzatik zokoratzeko hartutako estrategiarekin jarraitzen du, egunotan, British metodologia ezartzeko saiakera lekuko. Idatzi honek, lehenik, EAEko egoeraren inguruan gure iritzia azaltzea du helburu. Nafarroakoak atal berezia eskaintzea merezi duelakoan gaude.
Bistan da, eremu horretan orain arte indarrean egon den eredu sistemak ez duela balio izan, legez, duela 25 urte ezarrita zegoen helburua betetzeko, hau da, derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan, EAEko ikasleak elebidun izango zirenekoa. Elebidunak euskara eta euskaraz ikastea lortu duten ikasleak izan dira, baina, zoritxarrez, hirutik bakarra. Beste guztiak elebakar bilakatu ditu gurasoek beraien seme-alabentzako irakaskuntza ereduak aukeratzeko izan duten eskubideak. Hau horrela, guztion zerbitzura egon beharko lukeen oinarrizko hezkuntzak porrot, edota iruzur, egin duela euskara irakasterakoan, are gehiago, jendartearengan banaketa tresna bilakatu dela Euskal Herriko berezko hizkuntza. Beraz, erreforma egitea derrigorrezko gertatu zaio EAEn Hezkuntza Sailari, 2007ko otsailerako gai honen inguruko proposamena ateratzeko konpromisoa hartu zuelarik.
Bitarte horretan, hainbat eragilek eta adituk iritzi ugari kaleratu dute bakoitzak bere eltzea sutara hurbilduz. Sortzen-Ikasbatuazek, bere aldetik, proposamena Euskararen Kontseiluko hezkuntza batzordean era aktiboan parte hartuz egin du, eta bere iritzia azaldu, udazkenean Miramar Jauregian egin ziren jardunaldietan.
Iritsi da bada otsaila, eta baita martxoa ere, eta azaldu du Hezkuntza Sailak ikas ereduen erreformari buruzko proposamena, testu luzea baduena, baina ez elebitasunari, edota zehatzago esanda, eleaniztasunari erantzuna argi emango diona. Kanpotik itxura ederreko puxika da eskainitako hizkuntzak irakasteko eta ikasteko hezkuntza markoa, baina, puxika hori puztu beharra dago orain, marko hori edukiz bete beharra dago eta hemen sortzen zaigu berriro ere kezka, puxika horretan sartzen den airearen kalitatearen araberakoa izango delako, hurrengo urteetan indarrean jarriko den hizkuntza eredua. Momentuz, benetako eztabaida atzeratzea besterik ez dela egin sumatzen dugu. Ozen esan nahi eta esan behar dugu proposatutako testuak, berez, ez duela bermatzen hurrengo belaunaldien euskalduntasuna.
Lehenik eta behin, hizkuntza helburu zehatzak ezartzen dira ikasleek derrigorrezko eskolaldia bukatzen dutenerako: B2 euskarari eta gaztelaniari dagokionez, eta B1 atzerriko hizkuntzen kasuan (ingelesa edo frantsesa). Helburu hori lortzeko eredu bakarra proposatzen da, besteak beste, jendarte kohesioaren alde jokatze asmoz. Horretarako euskara izango omen da irakas-hizkuntza nagusia. Helburuak betetze bidean ebaluazio bateratu objektiboa agintzen du, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukaeran, ikasle orok burutuko duena. Gainera, LHko bigarren ziklo amaieran eta DBHko lehenengo zikloaren bukaeran ere egingo omen dira diagnosi-ebaluazioak. Bukatzeko, Eusko Legebiltzarrak urte amaierarako hizkuntzak ikasi eta irakasteko EAEko marko berriaren Legea egitea eskaintzen du.
Baina honek, aurrez aipatu dugun bezala, ez du berez eleaniztasunik ziurtatzen puntu bakoitza nola garatu eta zehaztuko den jakin gabe:
1) Eredu bakarraren alde egiten du eta inguruaren egoeraren arabera, malgua izango da, ikastetxe bakoitzak izango du bere hizkuntza-proiektua diseinatzeko ahalmena. Badirudi, malgua hitza dela proiektua aurrera ateratzea bermatuko duen hauts magikoa baina, malgutasun honen mugak non ezartzen dituen ez da inon azaltzen eta izan ditzakeen ondorioetan pentsatze hutsak kezka besterik ez digu sortzen. Gainera, ez du aipatzen diseinu honek, zer giza baliabide edo material berezi izango duen. Ez da aipatzen, hizkuntza teknikarien inguruan bere lanak duen, edota izan beharko lukeen, garrantzia eta bitartekorik, gela bikoizketarik edo era horretako neurririk aurrikusten, ez eta ikasle/irakasle ratioaren jaitsierarik. Ez du, eta harritzen gaitu horrek, gaur egungo irakasle elebakarrak non birkolokatuko dituen argitzen eta kontratazio berriak egiterakoan elebidunak izatea lehenesten du. Baina, hau kontrolatzeko bitartekoak beharrezkoak dira.
2) Euskara izango da irakas-hizkuntza nagusia, baina ez bakarra, ordea. Oso desberdina izan daiteke ondorioa eta ugariak aplikazioak hizkuntzen arteko dedikazioari dagokionez, era batera ala bestera hartuta. Ez du horren inguruan aipamenik egiten. Agian, adostasunaren izenean, ordu banaketa hori aldatuz joan ahal izango da (baina, ez dugu uste aldaketa hori euskararen aldekoa izango denik). Bestalde, irakasleez ari gara beti eta hainbat ikerketatan garbi azaldu da ikastetxeak eremu guztiak izan behar dituela euskaldunak, euskaraz bizitzea bermatua izango dela esparru guztietan. Jangelako langileek, atezainek, garraio zerbitzuetan dabiltzanek, garbitzaileek... elebidunak izan beharko dute, beraz.
3) Ebaluazioa proposamenaren ardatz bilakatzen da eta horrela izan behar du. Diagnosia egiteaz gain, ondorioak ere izan behar ditu, bitartekoak behar diren tokietan gehituz eta, egoerak horrela eskatuz gero, ikastetxeak diseinatutako proiektuak errotik aldatuz. Haurrak izango dira ebaluatuak era objektiboan, baina, beste zenbait aldagai ere sartu behar da aipatu ebaluazioan (ikastetxearen antolaketa, euskararekiko talde jarrerak, familien egoera soziokultural eta ekonomikoa, inguruan abian jarritako euskaraz bizitzeko programak, langileria...). Bestalde, 10 urtez luzatu behar badu erreforma honek, hasierako ebaluazioa egitea ezinbesteko jotzen dugu eta ez 12 urte itxaron lehenengo aldaketak egiteko. Lehenengo tarteko diagnosi-ebaluazioa hemendik 6 urtera egingo da. Gure ustez, Haur Hezkuntzaren bukaeran ere egin behar da kanpo ebaluazio hori eta, Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloa amaitzerakoan, tarteko hurrengo ebaluazioa. Ez dezagun alferrik luzatu porrot egoera hau.
4) Beste atal batean irakaskuntza sendotzeko baliabideak jarriko dituela aipatzen du. Derrigorrez, noski. Baina baliabide horien guztien zerrenda osoa atxikitzea falta da. Abian jarri nahi duen erreformak, EAEn hizkuntza ezagutzari 10 urteren buruan izugarrizko onurak ekarriko omen dizkionak, ezin du aurrera egin bitartekorik gabe. Gaur egun, urtez urte beherantz doa hezkuntzari ematen zaion aurrekontuaren ehunekoa eta hau ez da aldaketari ekiteko biderik eraginkorrena: langileria formatu egin behar da (ez linguistikoki bakarrik, baita kulturalki ere); ikasleek euskararen aldeko jarrerak bereganatzeko estrategia desberdinak aztertu eta erabili behar ditugu; metodologia aldetik ahozkotasunari duen garrantzia eman behar badiogu, ikasle ratioa jaitsi egin behar da, ez baita posible ahozkotasuna 20-25 ikasleko geletan lantzea, ordubeteko saio batean, gehienez ere, hiru minutuko tartea eskaini ahal izango diogu eta ikasle bakoitzari; horrek irakasle gehiago kontratatzeko beharra sortzen du, eta, gutxienez, elebidunak izan behar dute horiek guztiek baina, hori kontrolatzeko neurririk ez da aurreikusten; talde bikoizketak egokiak ikusten badira ere, zenbait ikastetxetan ez dagoela hori aurrera eramateko espazio fisikorik kontuan hartu beharra dago; Euskal Curriculuma behar dugu, guztiona eta espezifikoa dena zehaztuko duena, eta gure herriko kulturan oinarritutako curriculuma garatzea ahalbidetuko diguna, eta baita proposatutakoa irakasteko liburu eta material pedagogiko berriaren argitarapena ere...
5) Azkenik, lege aldaketaz ari da, guk ezinbesteko jotzen dugun lege aldaketaz. Ondo, baina, lege berri horrek zein eduki izango dituen ardatz, ez dugu proposamenean ikusten.
Beraz, hasiera besterik ez da Hezkuntza Sailak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean eman duen azalpena, aurreko atalean ikusi dugun bezala, aldeko puntuak ere badituen hasiera, guk aipatzen ditugun hutsuneak ildo horretan osatzen joanez gero. Aurrerantzean egingo diren urratsak jarraitzea ezinbesteko jotzen dugu eta horretan arituko gara buru- belarri hurrengo asteetan Sortzen-Ikasbatuazeko kideak. Ez dugu nahi bukatu, gure elkarlana parametro hauetan mugitzen den edonori luzatzen diogula aipatu gabe.